Argazkiak garesti ordaintzen ziren 36an
Duela 90 urte, 1936ko irailaren 15 eta 16an, Bergarako Labe Garaietako Union Cerrajerako Eusko Langileen Alkartasuna (ELA) eta UGT sindikatuetako langile sopletista batzuek Ormaiztegiko Irun-Madril lineako tren-zubia eraitsi zuten.
Ehunka miliziano finkatuak ziren Ormaiztegin 1936ko abuztutik, Beasain eta Goierri Beheko herriak hartuak zituzten matxinatuei aurre egiteko. Faxistak geldiarazteko, Errepublikaren Defentsarako Komiteak Ormaiztegiko bidezubia dinamitatu zitekeela aztertu bazuen, ideia baztertu eta sopletez eraits zitekeela onartu zuen irailean miliziano batzuek emandako informazioarekin. Hartarako beharrezko elementuak konfiskatzeko agindua eskatu, eta ordu gutxiren buruan zubia suntsitzeko konpromisoa hartu zuten.
Irailaren 15ean, Bergarako Fronte Popularreko Gerrako Komisariak Bergarako Labe Garaietako zuzendaritzari milizianoek behar zuten material guztia eman ziezaien oharra bidali zion, oxigenoa, azetilenoa, sopleteak eta dagozkien gomazko hodien osagarriak, gehiena gero bueltatuko zelakoan.
Zubiaren eraisketa
Españolamendin zuten posiziotik milizianoek erreketeen aurreratzea geldiarazita mantendu artean egin zuten eraisketa. Kamioi bat hartu eta egunean bertan joan ziren zubia eraistera. Bergarako Union Cerrajerako Labe Garaietako sopletistei, Zumarragako eta Olatzagutiko beste batzuk ere batu omen zitzaizkien.
Mozketa bi egunetan burutu zuten. Eraisketaren ostean errailak kilometro batean mugituta geratu ziren Zumarraga aldera. Agintari errepublikanoek ikuskatu eta lan bikaina egin zela adierazi zuten, leherketarik gabe eta ekintzak zekartzan arriskuak saihestuz.
Eraitsi eta bi egunera, nazionalak Ormaiztegin sartu ziren: Zubiaundi suntsituta aurkitu zuten. Eraisteak kalte handiak sortuz, matxinoek penintsula iparrean zituzten planen intendentzia militar orokorra atzeratzea eragin zuen.
Mola jeneralak Ormaiztegi bisitatu eta zubia berehala berreraiki behar zela erabaki zuen. Biharamunean El Diario Vasco eta La Voz de España-k jaso zuten albistea. Azkenak hala zioen: «Los rojos, en su huida, destruyeron el viaducto».
Errepresio faxista
Nazionalak Bergaran sartu baino lehen, eraisketan parte hartutako miliziano batzuek Bizkaira egin zuten ihes. Avilan jaiotako Florencio Estevez eta Emilio Garcia UGTko militanteak, ziren horietako bi. Lehena Santanderren hil zuten 1937an eta Garciari 12 urteko espetxe zigorra eman zioten. Espetxetik atera eta gutxira hil zen 1941eko maiatzean Bergarako ospitalean, espetxean hartutako gaitzaren ondorioz.
Labeetan materiala bildu zuen Jose Altuna Garitano bergararra ere zigortu zuten. EAJ eta ELAko militantea, San Andres Batailoiko gudari boluntarioa eta kapitain, 30 urteko espetxe zigorra ezarriz. Aralar batailoiko komandante Jose Antonio Zabaleta (Urretxu, 1915) ere zigortu eta 1937an Derioko hilerrian fusilatu zuten. Juan Mari Intxausti ormaiztegiarrari, Emilio Garcia Moreno eta Pedro Elortza bergararrei eta Santos Iriondo eibartarrari ere sabotajea egotzi zieten.
Baionako egunkarian
Dirudienez langileei argazki bat atera zieten lana amaitutakoan, eta egun gutxira Baionako egunkari batean argitaratu zen. Frankisten eskura iritsi zen argazkia eta hala horietako batzuk identifikatu zituzten.
Antonio Galdos oñatiarra izan zen horietako bat; Bergarara ezkondua zen, ez zegoen inon afiliaturik. Emaztea sei hilabetez haurdun zuen jabetu gabe Molak ez zuela barkatzen. Debagoiena okupatu zutenean, karlista batzuek bisitatu zuten fabrikan zegoela, tartean oñatiar batek hala esan zion: «Laster hilda egongo haiz». Hala izan zen. Preso hartu eta urriaren 15ean Ormaiztegiko hilerri paretara eraman zuten, eraitsitako zubitik hurbil. Hiru lagun fusilatu zituzten orduan, Galdos bera, Guillermo Martinez Jefe Xaharra (77 urte) Oñatiko tren geltokiko arduradun eta bertako Centro Republicanoko presidente izandakoa eta Santanderreko gazte ezezagun bat.
Ormaiztegiko parroko Jose Campos Antonio Galdosi aitortza egin zion. Karlista izan arren atxilotuak eraman zizkioten erreketeei esan zien: «Baina nola hilko dituzue pertsona hauek?».
Herritarrek fusilamenduen deskargak entzun zituzten gauerdian, aurrena batera tiro batzuk, eta gero tiro bana –graziazkoak–. Goizaldean, parrokoak hiru gorpuak jaso eta hilerrian ehortzi zituen. Hilaren 10ean Felix Alzelai gazte hernaniarra ere fusilatua zuten bertan.
Urtetan egon zen hilerrian hilobi hura, sartu eta ezkerretara. Kanpoaldean eskuineko paretan baziren hiruzpalau bala-zulo. Bertan eserleku antzeko bat zegoen, eta han eserita jartzen omen zituzten. Masarekin estali zituzten gero zuloak, hildakoen gorputzak zeharkatutako balenak.
Zubiaren konponketa
Konponketa lanak egunean 24 orduz egin zituzten, Ormaiztegin iluntzen ez zuela zirudien gauean foku indartsuen laguntzaz. Lanek 5 hilabete iraun zuten, 1937ko otsailean amaituz. Molak otsailaren 1eko berrinaugurazioan parte hartu zuen.
1941ean hormigoizko zutabeak gehitu zizkioten. Eta 1995eko uztailaren 1ean trenbide izateari utzi zion, paraleloan eraikitako zubi berriak ordezkatuz. Ormaiztegik orduan kontsulta popularrean Zubiaundi bertako berezko monumentu gisa mantentzea erabaki zuen. ■
* Eskerrak Intxorta Taldea eta Elixabete Garmendiari emandako informazioagatik.

