«Dantza ez da soilik umeen kontua, denon ondare kolektiboa baizik»
Ikasketaz ingeniaria da Oihane Montero Ormazabal (Segura, 2000) eta Indar Ingeteam enpresan lan egiten du. Zaletasun nagusietako bat dantza du, eta herriko Azpilla Dantza Taldeko kidea da –dantzaria eta dantza irakaslea–. Seguran dantza «oro har osasuntsu» dagoela iruditzen zaio. «Dantza taldea guztira 100 pertsona inguruk osatzen dugu, eta horietatik hamar bat irakasle eta antolakuntza lanetan gabiltza. 5 urtetik aurrera adin askotako dantzariak ditugu, baina, batez ere, gazte taldea inoiz baino indartsuago dago». Beste herri askotan bezala, ordea, ahulgunea adin batetik aurrera mutilen falta dute. «Gure desira pixkanaka mutilek ere euskal dantzarekiko atxikimendua sentitzea da: Dantzak ez du generorik eta». Urte askoan umeen dantza irakasle aritu ondoren, aurten helduen ikastaroa gidatuko du. «Herritar batzuk hutsune bat sumatzen zuten eta horri erantzuteko asmotan eman dut pauso hau. Izan ere, dantza ez da soilik umeen edo gazteen kontua, denon ondare kolektiboa baizik». Euskal Herriko Dantza Txapelketak 50 urte beteko ditu aurten, «guk txikitatik bizi izan dugu». Orain dela urte batzuk, dantza frontoitik kalera ere ateratzeko asmoz, Dantza Eguna ospatzen hasi ziren, polka erraldoia eginez. «Jendea dantzara gerturatzea da asmoa. Aurten, formatua zertxobait aldatu dugu, baina bertan izango gara».
Dantza bat.
Fandango eta arin-arina.
Ze zaletasun dituzu?
Mendira eta erromerietara joatea, eta ingurukoekin denbora pasatzea.
Pelikula edo telesail bat.
Bizkarsoro.
Liburu bat.
La frontera lleva su nombre.
Musika talde edo abeslari bat.
Alaitz eta Maider.
Abesti bat.
Ibil bedi taldearen Perimetroarena.
Oporretarako leku bat.
Edozein toki, baina egun batzuk mendian eta beste batzuk hondartzan bada, hobe.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta ogi txigortua.
Kolore bat.
Beltza.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire Segurako amona zenaren azkeneko urtebetetzea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Lagun ezkutu batean oparitutako ukelele bat.
Amets bat.
Euskal dantzak belaunaldi berriekin bizirik jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Mendi buelta baten ondoren pintxo bat jatea.
Goierriko txoko bat.
Segurako Santa Barbara (Unamendi) mendia.
Seguran biziko ez bazina…
Getarian. ■

