Ederfil Becker, hariz hari 50 urte bete arte
Mende erdi bat bete du Ederfil Becker kooperatibak. 1976an Becker enpresatik kaleratuak izan ziren gazteek jarri zuten martxan Ederfil, eta haiek piztutako txinpartaren suak bizirik jarraitzen du.
Ederfil Becker kooperatibak 50. urteurrena du aurten. Hainbat sektoretarako eroale elektrikoak egin ditu bere historia osoan zehar, eta azken urteetan automozio elektrikoaren sektorean dabil buru-belarri. Legorretan eta Alegian lantegi bana ditu.
Ederfil kooperatibaren sorrerarekin erabaki du enpresak urtemuga ospatzea. Izan ere, 1945ean Becker enpresa sortu zuen alemaniar jatorriko familia batek, Alegian jardun zuena. Aitor Goiburu (Idiazabal, 1973) Ederfil Beckerreko zuzendari industrialak azaldu duenez, «hamarkada bukaeran Gipuzkoara eroaleak fabrikatzeko jakinduria familia hark ekarri» zuen. 1976an, berriz, Ederfil kooperatiba sortu zuen Becker enpresatik kaleratua izan zen gazte talde batek, eta 1977an hasi zuten produkzioa. «Hortik aurrera, bi enpresak, Ederfil eta Becker, elkarren lehiatzaileak ziren; 5 kilometroren barruan, bi enpresa gauza bera egiten». Urte batzuen buruan, Becker eskuz aldatu zen, eta 2002an eskaini zitzaion Ederfili Becker erostea, baina baldintza batekin: kooperatiba izatea. 2003an erosi, eta Becker kooperatiba sortu zen.
2003tik aurrera, hala, bi kooperatiba ziren: Becker batetik, eta Ederfil bestetik. Baina elkarlanean aritzen ziren, «gestio bateratu batekin». 2014an bi kooperatibek entitate bakarra sortu zuten: Ederfil Becker Kooperatiba Elkartea.
Aurten ospatzen duten urteurrena, beraz, 1976an gazte talde hark martxan jarritako kooperatibarena da, gerora sortu denaren txinparta izan baitzen.
Produkzioa, ia etenik gabe
Automobilgintza, energia, transformadoreak, eolikoa, motor industrialak eta sorgailu elektrikoak. Sektore horietan egiten du lan nagusiki Ederfil Beckerrek. 2020 ingurutik, baina, automozioan dauka fokua jarrita, «mugikortasun elektrikora begira». Autoentzako piezak egiten dituztenen hornitzaile izan da urtetan, eta azken aldian zuzeneko harremana garatu dute autoak saltzen dituzten enpresekin: «Mugikortasun elektrikoarekin, motorra bera egiteko behar dute haria, eta horren garrantziak eraginda lehen eskutik kudeatu nahi dituzte erosketak autoen ekoizleek», zehaztu du kooperatibako presidente Aratz Alkortak (Zizurkil, 1988). 2000. urtetik automozio sektoreko QW9000 ziurtagiria dauka Ederfilek.
Produktu horrek, motor horiek daramaten hariak, sekulako indarra hartu du kooperatiban. Goiburuk azaldu duenaren arabera, 2018an hasi ziren lehenengo probak egiten, eta 2020tik ia 20 milioi euro inbertitu dituzte produktu hori egiteko lineetan. Bilakaera horren erakusgarri da Legorretako lantegian eraikitako dorre berria, 2024an hasi eta aurten amaitu dutena.
Ekoizpenaren %80 baino gehiago esportatzen du Ederfil Beckerrek. Goiburu zuzendari industrialak azaldu duenez, «hasieratik» izan du Ederfilek «nazioartekotzeko bokazioa». 1980ko hamarkadan Frantzian delegazioa zeukan, hango merkaturako, eta 1994an Alemanian ireki zuen ordezkaritza. Handik zabaldu zen Europara: «Gero ireki ziren Erresuma Batuan, Italian eta Afrika iparraldean». Espainiako estatuan zuzeneko lehiatzaile bakarra dutela azaldu dute Ederfileko arduradunek –zortzi hari ekoizle egotera iritsi zen–, baina Europan, «Turkia aldean konpetentzia oso gogorra» dute.
