Haurren autoestimua

Itxaro MendizabalHaurraren garapen integralean, bere behar guztiak asetuak daudela bermatu behar dugu helduok. Behar materialetatik haratago, bere behar emozionalak asetuak izateak berebiziko garrantzia dauka. Gaur egungo bizitza erritmoa dela eta, askotan umeak ez du behar duen adina maitasun, arreta eta goxotasun jasotzen eta honek bere autoestimuan eragina izan lezake.

Autoestimua, edozein gizakik duen behar emozionala da. Haurtzaroan dugun autoestimua eta helduarokoa desberdina da. Heldu batek bere identitatea zein den badaki, bere egoeraz kontziente da eta bere ongizatea batez ere bere ekintza eta jarreretan oinarritzen da. Haur bat ordea, hazte prozesuan dago, bere pertsonalitatea eta izateko era garapen prozesuan sartuta daude, eta beraz, bere ongizatea ez dago bere esku bakarrik, inguruko familia egoerak eta akademikoak zeresan handia izango dute.

Pertsona heldu batek autoestimu on bat izatearen oinarria ordea, haurtzaroko aurreneko urteetan dago.

Autoestimua, pertsona bakoitzak duen balore propioaz kontzientzia izatea da; haurraren izaerak eta bere inguruneak lotura estua dute.
Aipatu bezala, haurrak autoestimu ona izatea oso garrantzitsua da, autoestimuak ikasketetan, besteekiko harremanetan eta nola ez, zoriontasuna lortzeko garaian eragina izango du. Haur batek autoestimu on bat lortzean, gai dela sentituko du. Baliotsua sentituko da.
Autoestimu baxua duen bat berriz, ez da ezertarako gai sentituko. Balio ez duela pentsatuko du, besteak baino gutxiago dela. Lotsa sentituko du, modu kritiko batean erlazionatuko da eta kreatibitate gutxi izango du. Honek denak portaera arazoak ekar ditzake, bortizkeria eta lagunengandik aldentzea.

Zer egin dezakegu guraso eta hezitzaile moduan haurren autoestimua indartzeko?

Autoestimua ez da eskolan irakasten den gauza bat. Egunero-egunero landu eta indartu behar dugu konfiantzako eta errespetuzko erlazio pertsonalekin. Haurraren alde emozionala beti kontutan izan behar dugu bai guraso eta bai hezitzaileek. Beraren aldarte aldaketa eta emozio gora-beherei kasu egin behar zaie.

Autoestimu baxua izateak arazo larriak ekar ditzakela kontutan izanda (depresioa, elikadura nahasteak, drogekin arazoak…), gure haurrekin txiki-txikitatik landu beharreko gaia dela ohartzea ezinbestekoa da.

Haurraren ongizate fisikoa lehenesten den bezala, maila berdinean jarri beharko genituzke bere ongizate psikiko eta osasun emozionala. Autoestimu on batekin nerabezarora oinarri sendo batzuk dituztela iritsiko dira.

Autoestimua indartzeko hainbat aukera daude.  Autonomia indartzea da bat, gauzak bere kabuz egin ditzala eta egiteko gai dela ohartu dadila. Kritikarik ez egitea da beste bat.  ‘gaiztoa zara’ edo ‘beti berdin!’ bezalako esaldiak ekidin behar dira. Konparaketa eta etiketarik ere ez, autoestimuaren etsai handienak dira. Benetakoak diren goraipamenak egitea eta lorpenak txalotzea da beste aukera bat, bere buruari buruzko irudi ona izaten lagunduko diozu, bere autoestimuaren oinarria sendotuz. Bere ezaugarri positiboak gogorarazi behar dira, bere ingurukoenekin batera. Disziplina positiboa erabiliz hezi behar da, haurrak limiteak, arauak eta errutinak behar ditu, eta zer gertatuko den jakinda segurtasuna izango du. Bere gaitasun txikietan konfiantza izatea garrantzitsua da; berarengan konfiantza duzula sentitzen badu, berak ere beragan izango du. Eta batez ere, gure maitasuna eskainiz bere autoestimua indartu behar da. Haurra maitatzea ez da nahikoa, berak maitatua dela sentitu behar du.

Jolasen bidez haurren autoestimua indartu dezakegu. Bere garapenean jolasak berebiziko garrantzia du. Jolasak bere ezaugarriak ezagutzen laguntzen dio/digu, bere trebetasunak agerian geratzen dira baina era berean mugak ere. Haurrarekin jolastea garrantzitsua da. Jolasaren bidez asko balio dutela esango diegu eta zenbat duten ikasteko adierazi.

Iruzkinak (1)

  1. […] Goiberri aldizkaria (2015/07/24): http://goiberri.eus/haurren-autoestimua/ […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>