Kontsumo ereduak ere badu zer eraldatu
Goierriko ekoizleekin batera garatutako adierazle sistema gizarteratzeko eta komunitatearekin partekatzeko hainbat jarduera egingo ditu Biziolak irailera bitartean, fokua kontsumitzaileengan jarrita.
Azken urteotan argi geratu da elikadura sistemaren zaurgarritasuna zertarainokoa den. Pandemiak, nazioarteko gatazkek, energiaren prezioen gorakadek eta lehengaien eskasiak erakutsi dute eguneroko bizitzan beharrezko diren produktu askoren hornikuntza milaka kilometrora hartzen dituzten erabakien menpe dagoela. Ormuzeko itsasadarraren inguruko tentsioek edo nazioarteko merkataritza-bideen gorabeherek zuzenean eragiten dute ekoizpen kostuetan, garraioan, eta azken finean, eguneroko elikaduran.
Testuinguru horretan, Biziolak uste du «gero eta garrantzitsuagoa» dela elikadura burujabetzaz hitz egitea, «hau da, herri eta komunitateek beren elikadura sistema erabakitzeko, antolatzeko eta garatzeko duten gaitasunaz». Kontua ez da soilik elikagaiak ekoiztea, baizik eta elikagai horiek nola ekoizten diren, nondik datozen, zein baliabiderekin egiten diren eta lurraldeari zein komunitateari zer ekarpen egiten dioten ere kontuan hartu behar dela aldarrikatzen du.
Ekoizpen sistemetan «kanpo-dependentziak murriztea ezinbesteko» jotzen du . «Pentsuak, ongarriak, energia edo bestelako lehengaiak urrutitik ekarri behar direnean, gure elikadura sistema ahulago bihurtzen da. Aldiz, bertako baliabideetan oinarritutako ekoizpenek erresilientzia handiagoa dute, krisiei hobeto erantzuteko gaitasuna ematen dute eta lurraldeko ekonomia indartzen dute».
Biziola kooperatibak Goierriko ekoizleekin batera garatutako adierazle sistemak «tresna baliotsua» eskaintzen du bide horretan. Hamar adierazleren bidez –ikus 13. orrialdeko taula–, nekazaritza-proiektuen iraunkortasuna, autonomia eta gizarte-ekarpena aztertu dituzte, trantsizio ekosozialerako norabidea markatuz.
Diagnostikoaren emaitzak
Goierriko hogei nekazaritza proiektu aztertu zituen diagnostikoa osatzeko lehen fasean, eta azken urtean ekoizleen mapa osatzen ari da. «Azterketak dio lehen sektorean trantsizio ekologikorako oinarri sendoa badagoela, baina funtsezko erronkak ere badaudela: errentagarritasun ekonomikoa, lan-baldintzak hobetzea, tokiko lehengaien eskuragarritasuna handitzea, energia eta ontziratze-sistemak hobetzea eta administrazio-karga arintzea».
Diagnostikoak honako indarguneak nabarmendu ditu: ekoizle askok dagoeneko praktika agroekologikoak erabiltzen dituzte; animalien ongizatea orokorrean ona da; nekazaritza proiektuetan dibertsifikazio handia dago, eta askok jarduera bat baino gehiago uztartzen dituzte; baratzezainen %100ek ekoizpen ekologikoa egiten dute; proiektuen %85ek elikagaiak eraldatzen dituzte, eta gehienetan etxeko lehengaiak erabiltzen dituzte, gehigarri gutxirekin; salmenta zuzena da nagusi.
Identifikatutako erronken artean, honakoak jaso dituzte txostenean: pentsu eta zereal ekologikoen menpekotasuna dago, eta horien jatorria sarritan eskualdetik kanpokoa da; larreak alokatzeko zailtasunak daude, prezioen igoeraren ondorioz; ontziratzean plastikoaren erabilera mantentzen da produktu askotan; eraldaketa prozesuek energia kontsumo handia dute, eta energia-beharrak handiak dira; nekazariek lanordu asko egiten dituzte, ekoizpena, eraldaketa, salmenta eta administrazio-lanak eurek kudeatzen dituztelako; burokrazia eta araudi administratiboak zama handia dira sektorearentzat.