Gaur egun, 170 bat pertsonak osatzen dute enpresa, Legorretan eta Alegian banatuta. Gehienak Goierrikoak eta Tolosaldekoak dira. Haritz Kerexeta (Legorreta, 1981) bazkideak dioenez, «asko gaztetu» da lantaldea. Baserritar munduko jendea kontratatzeko apustua izan zen sorreran, «jende zaildua, lanari beldurrik ez zion jendea», eta harrezkero 50 urteotan asko aldatu da langileen profila, gainerako industria lantegietan gertatu den moduan. «Apustua berrikuntzaren alde egin da, I+G+Bn; ingeniariak, proiektuak gidatuko dituztenak, eta komertzial arloan hizkuntzak dakizkitenak».
Urtean bi alditan soilik gelditzen dute produkzioa, udan eta Gabonetan, mantentze orokorra egiteko.
Etorkizuneko langileentzat aukera
Hainbat erronka ditu Ederfil Beckerrek. Jasangarritasuna da horietako bat. «Green kontzeptua oso barneratuta daukagu, kobrea ondo birziklatzen den metala da, eta asko neurtzen dute karbono aztarna proiektuetan sartzeko», azaldu du Goiburuk. Beste erronka garrantzitsu bat «etorkizuneko aldaketa teknologikoekin batera» joatea da, berrikuntzen abangoardian egotea.
Gazteentzat erakargarri izatea ere erronka dela aipatu dute, baina 24/7 sistema jarraituan lan egitearen ondorioz ez da erraza: «Garbi eduki behar duzu zer dagoen». Gazteak erakartzeko, Goierri Eskolaren «laguntza handia» dute, akordio bat bitarteko: «Goi maila bukatzen dutenekin, ingeniaritza campusarekin, edo gradu amaierako lana gurekin egiten dutenekin, aukera ematen digu zer egiten dugun erakusteko. Guretzat harrobi garrantzitsua da profil tekniko landu baterako».
Haritik harira, mende erdi bat darama Ederfil Beckerrek, eredu kooperatiboa oinarri, eroaleen irtenbide industrialak ematen. Energia hori bizirik mantentzea dute helburu etorkizunean, proiektua aurretik egon zirenen eskutik jaso ondoren, etorriko direnei are hobeto uzteko. ■
Legorretako herriari eskerrak emateko
Mende erdia ez da egunero betetzen. Urtemuga horri dagokion garrantzia emate aldera, 50 urte bizitza kooperatiboa harituz liburukia argitaratu dute barne komunikaziorako, «urte hauetako lana eta historia jasota gera daitezen». Horrez gain, apiriletik uztailera bitartean hainbat ospakizun ekitaldi antolatu ditu Ederfil Beckerrek.
Apirilaren 18an izan zen lehen ekitaldia. Jubilatuen eguna ospatu zuten Legorretako lantegian. «Jubilatu denak gonbidatu genituen fabrikak ikustera, eta bazkaltzera joan ginen gero», azaldu du Aitor Goiburuk.
Bigarren ekitaldia, aldiz, familientzako eguna izan zen, maiatzaren 30ean. 260 pertsona baino gehiago elkartu ziren egun hartan. Bisitak antolatu zituzten, eta jai giroa izan zuten lantegi aurrean, puzgarri eta guzti.
Bihar, ekainaren 13 larunbata, ekitaldi irekia egingo dute, Legorretan. «Hori jada Legorretako herriari eskerrak emateko modu bat da. Beti oso harreman ona eduki dugu, eta pentsatu genuen aurten herriari eta inguruari zuzendutako ekitaldi bat egitea». Eta egitarau puska antolatu dute: 18:30ean 11 sagardoren dastaketa egongo da, 19:00etan txekor errea jateko aukera, eta 22:30ean Süneren eta Oilar Beltzak taldearen kontzertuak.
Ospakizunei amaiera emateko, uztailaren 31n, San Inazio egunean, langile guztiek elkarrekin bazkalduko dute.
Aurrera begira, helburua argi dute: «Aurreko belaunaldiek eta jubilatuek egindako lanari jarraipena eman, eta gaur egungoa indartuta etorkizuneko langile horiei ere jarraitzeko aukera ematea». ■


