Tontorrak eta bizipenak partekatuz
Goierriko Mendizale Beteranoek erakutsi dute mendia ez dela soilik gailurrak zapaltzeko lekua, baizik eta adiskidetasuna eta memoria partekatzeko espazioa. 17 urteko ibilbidearen ostean, bizipen horiek guztiak liburu batean bildu dituzte.
Badira helmuga baino gehiago bidea ospatzen dutenak. Kilometroak pilatzea baino, urrats bakoitzean paisaia, historia eta bidelagunak ezagutzea lehenesten dutenak. Edota bakarka aritu baino, talde lanean aritzea nahiago dutenak… Filosofia horrek batu ditu azken 17 urteotan Goierriko Mendizale Beteranoak taldeko kideak. Erretiroaren atarian sortutako hasierako egitasmo xumea, Euskal Herria mutur batetik bestera oinez ezagutzeko proiektu bihurtu zen denborarekin. Bidean milaka kilometro egin dituzte, dozenaka txango eta espedizio osatu dituzte eta, batez ere, komunitate sendo bat eraiki dute.
Ibilbide horren lekukotza jaso dute duela hilabete batzuk argitaratutako ‘Euskal Herriko mugak oinez’ liburuan. Sua argitaletxeak kaleratu zuen maiatzean, eta Euskal Herriaren zazpi herrialdeetako perimetroa oinez ezagutzeko proposamena egiten du, 66 etaparen bidez. Baina argitalpena ez da helmuga bat, urte luzez eraikitako istorio baten ondorio naturala baizik. Istorio horrek ere, gainontzeko kontakizun guztiek bezala, ezinbesteko protagonista du oinarrian: Juanjo Mujika. Taldearen sustatzaile nagusietako bat izateaz gain, egindako urrats bakoitza dokumentatu duen mendizalea. Haren koadernoetan zein kameretan gordetako oroitzapenek eman diote forma egun liburu bihurtu den ondareari.
Iraola baserrian jaioa
Urte gehientsuenak Ordizian eman baditu ere, Itsasondoko Iraola baserrian jaio zen Mujika, «aldapa eta mendi artean». 5 urte besterik ez zituela, egunero lau aldiz egiten zuen etxetik herrira arteko joan-etorria: goizean korrika jaisten zen eskolara, eguerdian bazkaltzera oinez igo, arratsaldean eskolara bueltatu eta amaitzerako, berriz ere igotzen zen.
20 urte ingururekin hasi zen inguruko tontorrak modu kontzienteagoan ezagutzen. Goierriko mendietatik Pirinioetara egin zuen jauzia lehenik, eta Alpeetara gero. Urteek aurrera egin ahala, esperientzia eta ezagutza pilatu zituen, eta, erretiroaren atarian, urte luzez bildutako zaletasunari «beste dimentsio bat» emateko jauzia egitea erabaki zuen.
Horrela sortu zen Goierriko Mendizale Beteranoak taldea, 2009an. Erretiroa hartutako hainbat lagunek denbora libre gehiago izango zutela baliatuz, astero irteerak egiteko taldea osatzea izan zen hasierako asmoa. Ez zuten erronka handirik buruan; autobusa antolatu, etapa batera joan, mendian egun-pasa egin eta etxera itzultzea. Mendia partekatzeko aitzakia bat, besterik ez.
Euskal Pirinioetan hasita
Hasierako lagun talde hura hamalau eta hemezortzi artekoa zen, emakume bakarrak osatuta. Aurreneko urratsak ere, ez zituzten Goierrin eman. Euskal Pirinioetako bira egiteari ekin zioten, eta handik gutxira etorri ziren Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotu zituen zeharkaldia zein Nafarroako mugak ezagutzeko aurreneko ibilaldiak.
Bidean, ordea, hasieran aurreikusi gabeko ideia bat mamitzen hasi zen. Euskal kostaldea oinez zeharkatzen ari zirela, Baionatik Kantabriako mugarantz, konturatu ziren ibilbide hark, akaso, jarraipena izan zezakeela, eta hala, behin Bizkaiko mendebaldeko muga zapalduta, galdera ia berez etorri zen: Zergatik ez Euskal Herri osoaren mugak oinez osatu?
