Ines Argarate (Soraluze, 1961) Soraluzeko Egotza baserrian jaio zen. Baserritarra izanagatik ez zuen baserrian lanik egin ezkondu eta Legazpira bizitzera joan zen arte. Senarra ezagutu aurretik fabrika batean egin zuen lan. Baserriko eta lantegiko lana ezagutu ditu eta garbi dauka zein duen gustukoago. «Baserriko lana gogorra da, baina ordutegi aldetik malguagoa da, fabrikan makina baten aurrean ematen nituen orduak, hura bai zela monotonoa!», adierazi du.
Legazpiko Makatza baserrira ezkondu zen Argarate. Soraluzen, baserriko jendeak ez duela baserritik bizitzeko ohiturarik dio, orografia malkartsua da bertan eta ganadua gobernatzea, adibidez, zailagoa egiten da. Makatzan, ezkondu aurretik behiak, ardiak… denetarik zutela gogoratzen du. «Ni ezkondu nintzenerako animalia gehienak kendu zituzten eta artaldearekin bakarrik gelditu ziren», esan du. Ardiak baserri barruan zituzten garai hartan.
Baserritik bizitzea
Senarrak istripu bat izan zuen eta une hartan baserriko martxari nola heldu pentsatzeari eman zioten. «Dena utzi edo artegia behar bezala jarri behar genuela ohartu ginen». Bigarren aukeraren alde egin zuten, eta poliki-poliki aurrera egitea lortu zuten. Egun baserriak ematen dienetik bizi dira.
Makatza baserrian gazta egiten dute, baina ogia, madalenak, irasagarra eta esnea ere saltzen dituzte, baita bere garaian intxaurrak eta babarrunak ere.Legazpiko eta Zumarragako azoketan jartzen du postua astero Argaratek. «Azokako lana polita da. Bezero finkoak dauzkat eta haiekin daukadan hartu-emana asko gustatzen zait, jada familia txiki bat osatzen dugu», dio. Gainerakoan harategi edo beste zenbait dendetara ere eramaten dituzte euren produktuak saltzeko. Noski, Makatza baserrian zuzenean erosteko aukera ere badago.
Gazta eta lehiaketak
Makatzako gaztak lehiaketa bat baino gehiago irabazi ditu. Argaratek gustuko du lehiaketetan parte hartzea, «gazta sustatzeko» balio dutelako gehienbat. Lehiaketak irabazteak zorte puntu bat baduela uste du: «Izan ere, gazta oso ona egiten duten artzain asko dago inguruan, inoiz lehiaketarik irabazi ez dutenak».