Industria ondarea, baloratu gabeko altxorra

Legorreta papeleraOria ibai-arroko industria ondarea aztertzen ari da Irati Otamendi beasaindarra, balioan jartzeko asmoz.

Industriak eta lantegiek herriei itxura itsusia ematen dieten ustea oso zabalduta dago gaur egun. Industria hitza entzutearekin batera, greba garaiak, amaierarik gabeko lanaldiak, paper fabriken isurketengatik aparrez estalitako ibaiak, kea edota usain txarra etortzen zaizkigu burura. Baina, pentsatzen jarrita, Goierriko herriak gaur direnak izango al ziratekeen industriarik gabe?

Irati Otamendi arkitekto beasaindarrak argi du ezetz. Herriaren beraren egituran eta arkitekturan, industriaren eragina nabarmena dela uste du. Bi adibide nagusi aipatzen ditu. Batetik, langile auzoak. «Gure herrietako hazkundea sarri industriak edo industrialariek sustatuta eman da, langile auzoen bidez».

Bestetik, industriak herrien hazkundea baldintzatu duela ere uste du, hiri egiturari dagokionez. Esaterako, CAF enpresak Beasainen, Ordiziaren eta Lazkaoren hazkundea guztiz mugatu duela adierazi du. «Baina, aldi berean, garapen maila bera lortuko al zuten herri horiek CAF bertan izan ez balitz? Seguru ezetz!».

Eta ez herrien egituran soilik. Industriaren eragina «eskala guztietan» islatzen da Otamendiren iritziz. «Zenbat pinu landatu da gure mendietan paper fabriken zerbitzurako? Edo zenbat ur salto eraiki ibaian?», adierazi du.

Hori guztia dela eta, industria ondarea balioan jartzea oso garrantzitsua iruditzen zaio Otamendiri, eta beharrezkoa. «Industria ondareak nondik gatozen eta nor garen erakusten digu». Balioan jartzeko, lehen pausoa industria ondarea aztertzea eta ondo ezagutzea dela adierazi du, «ezagutzen ez duguna ez baita sekula baloratzen». Eta horretan ari da, hain zuzen ere: doktoradutza tesia idazten ari da, Oria ibai-arroko arkitektura ondare industrialaren inguruan.

Oria, Gipuzkoako eredu

Zergatik zentratu da Oria ibai -arroan? Bada, Gipuzkoan, ibai ibilgu nagusien inguruan garatu zelako industria, uraren indarra baliatzeko, eta Oriaren ibai-arroa izan zen industrializatuenetako bat. Gainera, lurraldean indar handiena izan zuten industria sektoreek presentzia nabarmena izan zuten Oria inguruan: papergintza, ehungintza, metalurgia… Hori dela eta, Oria ibai-arroko industria ondarea aztertzeak lurralde osokoa ulertzen lagundu dezakeela uste du Otamendik.

Goierriren kasuan, esaterako, hainbat lantegi nabarmentzen ditu, beren balio historiko eta arkitektonikoagatik esanguratsuak: CAF enpresaren arkitektura multzoa, Olaberriko Aristrain lantegiko eraikinak, edota garai batean Bellota enpresarena izandako eraikina —gaur egun AMPOk harrerak egiteko erabiltzen duena—.

OlaranOndarea arriskuan dago

Baina, ematen al diogu behar adinako balioa industria ondareari? Otamendiren ustez, ez. Gizarteak eta administrazioak ondare industrialaren garrantzia ulertzeko zailtasunak dituela iruditzen zaio. «Oso argi dut ez dugula baloratzen daukagun altxor hau».

Hain zuzen ere, horixe da tesian orain arte ateratako ondorio nagusia: arkitektura ondare industrial aberatsa dugula, baina arriskuan dagoela, baliorik ematen ez zaiolako. Industria ondareak bizi duen egoera zailaren adierazgarri, bi adibide aipatzen ditu: Beasaingo Manufacturas Olaran eta Legorretako paper fabrika. Lehena, erdi eraitsita dago. Etxebizitzak egiteko bota zuten lantegiaren erdia, 2011n. Legorretako paper fabrika, berriz, nahiko hondatuta dago, eta aldundiak eraisteko asmoa du. Bulegoen eraikina eta tximinia izan ezik, gainontzeko zatirik handiena eraitsi nahi dute.

Erabilera berrien bila

Zerk eragiten du, ordea, industria ondarea balioan ez jartzea? Otamendiren ustez, eragina izan dezake «ondare gaztea» izateak. Hau da, espazio eta denborari dagokionean, gertu dugu oraindik industria. Eta adibide oso argi bat jartzen du: «Erraz ulertzen dugu errota bat kultur ondarearen parte dela. Bada, errotak ere eraikin industrialak dira, baina denboran urrutiago ditugunez, errazago aitortzen diegu balioa». Gauza bera gertatzen da gaztelu edota elizekin.

Dena ez da negatiboa, ordea. Egoera kezkagarria bada ere, irtenbideak eta alternatibak badaude. Otamendiren esanetan, industria eraikinak unean uneko beharretara moldatzeko baldintzarekin eraikitzen dira. Ondorioz, erabilera berriak hartzeko potentzial handiko eraikinak dira, orokorrean. Hau da, industria eraikinak egokiak izan daitezke beste ekintza mota batzuetarako ere. Otamendik argi du bere mezua: «Erabilerarik ez duten lantegiek aukera paregabeak eskaintzen dizkigute!». Lantegi zikinen ordez,  gizarteak ere altxorrak ikustea gustatuko litzaioke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>