451 biztanle. 2014ko erroldan, ezkiotarrak 451 ziren (Ezkio-Itsasoren %74,1). 2009tik %7,1 igo da biztanleria han. Dentsitatea 36,43 biztanlekoa da, kilometro koadroko. Bi bizitoki eremu nagusi ditu. Ezkion 140 lagun bizi dira: herrigunean 34 eta barreiatuta 106; Santa Lutzian, berriz, 311: herrigunean 74, barreiatuta 73, Etxeberrialde kalean 59, Errekabarrena kalean 96 eta Iturgain kalean 9.
12,38 kilometro koadro. Ezkiok hartzen duen lur azala. Ezkio-Itsaso osoaren %58,29 da. Gipuzkoako udalerrien artean, 42. txikiena. Auzoak. Hiru auzo edo gune ditu Ezkiok: Ezkio herria, Santa Lutzia-Anduaga eta Matxinbenta.
568.556 udal gastu arrunta, eurotan. Siadecoren bideragarritasun ekonomikoaren ikerlanaren arabera, Ezkioko Udalak 568.556 euroko gastu arrunta edukiko du, behin Itsaso bereizten denean. Antzeko beste zortzi udalerriren datuak alderatuta atera du kalkulua. Pertsonal gastua %43 litzateke (248.182 euro), ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketa %42 (240.454 euro), eta transferentziak gainontzekoa (79.920 euro). Sarrera arruntak 773.017 euro lirateke.
Enpresak. 127 enpresa daude Ezkioko lurretan. Ezkio-Itsasoko industri jarduera ia guztia han dago. Industria eta energia sektorekoak 70 dira, eraikuntzakoak, eraikuntzakoak 25 inguru eta zerbitzuetakoak 29. Azpiegiturak. AHTren geltokia Ezkioko lurretan geratuko da. Gi-632 autobidea ere handik igarotzen da (Itsaso ere zeharkatzen du).
Erdi Aroko hiribilduen orbitatik 1931ko Amabirjinaren agerkarietara
Ezkioren lehen aipamen idatzia 1385ekoa da, Villarreal hiri gotortuarekin (Urretxu) auzokidetasun ituna sinatu zutenekoa. 1405ean Gaztelako erregeak Ezkio Segurari zegokiola berretsi zuen, eta hala egon zen XVI. mende hasierara arte. Seguratik irten, eta Areriako alkatetza nagusian sartu zen. Hiribildu titulua 1661eko martxoaren 13an eskuartu zuen. Herri burugain izango zen, 1964ra arte.
1726ra arte Santa Lutzia azoka Ezkioko Anduaga auzoan egiten zen, abenduaren 13an. Iruñeko gotzainak debekarazi zuen, jokabide moral desegokiak gerta zitezkeelako landa eremu urrun hartan. Urretxuk eskatu zuen feria hartzea, eta 1727tik han egin izan da.
1931ko ekainaren 30ean amabirjina azaldu zitzaiela esan zuten Antonia eta Andres Bereziartua anai-arrebek. 1933an Eliza Katolikoak basilika bat eraikitzea debekatu zuen, eta faltsutzat jo zuen agerpena. Egundoko entzutea eman zion gertakariak Ezkiori.
1964an Isidro Lasa (Zelaa baserrikoa) izan zen Ezkioko azken alkatea, bategite aurretik. Ezkio-Itsasoko Udaleko alkate segitu zuen gero ere, ordea, 1979ra arte.