Baserriaren ereintzan sakontzen
Ezkioko Igartubeitira iritsi da ‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketa arrakastatsua, lehenengo euskal baserrien arkitekturan Goierriren aitzindaritza islatzen duena.
Baserria modan dago. Bai arkitektura aldetik, behintzat. Euskadiko Arkitektura Institutuak udan Donostian eduki duen ‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketara milaka ikusle joan dira, elkargo horren zuzendari Jose Manuel Medina legazpiarrak azaldu duenez. «Saiatzen gara programazioan gai lokalak eta herrikoiak ere sartzen, arkitekturaren gai orokorrez gain. Bestela, Arkitektura Eskoletan gelditzen bagara, arriskua da nahiko endogamikoak izatea». Eta lortu dute irekitzea, Ibon Telleria eta Jon Arkaraz arkitektoek eta EHUko irakasleek ondu duten erakusketarekin. Orain, bertsio murriztuagoan izan arren, Ezkioko Igartubeiti baserri-museoko interpretazio zentroan dago ikusgai hilabete batzuetarako.
Bilduma horretan bada mamia, eta badira dendrokronologia ikerketen azken emaitza esanguratsuak. Goierriri zuzenean eragiten diotenak, gainera. Ez bateko eta ez besteko, Euskal Herri osoko Kantauri isurialde guztiko baserririk zaharrenak Goierrin aurkitu dituzte. Oraingoz, ikerketak aurrera segitzen baitu, eta baserrien zuraje, habe eta zutoin zaharrak analizatzeak egun batetik bestera alda baitezake baserriaren kronologia historikoa. Orain urte gutxira arte uste bazen gaur egun oraindik zutik dauden baserri zaharrenak XVI. mendean eraikiak zirela, dendrokronologiak mende bat atzeratu du denbora-tartea.
Hala, Olaberriko Bengoetxetxiki baserria da aztertutako guztien artean zaharrena. 1401ean moztuak dira hura egiteko erabilitako egur-enborrak. Dendrokronologiak, hain zuzen, enborren hazkuntza-eraztunekin datatzen du zur baten antzinatasuna: eraztun kopuruaz gain –urteko bat eransten zaio–, egoera meteorologikoengatik aldatzen diren lodiera eta formazio bereziak erakusten dituzte. Horrela jakiten dute dendrokronologoek enbor bat noiz ebaki zuten, beste lagin datatu batzuk alderaketa-testigu gisa erabilita. Arkeolan fundazioa eta Josue Susperregi dira teknika horren aitzindariak.
Bada beste ezaugarri esanguratsu bat: baserri zaharrenak, XV. mendeko horiek, guztiak dolareak dira. «Horregatik daukate eskala eta tamaina hori eraikinek. Etxearen neurria, dolarearen palankarenarekin lotuta dago. Arkitektura aldetik, bereizgarritasuna eskala da», azaldu du erakusketaren komisario Jon Arkarazek.
Izan ere, «unitate produktiboak» ziren baserriak. Familiaren identifikagarria ere bai, baina printzipioz etxebizitzaren funtzioa lan jarduerarekin eta erabilerarekin lotuta dago.

Altzagako plaza 1915ean, euskal baserriaren egitura ageri duen baserri batekin. / Indalecio Ojanguren (Guregipuzkoa)
Mende aitzindari horretako baserri ugari identifikatu dituzte Goierrin. Bengoetxetxiki Olaberrian, Igartubeiti, Zelaa eta Salete (1449-1478 bitartean eraikia) Ezkion, Gorostitzuaundi Gaintzan, Maizgoena Lazkaon… «Inguruan asko daude, eta Goierrin bertan batzu-batzuk bai. Denak dolareak dira. Batzuk erdi erorita daude, jabeek ez dakite sarritan dolare bat dela ere, eta adituak joaten direnean konturatzen dira», gehitu du Arkarazek. Ikerketan jarraitzen dute oraindik, eta «astero» etortzen dira Goierrira edo inguruko bailaretara, baserriak behatu, eta historia idazteko orri gehiago bilatzera.
Hain zuzen, Urretxu-Ordizia-Tolosa bitarteko korridorea bereziki aztertu dute arkitektoek. Baserrien orientazioan, barne banaketan, eraikuntzen kokaleku motan, bizitegi eremuan «patroi batzuk» errepikatzen dira.
Zergatik gertatu zen XV. mendeko baserri eraikuntzaren loraldia? «Ekonomia indartsu zegoen. Itsas zeharkaldi handien garaia zen, horretarako itsasontziak Euskal Herrian egin zituzten, eta sagardoa beharbada horrekin lotuta dago. Kantauri isurialdean, ekonomia oso ondo zegoen, eta momentu hartan eraiki zituen produkziorako baserri-fabrika horiek». Halako baserriak «milaka» egongo direla uste dute, nahiz eta zientifikoki datatuak eta katalogatuak apur batzuk besterik ez diren.
Etxeak bizitokiago
Lehenik eta behin, arkitekto ikertzaileek baserriaren egiturari erreparatzen diote, behaketara joandakoan. «Pieza bakoitzak bere funtzioa dauka, dena oso konplexua da». Musealizatutako Igartubeiti da baserri mota hauek eta zeuzkan erabilerak ulertzeko eredu egokiena. Sagardo Astean dolare zaharra martxan jarri dute, eta berehala konturatzen da ikuslea hamar metro luzeko eta 3.000 kiloko pisua duen prentsa-habe ikusgarria dela baserri osoaren pistoi-biela, eta motoreak funtziona dezan eraikinaren erdi-erdian dagoen zilindroa dela dolarea.
