Izenik gabeko ipuina

Itxaro MendizabalBazen behin munduko haurrik zoriontsuena zela pentsatzen zuen neska bat. Mezu ez-egokiak jasotzen zituen. Gelakide batzuek ‘bolitxe de manteka’ ezizena jarri zioten; futbolean entrenatzaileak defentsa jartzen zuen baloiak bere gain errebotatzen zuelako…; dantzatan jantziak egiteko modelo bezala eraman zuten, gizenena bera zelako; eta Ostegun Gizenean ere beti jasotzen zituen ‘zorionak’. Alabaina, mezu krudel horiek ez zitzaizkion axola. Bera zoriontsu zen horrela, mitxelinak eta guzti.

Hiru esaldi zebiltzan, haren bihotzeraino iritsi guran: “Nahiz eta zu ondo sentitu, ez zaude ondo. Ondo egoteko pisua galdu behar duzu. Ez baduzu pisua galtzen, ez zara baliozko pertsona izango”. Gure neska zoriontsuak ordea bihotzaren leihoak ireki ez.

Baina 5. mailako mediku azterketa iritsi zenean, 9 kg jaitsi beharra zituela esan zioten. 9 ez baziren ere, 6ren bat jaistea lortu zuen. Egindako esfortzua handia izan zen. Barazkiak jaten ikasi zuen, asteburuetan amak paseatzera laguntzen zion. Gozotegien aurretik pasa eta kristalean begiak jartzearekin batera, amak: “pentsatu porruz eginak direla”. Pisua jaitsi zuen, eta hala ere nahiko zoriontsu izaten jarraitzen zuen. Maite zuen bere burua.

7-8. mailan  bullying saioa jasan zuen, telefono deiak, mehatxuak, harrikadak, bazterketak… eta hortik aurrera ez zen inoiz betikoa izan. Horren zoriontsua zen neska gorrotoaren mamu txikia ikusten hasi zen. Ikasturte hasiera guztietan aldatu behar zuela esaten zion bere buruari. Baina berdin jarraitzen zuenez gorrotoa mamutzar bihurtu zen.

15 urte bete zituen urtean hasi zen bere infernurako bidea. Pisua galtzea erabaki zuen momentutik beheraka hasi zen. 18 urte zituenean 39kilotan zegoen. Unibertsitatera kanpora ikastera joan zen. Han pepino bat egunean jaten zuen. Egunean 3 txikle ere jan zitzaken. Bat gehiago janez gero…akabo!

Garai horretarako hilerokoa galduta zuen, gurasoekin ginekologoarengana joan ziren kezkatuta. Garai horretan anorexia ez zen ia ezagutzen. Gurasoei ez zitzaien burutik pasa ere egin. Hiesa zuela ere zabaldu zen herrian… Eskerrak ginekologoak argitu zuen dena: anorexia zeukan, 37kg pisatzen zituen. Gure neskak berehala onartu zuen egoera, ez zegoen ondo. Lo egiteko arazoak zeuzkan (gauean 2 ordu lo egitea lortzen zuen), tripako min handiak. Hain ikasle ona izan zenak ezin zuen ezer berririk buruan gorde… eta atera nahi zuela erabaki zuen.

Erabakia hartuta ere, barruko mamutzarra deabru bihurtuta zuen, eta aste batzuk pasata 30 kilorekin  ingresatu zuten, 7kg galduta.

Hiru hilabetez egon zen unitate psikiatriko batean deabruaren kontrako borrokan. Infernuan pasatako garai horrek beste ipuin/liburu baterako eman lezake… Amesgaiztoetan sarri agertzen zitzaion Herio bera ere, eta azkenekoak kontratu bat eskuan. Batere pentsatu gabe, hizki txikiak irakurri gabe sinatu zuen Herioren gehiegizko kontratua: “Sendatuko naiz, bai. Oraingoan ez naiz Heriorekin joango. Haren legea beteko dut ordea: bat salbatzearen truke, bi lagun eramaten utziko diot”.  Hizki txikietan, bi lagun horien izenak.

