Eli Elgarresta (Gabiria, 1973) Gabiriako Baztarrika baserrian jaio zen eta gaur egun ere jaiotetxean bizi da. Senarrarekin batera gurasoek baserrian hasitako bidearekin jarraitzea erabaki zuen, eta egun artzaintza eta gaztagintza ditu ofizio. Taldeentzako bisita gidatuak ere antolatzen dituzte Baztarrikan: «Gaztategia eta artegia erakusten ditugu, baita gazta egiteko prozesua nolakoa den ere. Kopuru jakin batetik aurrera, bisitan datozenek gazta egiteko aukera ere izaten dute, kanpainan gauden bitartean».
Baserritarra izanagatik orain urte batzuk ez zuen uste izango baserritik biziko zenik. Klinika eta geriatria laguntzaile ikasketak egin zituen. Lehenengo fabrika batean hasi zen lanean, eta gero Zumarragako gerontologikoan eta ospitalean ere aritu zen, hura ez zela beretzat konturatu zen arte. «Senarrak ere fabrikan egiten zuen lan, baina uzteko gogoz zegoela esan zidan. Eztabaida izan genuen, nik ondo pentsatzeko aholkatu nion. Bera ez da baserritarra eta baserriko lana oso lotua dela ohartarazi nion. Hemen ez dago ez astebukaerarik ez jai egunik».
Une hartan Elgarrestaren amak —Amelia Jauregik— ardi batzuk kentzeko asmotan zegoela esan zuen. Ordura arte berak eraman zuen Baztarrikako lanaren zama gehiena, senarrak laguntzen zuen etxean, baina fabrikan lan egin izan du beti hark. «Senarraren asmoak batetik, eta amaren erabakiak bestetik pentsarazi egin zidaten. Ardiak desagertuko balira gure etxe inguru hori nola geratuko zen pentsatzeari eman nion». Nolabaiteko ardura sentitu zuen Elgarrestak orduan, eta hala erabaki zuten senarrak eta biek dena utzi eta baserritik bizitzen jartzea.
Dena utzi zutenekoa
Baserria gertutik ezagutu izan du beti Elgarrestak eta horregatik dio, erabakia hartzea ez zela batere erraza izan. Hasieran beldurra sentitu zuela onartu du, nahiz eta beraiek ez ziren zerotik hasi. «Amak baserrian ia dena egina zuen ordurako eta izen bat ere bazuen». Ondo pentsatu eta gero pausoa eman zuten, eta «ordutik jada 15 urte pasa dira», gehitu du. Baztarrikako gazta ere saritua izan da, baina Elgarrestarentzat sari handiena «bezeroek gazta ona dagoela esatea» da.