Erakusketaren lau zatietan aurrera joan ahala –izenburuko egurra, harria, mitoa eta oraina dira atalak–, euskal baserriaren bilakaeran aurrera bidaia daiteke. XV. Mendeko egurretik, hurrengo jauzia XVII.ean gertatu zen. Amerika aurkitzearen ondorioz itsasontzigintza hainbeste ugaldu zen, ezen basorik gabe geratu zen ia eremua. Krisialdi latza eta eraldaketa eragin zituen horrek. «Ez zegoen egurrik, eta zurarekin lotutako ezagutza ere galdu zen. Orduan, baserri-eraikinak harriarekin biltzen hasi ziren. Egurrezko egiturak mantendu zituzten XVII.mendean oraindik, baina kanpoaldeko ingurua harriarekin bilduta».
Arkitektura batzuetan, orduan aldatu zituzten egurrezko oholtzak –Igartubeitin, Bengoetxetxikin eta garaiko etxe-molde haietan dauden etxaurreko estalki bereizgarriak– harrizkoekin edo adreiluzkoekin. Baserriak «domestikatu» egin zituzten, bizileku erosoagoa eta atseginagoa izateko helburuz, kanporantz leihoak irekiz, esate baterako. Produkzio-lanak ere aldatu ziren, eta jada dolaretik oso bestelakoak nagusitu ziren: abeltzaintza, nekazaritza, baratze eta soro lanak… «Ordura arte, baserriak lurralde osoa hornitzeko ziren, eta denborarekin familia hornitzeko bihurtu ziren. Gure irudimenean daukagun baserriaren irudia XVII. mendean eraiki zituzten haiena da».
Beste aldaketa-jauzi nabarmen bat XIX. mendean gertatu zen, Arkarazek azaldu duenez. «Orduan ere beste krisi handi bat sortu zen». Ekonomikoa alde batetik, industrializazioaren etorrerarekin, lurraldearen kutsadura, eta karlistaldien hondamena bestetik. Baserriarekiko kontzeptualizazioa ere aldatu egin zen: «Ordura arte unitate konstruktiboa zen zentroa, eta XIX.ean desbideratu, eta beste bide batetik ekin zioten baserriak eraikitzeari: baserriaren irudia bihurtu zen zentro». Europako Erromantizismo haizeek ekarrita, arkitekturan erregionalismoa nagusitu zen, neobasko korrontea nagusiki.
Baserriak birgaitzeaz
Euskal Herriko baserriak aro aldaketa betean daude gaur ere, beste behin. Funtzio produktiboa galdu dute –ez jada sagardogintzarena soilik, baita bizibidea eta elikagaiak ateratzekoena ere–, eta zutik mantentzea bera bihurtu da askotan erronka. Zer erabilera eman, bestetik. Arkarazek eta Ibon Telleriak, kezka horietatik abiatuta, Landako bizitza tradizionalaren esku hartzea. Azalera inguratzaileen sistemen azterketa eta bere eragina inguruan liburua argitaratu dute aurten, EHUren eskutik. «Baserrien erabileran pentsatu behar dugu. Konfort duna, erosoa izan behar du. Horregatik, nola birgaitu, nola tratatu eta nola mantendu behar diren aztertzen ari gara», esan du Jon Arkaraz bilbotarrak.
Ez baserria bakarrik, haren inguruko paisaia natural, kultural, lanbide eta gainerako etnologia oso bat ere galtzear da. Adibide bat jarri du Arkarazek. «Kultutasunaren seinale da, adibidez, baserriek zein ondo irakurtzen duten lurraldean non kokatu. Bazekiten non altxatu». Mendi-magalen erdi aldean daude XV. mendeko lehenengo baserri haiek ia guztiak.
Birgaitze eta mantentze asmoz, denekin kunpli dezakeen aukera bat baserrietan etxebizitzak egokitzea da, Arkarazen iritziz. «Gipuzkoan milaka baserri daude hutsik edo erdi hutsik, batzuk erorita. Pentsatzen dugu zerbait egin beharra dagoela, eta aukera onena etxebizitzak direla uste dugu».
Ez dago, gainera, nahi beste denbora. Baserri-inguruneak moldatutako eta goxatutako beste «altxor» bat ere jokoan baitago: paisaia. «Baserrietan bizi diren biztanleek zaintzen dute lurraldea. Orain arazoak dauzkagu basoekin, larreekin. Adibidez, egiten ari garen beste ikerketa batean ikusi dugu, adituekin eta baserritarrekin hitz eginda, larreak 20 urtean desagertuko direla, jendea jubilatzen den heinean. Orduan, arazoa handia da». Berdina gertatzen da baserrien arkitektura-balioarekin, edota lanbideekin, langintzekin eta oraindik badagoen jakintza-putzu erraldoiarekin; agortzerik nahi ez bada, premiazkoa da ekintza eta 180 graduko aldaketa. ■
Bengoetxe baserria, teoriaren berrespena