12kg gehiagorekin atera zen, limitean…eta horrela mantendu zen beste bi urtez. Bere familiak ordea sendatzea nahi zuen (berak ere bai, edo ez….) eta tranpatxo batzuen bidez ingurukoak pisu gehiago zeukala konbentzitzea lortu zuen. Pisatzera joatean, hiru pare praka, lau jertse, bi edo hiru kiloko burdin zatiak poltsikoetan.. eta ia litro bat ur edanda joaten zen.

Pisua ‘irabazi’ zuenez, ingresotik bi urte pasa ondoren, kasua eramaten zuen psikiatrak alta eman zion.

Eta egun horretan, oilarrak ohi baino askoz ere goizago abestu zuen eta tximeleta beltzak ere pasa ziren haren ondotik hegaka. Denak Herioren presentzia iragartzen. Gurasoak kontsultatik bueltan zihoazen kotxeak istripua izan zuen unean bertan ulertu zuen neskak: Heriorekin zuen zorra kitatu berria zen.

Iruzkinak (1)

  1. ANONIMOA(e)k dio:

    Guztiok drogazaleak gara. Bakoitza bere drogak ditu. Batzuk kaxatxo baten barruan bildu daitezke, pilula kapsuletan polbotxoak gordez. Baina beste batzuk infinituak dira. Tamaina guztietakoak, espazio zabalena bete dezaketenak, eta txikienak ere.
    Eta agur esateko momentua heldu zait niri. ezin dezaket medioa aurkitu, saiatu banaiz ere. ezin dut.
    Tontorrean nago batzuetan, oxigenoa heltzea zaila den tontor horietako batean. Baina eroso nago, harro nago. Hotz egiten baldin badu ere. Hainbeste non hatzamarrak ere sentitzen ez baititut. Baina berdin dit, gailurrean bero dut garuna. Bero esperantza, eta beroago indarra.
    Eta bestetan zoruan nago, denon parera, bizitzan bertan. Eta oxigenoa hartzea saila egiten zaidan gainezka dagoen metroaren barruan. Eta bero egiten du. Non lanera sudorrez itota heltzea saieztezina izaten den askotan. Baina berdin dit, zoruan hotz dut garuna. Hotz esperantza, eta hoztuagoa indarra.
    Horregatik utzi behar dut. Arraroa bada ere, nire drogak errealitatera narama, itolarria egiten zaidan bero itsaskor askatuezin horretan biltzen bainau. Eta ez dit balio gorputza bero izatea ametsak izoztuta ditudan bitartean. Nahiago dut erretzen nauen barruko suaren mina. Akaso, bizirik nagoelako gogorarazten bainau.
    Nire adikzioak ere gauza txarrak egitera behartzen nau. psikologikoki mingarriak. Baina nire medizinak ere. Baina medizina nahi dut. Eta lortu ezin baditut nire farmazia propioa zabalduko dut. Eta apurka apurka hasiko naiz osten inor konturatu ez dadin. Eta egunen batean guztiak jango ditut betekada batez, compid ampollas eta horiek denak barne. Guzti-guztiak.
    Hori delako nire adikzioa. non sendagaiak ere jada ezingo dezakete nire adikzioa eten.
    Badakit nire buruak soilik egin dezakeela. eta egingo duela. Eta jda ez da nire gorputza kezkatzen nauena. adikzioa baizik. gauza izan nahi dut nire droga alboratzen ikasten. nire nahiak eteten. nire irrikak baretzen. Nire mina kontrolatzen, eta denborarekin horretaz gozatzen ikasi. Behin lortu nuelako, berriz ere lortu ahal dudalako.
    Tontorraren hotza sentitu nahi dut. tontorraren hotza zoruan. Gorputza, indarge. hezurrak ikutu, laztandu. eta gorputza hoztua izan metro barruko jende sudorosaren artean. Baina burua bero. errailetan sua. gurpil horren infernuaren beroa inoiz baino beroago izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>