«Nire momentua da eta aprobetxatu beharra dut»
Gorka Zufiaurrek (Urretxu, 1978) makina bat antzezlan, telesail eta pelikulatan lan egin du. Gaur egun, ‘La que se avecina’ telesailean ari da. 14 urte bakarrik zituen lehenengoz film labur batean parte hartu zuenean. Oso lan ona egin zuen, gustatu egin zitzaion eta bere gurasoek oso aberasgarria izan zitekeela pentsatu zuten. Ordutik, oso aktore ezagunekin lan egin du: Ramon Agirre, Klara Badiola, Itziar Ituño, Gorka Otxoa, Jose Coronado…
Non egin zenituen ikasketak?
Oinarrizko ikasketak Urretxuko Gainzuri ikastetxean egin nituen eta gero REM (irakaskuntza ertainen erreforma) egin nuen Legazpin. Azkenik, Lanbide Hastapeneko Zentroan tapizgintza, soldadura eta eraikinen oinarrizko mantenua ikasi nuen. Asko ikasi dut.
Nola gogoratzen dituzu Gainzurin emandako urteak?
Ondo ibiltzen ginen. Lagun asko egin nituen. Kalean beraiekin gelditzen naiz oraindik.
Nolatan hasi zinen antzerki munduan?
14 urterekin hasi nintzen, kasualitatez. Atzegitik deitu zuten. Bi mutil joan ziren, film labur bat egiteko asmoarekin. Protagonista bezala Down sindromea duen norbait behar zuten eta, amak beti Atzegirekin kolaboratu duenez eta ni ezagutzen nindutenez, amari deitu zioten. Etxera etorri ziren eta lana egiteko egokia nintzela iruditu zitzaien.
Zein zen film labur hura?
Aquel mundo de Jon. Nik Jonen rola bete nuen. Gurasoek munduko gauza politak bakarrik erakusten zizkioten. Eskolarekin Bertizko Jaurerrira egindako txango batean galdu egin zen eta munduko gauza zatarrak ezagutu zituen. Horren ondorioz, Jon aldatu egin zen. Baina gauza txarrak erakutsi egin behar dira. Munduan gauza onak eta txarrak daude eta bi aldeak ikusi behar dira. Txarrak zeintzuk diren jakin behar da, kontra egin ahal izateko.
Antzeztea asko gustatu zitzaizun nonbait, ordutik ez baitiozu utzi.
Antzeztea asko gustatu zitzaidan, bai. Hala, Karmakros antzerki tailerrera joan ginen. Izan ere, antzerki taldeetan asko ikasten da. Juanlu Escuderorekin eta Oscar Cadiernorekin asko ikasi nuen, eta lagun asko egin nituen.
Garai hartan John Anduezarekin ere lan egin zenuen.
Nire laguna da. Berak Down sindromea duen arreba bat du. Bernardette du izena. Bere omenez, Bernar izeneko film laburra egin genuen. Mamuaren papera egiten nuen. Oso polita zen. Ondoren, Bilintx egin nuen. Anduezak Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin lan egiten zuen, eta Bilintx beraiekin egin nuen, baita egun oso ezagunak diren aktore batzuekin ere. Gorka Otxoa, adibidez. Diskriminazioari buruzkoa zen. Nire pertsonaia proba batera aurkeztu zen Charlotez jantzita, barre egin zioten eta goibel jarri zen.
Aktore ezagun askorekin lan egin duzu.
Ezagunak ez direnekin ere bai. Gure kabuz, Gainzuriko ikaskide baten laguntzarekin, El quinto jugador film laburra egin genuen Txolarte aisialdi taldean. Baina bai, aktore ezagun askorekin lan egin dut. For the good times film laburrean, adibidez, Ramon Agirre, Klara Badiola eta Itziar Ituñorekin lan egin nuen. Familiako semearen mutil-laguna nintzen.
Film luzeei buruz, zer esan… ‘El hoyo’ eta ‘Fuego’ pelikuletan lan egin duzu. Azken horretan, Jose Coronado ezagunarekin lan egin duzu.
Azken pelikula horretan ETAko kide baten semea naiz. Coronadoren emaztea atentatu batean hil zen, eta bere asmoa ni eta nire ama hiltzea da. Coronadorekin harremana dut oraindik. Oso jatorra da. Fuego pelikula Netflixen ikus daiteke, eta jende askok zoriondu nau egindako lanagatik.
Zure azken pelikula, ‘Castigo Divino’, Zumarragan eman zuten. Herritarren maitasuna jaso zenuen.
Ez nuen omenaldia espero, eta oso polita izan zen. Karmakroseko lagunak ere bertan izan ziren, Coronadok mezu bat bidali zuen…
Telebistan ere lan egin duzu.