Burutapen soila izatetik egikaritzera igaro ziren, eta erronka berria gutxika-gutxika forma hartzen hasi zen. 2012an abiatu zuten ofizialki proiektua, eta sei urtez, 66 etapatan banatutako 1.379 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute, 70 tontor inguru igarota. Itsasertzetik hegoaldeko lautadetara, mendebaldeko mendilerroetatik ekialdeko haranetara eta iparraldeko mugetaraino. Euskal Herria bere osotasunean ezagutzeko aukera izan dutela ziurtatu du Mujikak: «Ez genuen aurrez ezagutzen Euskal Herri bat, orain ezagutzen dugun bezala».
Hamar urtera, Goierriko mugak
Urte batzuk geroago, taldearen hamargarren urteurrenean, etxera «modu sinbolikoan» itzultzea erabaki zuten. Goierriko mugak osatu zituzten bost edo sei etapetan banatutako ibilbide batean, Gaintzan hasi eta Gaintzan amaituta.
Ez da kasualitatea Goierri bezalako eskualde batean halako talde bat sortu izana. Aralarrek, Aizkorrik eta Txindokik belaunaldi asko hezi dituzte mendian, eta mendizaletasun horri tiraka, Goierriko Mendizale Beteranoetako kide gehienek aurrez herrietako mendi elkarteetan egin zituzten lehen urratsak. Ordiziako, Beasaingo, Legazpiko edo Idiazabalgo taldeetan ikasitako mendizaletasun hark eman zien, besteen artean, gaur arte iraun duen arima.
Eta arima horrek, hain justu, ez du zerikusirik marka pertsonalekin edo kronometroarekin. Hasieratik argi izan zuten taldearen arrakastaren gakoa ez zela azkarren ibiltzea, «elkarrekin» ibiltzea baizik. «Denak batera abiatu, denak batera jarraitu eta denak batera helmugara iristea», alegia. Urteek aurrera egin arren, filosofia horrek jarraitzen du Goierriko Mendizale Beteranoen nortasunaren oinarrian.
Urteek aurrera egin ahala, hasierako talde txiki hark «sendotasuna» irabazi zuen. Aurreneko espedizio haietatik, gutxika-gutxika, «jende gehiago» batzen joan zaie, eta gaur egun 140 kide inguruk osatzen dute taldea. Goierriko ia herri guztietatik iristen dira partaideak, eta baita eskualdetik kanpokoak ere. Batzuek erretiroa hartu aurretik izan zuten taldearen berri; eta beste askok, berriz, erretiroarekin batera aurkitu zuten mendia modu berezian bizitzeko aukera. Gaur egungo partaideetako bi dira Joxean Insausti beasaindarra eta Karmele Barandiaran ataundarra.
Hazkunde hori, ordea, ez zen etenik gabeko bidea izan. 2020an iritsitako izurriteak «kolpe latza» eman zion taldeari. Bi urtez «ia ezinezkoa» egin zitzaien aurreko erritmoari eustea. Irteerak bertan behera geratu ziren, eta murrizketak arintzen hasi zirenean ere, inguruko mendietara eta norberaren ibilgailuetan egindako txangoetara mugatu behar izan zuten jarduna. Geldialdi hark «ondorio nabarmenak» utzi zituela azpimarratu dute hirurek: hogeita bost lagun inguruk taldea utzi zuten, adinak, osasun arazoek edo egoera berriak eraginda.
Hala ere, zailtasunak aukera ere bihurtu ziren. Urte gutxian belaunaldi berriak iritsi ziren taldera, eta berritzen joan zen pixkanaka. Gaur-gaurkoz emakumeen presentzia ere handiagoa da hasierako urteetakoa baino, eta oraindik bada erretiroa hartu eta taldera batzen jarraitzen dutenik. Horregatik, beteranoek «baikor» begiratzen diote etorkizunari: taldea «sasoi betean» ikusten dute, «jarraitzeko indarrarekin».
Liburua jendarteratuta
Aldaketa horretan mugarri garrantzitsua izan da ‘Euskal Herriko mugak oinez’ liburua. Taldekideek argi dute argitalpenaren helburua ez dela egindako balentria goraipatzea, baizik eta «urteetan pilatutako ondarea partekatzea». Liburuan jasotako etapak, mapak, datuak eta kronikak beste mendizale batzuentzat «baliagarri» izatea nahi zuten, bai eta herrietako «mendi elkarteentzat tresna baliotsua izatea» ere.
