Izan gaitezen

Itxaro MendizabalGaur nire urtebetetze eguna da (uztailaren 4a), duela 39 urte atera ninduten gure amaren sabeletik. 4. eguna, 7. hilabetea, egun polita mundura etortzeko. Beste guztiok bezala, ez dut egun horretako gauza gehiegi gogoratzen. Amak kontatu zidan gauza bakarra, bere besoetan jarri ninduten momentuan buruan zauri bat nuela izan zen, medikuek ez omen zioten ezer esan, baina zesarea egiteko momentuan, egindako ebakitxo bat neukan buruan, merkromina gorriaz ondo kamuflatuta. Egun horretaz eta jarraitu zuten beste egun eta hilabeteez gehiago jakitea gustatuko litzaidake, baina tamalez ezin dut. Horretarako nuen denborak ihes egin dit. Beti bezala, ez gara konturatzen kontatu gabeko mila gauza ditugula gordeak, interesatuko zaion pertsona horri esan gabe… horretarako egokia izango den, eta agian iritsiko ez den egunaren zain.

Egunerokoan sartuta gaudenean, daramagun bizitza azkar honetan denok geldialdi bat egin beharko genuke. Maite ditugun pertsonei egunero Maite zaitut esan beharko genieke, behin eta berriz, barruak eskatzen digun guztietan. Duela urtebete idatzi nituen hitz batzuk gogoratu dizkit gaur sare sozial ezagun batek eta zuekin konpartitu nahiko nituzke: «Azkeneko urtea oso intentsoa izan da. Terapian hasi naiz. Terapian, bai. Orain arte bizi izan ditudan etapa batzuk ixteko beharra sentitu dut, eta horretarako atzera buelta egin eta orain arte pasa dudana poliki-poliki berriro atera, analizatu eta ulertu dut. Dena bir-bizi eta aurretik pasatako gauzek orain naizena nola eraiki duten ulertu dut. Ulertze hori gogorra izan da. Pasa ditudan gauza asko ahaztu nahiko nituzke, eta ahaztu nituen asko, berriz, berriro bizitzea tokatu zait. Azken aldi honetan lagun eta ezagun asko joan zaizkit ondotik; istripu, gaixotasun, haserraldi… hor ikusten da bizitza zein krudela eta bihozgabea izan daitekeen batzuetan. Gainera, errealitate bat da, ezer ez da betiko, eta gu ez gaude hemen betirako. Egunen batean gure ordua iritsiko da, eta noiz izango den ez dakigunez, bizi garen bitartean ahal den hoberen bizi behar garela pentsatzen hasia naiz. Gauza ez da paso de todo egitea, ez. Benetan garrantzitsuak diren pertsona eta gauzei indarra ematea da oinarria. Egunerokotasunean bizi, gustuko ditugun gauzak egin, paseatu, bidaiatu, deskantsatu, eskulanak egin… zerk betetzen gaituen detektatu, nolakoak garen ezagutu, sufrimendua eragiten digun horretatik urrundu, bakarrik egoten ikasi… eta, batez ere, gure buruari denbora eskaini».

Gure seme-alabekin kalitatezko denbora partekatzea, beraien txikitako gauzak kontatzea, idatzita uztea… polita litzateke. Ez dezatela/dezagula egun batean hori faltan eman.

Bizitzan zehar topatzen dugun pertsona orok eragina izango du guregan. Batzuk gure barruko hoberena ateratzeko gaitasuna izango dute, beste batzuek berriz, etorri bezala alde egingo dute, eta gutxi batzuk, barruak mugituko dizkigute. Baina denek, modu batera edo bestera, gure bizitza baldintzatuko dute. Denegandik ikasiko dugu zerbait. Baina gurasoengandik jasotakoak ez du parekorik.

Izan gaitezen bidelagun, izan gaitezen guraso, izan gaitezen gu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>