Goenkale, Gure familia eta beste piztia batzuk... Orain, La que se avecina telesailean lan egiten ari naiz. Oso ondo pasatzen ari naiz eta jende asko ezagutzen ari naiz. Talde osoa oso ondo portatzen ari da nirekin. Aurreko denboraldian bi kapitulutan parte hartu nuen, baina hurrengoan gehiagotan lan egingo dut. Hiru grabatu ditut dagoeneko.
Zer gehiago duzu eskuartean?
Cesar Velasco Rocarekin El futuro testamento pelikula egin behar dut. Madrilen eta Errioxan filmatu behar dugu. Gustagarria da, baina neketsua ere bai. Bidaia asko dira eta dena ez da ondo ateratzen. Iaz, itzalaldi handiak Madrilen harrapatu gintuen. Gran Vian, hain zuzen ere. Ez genuen dirurik, kutxazain automatikoek ez zuen funtzionatzen, telefono mugikorrak ere ez… Oso gaizki ibili ginen. Trenean joaten gara Madrilera, eta beste behin urak trenbidea estali zuen eta denbora asko egon ginen geldirik. Bidaiatzearen kontuak… Madrilen ondo moldatzen gara dagoeneko. Gustuko hostal bat aurkitu dugu eta beti hara joaten gara.
Bolada onean zaude.
Nire momentua da eta aprobetxatu beharra dut. Batala mendi lasterketa inklusiborako bideo bat ere egin dut, Imanol Garmendia lagunak eskatuta.
Ezaguna egin zara jada.
Aurten ez nau inork gelditu, baina iaz gazte talde bat gerturatu zitzaidan. Argazkiak atera zituzten nirekin. Taxilari batek ere La que se avecina telesailean egindako lanarekin barre asko egin zuela esan zidan.
Aktore lana egiteaz gain, Galdeano patata biltegian lan egiten duzu.
Hogei urte baino gehiago daramatzat bertan lanean. Patatak sailkatzeaz, txarrak kentzeaz, garbitzeaz, poltsan sartzeaz… arduratzen naiz. Oso gustura nago lanean. Sergio Gonzalez de Galdeanori, nire nagusiari, eskerrak eman nahi dizkiot. Izan ere, antzezlan, telesail edo pelikula batean lan egin behar dudan bakoitzean, baimena ematen dit. Ez dit inoiz eragozpenik jartzen. Lanbide hastapeneko zentroko ikasketa amaitu ondoren hasi nintzen Galdeanorekin lanean. Aktore lanarekin uztartu zitekeen lan bat nahi genuen. Galdeano nire lehengusu batekin ezkonduta dago eta horregatik jo genuen berarengana. Proba bat egin zidaten eta handik gutxira finko egin ninduten.
Kirola ere gustuko duzu.
Txikitan judoa egin nuen, eta igeriketa ere egin dut. Orain gimnasiora joaten naiz. Oso talde ona dugu eta Amaia monitorearekin oso ondo moldatzen gara.
Beste zaletasunen bat ba al duzu?
Play Stationen jolastea. Akziozko jokoak gustatzen zaizkit, batez ere. Bestalde, asteburuetan poteatzera ateratzen naiz familiarekin.
Etxe handi batean bizi zarete. Zein da zure zeregina?
Animaliak zaintzen ditut. Jaikitzen naizenean egiten dudan lehen gauza oilategira joatea da. Pentsua eta ura ematen diet eta arrautzak jasotzen ditut. Ondoren, gosaldu egiten dut. Garbiketa lanak ere egiten ditut.
Ametsen bat gelditzen al zaizu betetzeko?
Nire ametsa horrela jarraitzea da.
Baina, aukeran, norekin gustatuko litzaizuke lan egitea?
Santiago Segurarekin, adibidez. Torrenteren lagunaren rolean ondo moldatuko nintzateke. Almodovarrekin ere gustura lan egingo nuke. Baina gehien gustatzen zaidana Wesley Snipes da. Oso aktore ona da. Blade egin du, besteak beste. Baina ingelesez ez naiz oso ondo moldatzen… Dena den, oso pozik nago. Nork esango zidan horrenbeste lan egingo nuenik…
Urretxun aktore harrobi bikaina duzue: Joseba Apaolaza, Jon Plazaola, Gorka Zufiaurre…
Iparragirreren herrikoak gara eta! Noan tokira noala, Iparragirreren herrikoa naizela esaten dut. Urretxu ez dut saltzeko. Beti urretxuarra eta Realekoa! Kopako finalaren ondoren, Madrilera joan ginen lehen aldian zoriondu egin gintuzten. ■
Familia, Gorkaren euskarria
Gorka Zufiaurrek gehien baloratzen duena familia da. Hori dela eta, argazki kuttunaren atalerako familiarekin ateratako hiru argazki aukeratu ditu: bat Menorcan (Herrialde Katalanak) oporretan, bestea Irimo mendian, eta azken hau etxeko terrazan. Elena amarekin, Jesus Mari aitarekin, Sara arrebarekin, Gabriel koinatuarekin, eta Laia eta Pau ilobekin ageri da.