Baina liburua ez litzateke gaur ezagutzen dena izango Mujikaren «lan nekaezinik» gabe. Insaustik eta Barandiaranek irribarrez gogoratzen dute gaztetako Mujika, «beti koaderno bat eta boligrafo bat eskuan». «Gainontzekoak baino kilometro gehiago egiten zituen: ibilbidea aurrez prestatuta eramaten zuen, argazkirik onenak nondik atera aztertzen zuen, eta maiz, aurrea hartu edo atzean geratzen zen behar zuen irudia lortzeko. Gero, korrika txikian berriz elkartzen zen gurekin», dio Insaustik. Tontor bakoitzera iritsitakoan ere, izenak, denborak, altuerak eta bitxikeriak idazten zituen.
Lan hori guztia ez da egun bateko kontua izan. Urtez urte metatutako dokumentazioari esker osatu ahal izan dute liburua. Mujikaz gain, Jose Mari Barandiaranek eta Santi Iruretak idatzitako kronikak ere badirela gogoratu du berak. Taldearen filosofiari leial, liburua ere «elkarlanaren emaitza» dela azpimarratu du taldearen sortzaileak.
Garai hartatik hona, mendizaletasunak «aldaketa nabarmena» bizi izan duela diote hirurek. Belaunaldi berriek «mendia bizitzeko beste modu bat» dutela uste dute: bakarkako irteerak lehenestea, talde txikian aritzea eta errendimenduari balioa ematea nagusitu da azken aldian. Goierri bezalako eskualde batean, gainera, mendi lasterketen gorakadak joera hori «areagotu» du. Zegama-Aizkorri edo Ehunmilak bezalako probek nazioarteko oihartzuna eman diote eskualdeari, eta mendiak inoiz baino jende gehiago erakartzen badu ere, «mendizaletasuna ulertzeko modua ez da lehengoa».
Ildo horretatik, Mujikaren ustez, herrietako mendi elkarteek ere «geroz eta zailtasun handiagoak» dituzte gazteak erakartzeko. Dioenez, askok nahiago dute beren kabuz edo lagun gutxirekin irten, «erronka pertsonalen bila», talde handiek eskaintzen duten «erritmo partekatua» baino. Barandiaranek ere kezka bera partekatu du: «Elkarte batek bizirik jarraitzeko, antolakuntza eta parte-hartzea ezinbestekoak dira, eta belaunaldi berriek lekukoa hartzen ez badute, talde askoren etorkizuna zalantzan gera daiteke».
Hala ere, baikortasunarentzako tartea ere badutela erakutsi dute. Insaustiren esperientziak erakusten du mendizaletasuna ez dela soilik gaztaroan pizten den zaletasuna. Berak erretiroaren atarian aurkitu zuen taldea, eta ordutik, «ezinbesteko» bihurtu zaio asteko hitzordua.
Etorkizun baikorra
Hiru lekukoek azpimarratu dute Goierriko Mendizale Beteranoen ondarerik handiena ez direla egindako kilometroak, «elkarrekin ikasitako guztia» baizik. Etorkizunari, hala, «ilusioz eta gogoz» begiratzen diote. Taldea «osasuntsu» ikusten dute; izan ere, kide berriak iristen ari dira eta proiektu berriak martxan dituzte. Bide asko dituzte egiteke oraindik, aurreko belaunaldiek irekitako ibilbideak batzuk, eta mapa gainean oraindik marraztu gabekoak beste batzuk. Horien guztien gaineko ardura hartuko dute aurrerantzean ere.
Azken finean, Goierriko Mendizale Beteranoen historia ez da mendizale talde baten kronika edo kontakizun hutsa. Erretiroaren ondoren zaletasun bati eutsi nahi izan zioten lagun batzuen ametsa da; urteek erakutsi duten bezala, amets hark ehunka pertsona batu ditu bidean. Eta agian horixe da haien lorpenik handiena: mendiak ez dituela soilik gailurrak lotzen, pertsonak ere elkartzen eta mantentzen dituela. ■