Kontsumitzaileen ardura ere bai
Horregatik, elikadura burujabetza ez dela soilik ekoizleen ardura uste du Biziolak. «Kontsumitzaileok ere badugu zeresana. Erosketa bakoitzean erabakitzen dugu zer elikadura sistema babesten dugun: urrutiko kate globalen eta ahulen aldekoa, ala bertako ekonomia, baserriak, lan duina eta ingurumenaren zaintza lehenesten dituena. Tokiko produktuak aukeratzea ez da soilik kontsumo erabaki bat; lurraldearen etorkizunaren aldeko apustua da».
Adierazle sistema hori gizarteratzeko eta komunitatearekin partekatzeko, eta tokiko elikadura sistemaren inguruko hausnarketa kolektiboa sustatzeko hainbat ekimen egingo ditu Biziolak ekainetik irailera: tailerrak, hitzaldiak –atzo egin zuten lehena Brinkolako Bemendi proiektuari buruz– eta ekoizleengana bisitak, besteak beste. ■
Biziolaren Adierazle Sistema
Adierazle sistema sortzeko honako helburu, metodologia eta funtzioak finkatu ditu Biziolak.
- Helburua. Nekazaritza-ekoizpen proiektuen eraldaketa ekologikoa, jasangarria eta bidezkoa neurtzea eta sustatzea.
- Metodologia. Goierri inguruko 20 ekoizpen proiektutan bisitak egin dira hasierako diagnostikoa egiteko.
- Funtzioa. Ekoizleen balioak ikusarazi eta trantsizioaren jarraipena egiteko tresna izatea.
Adierazle sistemaren bidez, etorkizunari begira nekazaritza-proiektuen iraunkortasuna modu integralean sustatu nahi da, ingurumen, gizarte eta ekonomia alderdiak uztartuz, eta kontsumitzaileen artean kontzientzia sortuz.
- Animalien elikadura. Bertako eta ekologikoki ekoitzitako pentsu eta bazken erabilera. Kanpoko inputen mendekotasuna murriztea.
- Ongarri naturalak. Ongarri organikoen eta naturalen erabilera lehenestea. Hondakinen birziklapena eta lurzoruaren emankortasuna zaintzea.
- Abereen osasuna. Prebentzioan oinarritutako osasun-kudeaketa. Antibiotikoen eta tratamendu kimikoen erabilera minimizatzea.
- Lurzorua zaindu eta hobetzeko estrategiak. Materia organikoa handitzea. Higadura saihestea eta biodibertsitatea sustatzea.
- Nekazal proiektuaren dimentsioa. Ustiategiaren tamaina eta lan-karga orekatua izatea. Jardueraren bideragarritasuna bermatzea.
- Produktuen ontziraketa. Ontzi berrerabilgarriak, konpostagarriak edo birziklagarriak erabiltzea. Hondakinak gutxitzea.
- Elikagaien eraldaketa. Eraldaketa prozesu naturala eta nutrizio-kalitatea mantentzea. Gehigarri kimikoak minimizatzea.
- Lan baldintzak eta ongizate pertsonala. Lan-baldintza duinak eta seguruak bermatzea. Ekoizleen ongizate fisikoa eta emozionala kontuan hartzea.
- Salmenta bideak. Tokiko merkatuak eta zuzeneko salmenta sustatzea. Kontsumitzailearekiko harreman zuzena indartzea.
- Parte-hartzea eta konpromisoa. Komunitatean eta sareetan inplikazioa. Ezagutza partekatzea eta trantsizio kolektiboa sustatzea.