Gorkak familia guztia maite du, baina ama, ama da. Elena Niñok lehen egunetik Gorkak ahalik eta bizitza osoena izateko lan egin du eta hamaika ekimenetan parte hartzera animatu du. «Bikote banaezina gara. Gorkaren ama, managerra, ‘coach’-a, gidoi errepasatzailea… naiz», dio txantxetan. «Amak niretzako onena nahi du», gehitu du Gorkak.
Elena Niñok baserrian lan egin zuen eta Jesus Mari Zufiaurrek Irimo lantegian. Sara eta Gabriel, berriz, musikariak dira. «Nire arreba artista handia da. Klarinetea jotzen du Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, eta nire koinatuak txeloa jotzen du Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. Noizean behin beraien kontzertuetara joaten gara. Osaba egin naute. Laiak 14 urte ditu eta Pauk 11. Laiak gitarra jotzen du. Pauri, berriz, pilota eta futbola gustatzen zaizkio. Kopa asko irabazi ditu. Noizean behin paga ematen diet. Maitagarriak dira eta oso gustura egoten gara elkarrekin», aipatu du Gorka Zufiaurrek.
Urretxuko aktoreak bere ilobak maitagarriak direla dio, eta hori da, hain zuzen ere, bere ezagun guztiek berari buruz diotena. «Ez dago nahikoa paperik Gorka guretzat zer den azaltzeko. Gure helburua Gorkaren normaltasuna izan zen, eta lortu dugula uste dut. Garai hartan ez zen arrunta Down sindromea zutenek bizitza normala izatea, eta hori izan zen gure borroka», aipatu du Elena Niñok.
Bere amak aipatu bezala, helburua gainditu egin zuten. Izan ere, espero baino askoz ere gehiago lortu dute. «Nork esango zigun guri honaino helduko ginenik? Baina niri mundu hori asko gustatzen zait, betidanik, eta hori ere lagungarria izan da. Gustukoa dut eta denbora dut».
Bide horretan lagun asko izan dituzte. Horietako bat Juanlu Escudero aktore zumarragarra izan da. Berak eta Oscar Cadiernok Karmakros antzerki tailerraren ateak ireki zizkioten eta zekiten guztia irakatsi zioten. «Gorka guregana etorri zenean, urte batzuk generamatzan dagoeneko lanean. Bere presentzia flash bat izan zen: ezaugarri zehatz batzuk zituen pertsona bat heldu zen eta guretzat erronka izan zen. Antzerki taldeko ateak mundu guztiarentzat zabalik zeuden eta, beraz, ongi etorria izan zen. Gainera, ordurako aktore lanean ibilia zen».
Gorkaren ailegaera Karmakros antzerki taldearentzat ere ona eta positiboa izan zela dio Juanlu Escudero aktoreak. «Lan egiteko modu bat geneukan, ohitura batzuk genituen, eta aldatu beharra izan genuen. Gorka oparia izan zen guretzat. Aberastu egin gintuen. Gorka oso positiboa da, ezberdina, eta burua eta bihotza ireki zizkigun. Emanaldi guztietan parte hartzen zuen. Berarentzako moduko pertsonaiak sortzen genituen eta primeran lan egiten zuen».
Gorkak egindako pertsonaia bat askotan gogoratzen du. «Behin, baltsa batean zihoazen naufragoak ginen. Inprobisatzen ari ginen. Ez genuen janaririk, ez genuen urik… eta soberan zein zegoen arrazoitu behar genuen. Psikologian, pedagogian eta aktoreen artean askotan egiten den ariketa bat da. Gorkak ez zuela eztabaida gehiago nahi esan zuen, eta uretara bota zuen bere burua. Zumarragako gasolindegian grabatu genuen bideoa eta kiroldegian grabatu genuena ere askotan gogoratzen ditut. Beti oso ondo lan egiten zuen. Erronka guztiei aurre egiten zien eta dena ematen zuen. Oso lan politak egin zituen», oroitu du Escuderok.
Bukatzeko, Gorkaren profesionaltasuna azpimarratu du. «Astean bi egunetan elkartzen ginen. Hamar gutxietarako Gorka han egoten zen beti. Egun txarra izan banuen ere, esandako ordurako joaten nintzen beti, Gorka zain egongo zela bai bainekien. Gorkak denok berdinak garela irakatsi zigun. Sekulako ekarpena egin zion antzerki taldeari». ■


