Urretxuko karrozak, nortasunaren erakusgai ibiltariak
Euskaltasunaren eta euskal kulturaren aldarrikapen jaia da Urretxuko Euskal Jaia. Frankismo betean sortua, karrozen bidez adierazi dute urretxuarrek biziraupen sena.
Ezaugarri bat eman behar baldin bazaie Urretxuko festei, jende askoren gogora karrozak etorriko dira. Igandea kuadrillen aldarrikapen, festa eta erakusleiho horri eskaintzen diote urretxuarrek joan direneko 66 urteetan. Euskal nortasunaren, bertako ohituren eta lanbideen, hizkuntzaren zapalkuntzaren, identitatearen irudiak izan dira –eta dira, gaur egun– karrozak. Oztopoak eta erasanak gainditu behar izan ditu zenbait garaitan, partaidetzaren mehetzearena tartean inoiz. Baina Euskal Jaia berrasmatzen eta berritzen jakin dute, eta irailaren 21eko eguerdian emango du aurtengo uzta.
Aurtengo desfilean 13 karroza aterako dituzte, beste horrenbeste kuadrilla, talde edo elkartek prestatuak. Ohi bezala, gizartean pil-pilean dauden gaiak, arazoak, egoerak eta kezkak islatuko dituzte, idi pare banak tiratuta. Herri kirolak, Aginagako Oleta elkartearen 50. urteurrena, bizikidetza politikoaren aldeko mezua, AHTa eta diru-gosea… Kuadrillek programarako aurreratu duten gaitik atera litezkeen tematika garbienak dira horiek. Beste gainerakoen edukia eta mezua desfilean bertan ikusi beharko da, irudimenez eta poetikaz blaitutako sorkuntzei begira.
Kuadrillak eta karrozak bakarrik ez, askotariko musikariak eta kultur taldeak joango dira desfilean tartekatuta: Lurra dantza taldea, Azpeitiko Itsasi dantza taldea, Urretxuko trikitilariak, Iruñeko Ortzadar dantza taldea, Urretxuko Iratzarri dultzainero taldea, Lizarriturri txistulari taldea, Tolosako dultzaineroak, Dantzaz Dantza taldea, Irrintzi dantza taldea, Secundino Esnaola Musika Eskolako musikariak, Lizarrako Larraiza dantza taldea, eta Bergara, Legazpi, Tafalla eta Urretxuko erraldoiak joango dira ibilaldiaren alaigarri, kuadrilla bakoitzeko trikitilari andanaz gain.
Desfilea 12:00etan Pagoetatik hasiko da, eta bi ordu beharko dituzte Labeaga kalean gora, 14:00ak aldera Gernikako Arbola plazara iristeko. Han utziko dituzte erakusgai ondoren, 18:00ak arte. Gustukoenaren alde bozkatzeko aukera izango dute herritarrek eta bisitariek, lehiaketarako. Sariak 18:30ean banatuko dituzte: epaimahaiarena eta bozketa herrikoiarena.
Artisau azoka goizean
Euskal Jaia ez da, ordea, karrozen desfilea bakarrik. Ia 40 urtean, euskal artisautzaren azoka eta erakusleku ere izan da. 1980ko hamarkadaren hasieran, Euskal Jaia egun osora luzatu zuten –arratsaldean egiten zen orduan desfilea–. Hala, goizean artisau erakusketa antolatzen hasi ziren. Herriko baserritarrek parte hartzen zuten, baserrian egin ohi zituzten eskulangintzak jende aurrean erakutsiz. Sagardo txapelketa ere antolatu zen.
Urte batzuetan goizeko Euskal Jaia, baina galdu egin zen. 1992an, udalak berreskuratzeko ahalegina egin zuen, baina ez zen mamitu. 1993an, Aldiri elkarteak heldu zion erronkari eta goizeko Euskal Jaiaren ardurari, eta 2004an Lekaio elkarteak hartu zuen txanda. Garai bateko baserrietako bizimoduari buruzko monografikoak antolatzeari ekin zioten. Lekaiok zikloa amaitutzat eman zuen 2017an.
Artisauen azokak eta erakusketak betetzen dute orain Euskal Jaiko goiza. Irailaren 21ean, igandearekin, 10:00etan zabalduko dute azoka, Gernikako Arbola plazan. Garai bateko azokaren keinu gisa, idi parea atonduko dute. Ondoren, 11:30ean, uztarri hori Labeaga kaletik Pagoetara joango da, dantzariak eta trikitilariak inguruan hartuta, desfilerako deia zabalduz, handik abiatuko baitira eguerdian.
Urretxuar talde batek 1959an sortutako Euskal Jaia indar betean da gaur egun oraindik. Herriaren argazkiak erakusten jarraitzen du, eta euskal sena, bizimodua eta nortasuna berpiztu nahia urtez urte gauzatzen eta aldarrikatzen. ■
Ibilaldiko karrozak eta partaideak
- 1 THDM kuadrillaren karroza: Eutsi diezaiogun barneko ume ameslariari. Kuadrillaren trikitilariak eta Lurra Dantza Taldea
- 2 Urretxu Zumarraga Herri Kirol Taldea kuadrillaren karroza: Arbasoen indarretik dator gure bidea, haien aztarnetan gure urratsak. Kuadrillaren trikitilariak eta Itsasi Dantza Taldea (Azpeitia)
- 3 Oleta 50 urte kuadrillaren karroza: Oleta 50 urte. Urretxuko trikitilariak
- 4 Oraindik bagara kuadrillaren karroza: Zein da bidea? Ortzadar Dantza Taldea (Iruña)
- 5 Ttak kuadrillaren karroza: Lorontzi izateari utzi ziotenak. ZU Dantzaz Dantza Taldea
- 6 Barunba kuadrillaren karroza: Hari ikusezinak. Kuadrilaren trikitilariak eta Irrintzi Dantza Taldea
- 7 Betiko earrak kuadrillaren karroza: Bertakoa da benetakoa. Kuadrillaren trikitilariak
- 8 Txintxarantxa kuadrillaren karroza: Bidea ez da berehala aurkitzen. Kuadrillaren trikitilariak
- 9 Azkena ta etxera kuadrillaren karroza: Askatu, moztu, lotu, korapilatu?. Secundino Esnaola Musika Eskolako musikariak
- 10 Orain presoak kuadrillaren karroza: Bizikidetzaren, konponbidearen eta bakearen aldeko mezua zabaldu nahi dugu. Larraiza Dantza Taldea (Lizarra)
- 11 TG kuadrillaren karroza: Etxe baten zatiak. Kuadrillaren trikitilariak
- 12 LBDK kuadrillaren karroza: Bizitzaren trenean, oraina da zure eserlekua. Kuadrillaren trikitilariak eta Lurra Dantza Taldea
- 13 AH kuadrilaren karroza: Dirugosea otso-larruz mozorrotzen da