«Azokak herritarrentzako topaguneak dira»
Astearteetan Beasainen, asteazkenetan Ordizian, ostegunetan Elgoibarren, eta ostiraletan Legazpin. Herri horietako azoketan hutsunea utzi du Raul Argaizek. Azokaz azoka arropa saltzen 42 urtean ibili eta gero,jubilatu berria da Raul Argaiz Ramila (Ordizia, 1961). Orain dela 42 urte hasi zen Legazpin azokan saltzen, eta Legazpin bertan itxi zuen ibilbide luze hori duela aste gutxi. Emakumezkoen arropak saldu ditu azken urteetan Gipuzkoako lau herritan, eta sektorea ondo ezagutzeko bidea eman dio horrek.
Nola hasi zinen azoketan?
Aspaldi, 23 urte inguru nituela. Krisi gogorra izan zen 1980ko hamarkadan, eta garai zailak ziren lanari zegokionez. Ni aseguruak saltzen nenbilen, ordu asko sartuta. Lan gogorra zen, eta emaitza kaskarrak lortzen nituen. Baina auzoko Jose Luis eta Jesus Diego Pascual anaiek animatuta, azoketan hasi nintzen. Abereak, txoriak, alpistea eta horrelakoak saltzen zituzten. Haien postuaren ondoan jartzen nintzen.
Zergatik jo zenuen azokara?
Etorkizuna ikusi nion lanbideari. Bi anaiek denbora zeramaten mundu hartan, ondo ezagutzen zuten azoken mundua eta nola funtzionatzen zuen, eta haiek animatuta, posible izan zitekeela pentsatu nuen. Hala, metro gutxiko postua jarri, eta aurrera.
Nolakoa izan zen hasiera hura?
Hasieran bi anaiekin joaten nintzen, eta gero nire kontura. Azoka batzuk irekiak ziren, nahi zenuenean joan eta kito, baina beste batzuetan postuak finkoak ziren, eta horiek eskatu eta plazak lortuz joan nintzen. Horrela, autonomoetan alta eman, eta formal hasi nintzen lanean.
Postua jartzeko ere ordaintzen da.
Bai, izan postu librea edo izan finkoa. Librea zenean, udaltzaina edo arduraduna etortzen zen kobratzera, eta agiria ematen zigun. Postu finkoarekin, ordainketa bankutik egiten zen.
Zeinek du azoken ardura?
Udalena da. Plazak lortzeko ere eskaera udalean egin behar duzu. Horretarako, zer saltzen duzun, zenbat metro behar dituzun eta informazio eta dokumentazio gehiago eman behar diezu, eta zure eskaria onartu egiten dute, edo ez. Postua jartzeagatik kobratzen den tasa ere udalarena da.
Zerekin hasi zinen zu?
Drogeria produktuekin, batez ere. Mundu horretan sartzeko modua izan zen, eta ikusteko nola zegoen, zer egin zitekeen, informazioa lortzeko; adibidez, galtzerdiak Burgosko Pradoluengon zeudela, arropa Katalunian erosten zela, bereziki Mataron… Horrela, gustatzen zitzaidana aukeratu nuen, eta ehunezko gaiekin hasi nintzen, emakumezkoen arroparekin batez ere. Garai batean gizonezkoen arropa ere saldu nuen, baita barruko arropa ere.
Zer material behar da azokarako?
Lehen mahaiak erabiltzen genituen generoa erakusteko, guk egindakoak gehienetan, edo errementari bati enkargatutakoak. Orain profesionalagoa da mundu hau, eta bada jendea azoketarako materiala egiten duena, batez ere Katalunian, Aragoin eta Alacanten. Postuak lehen askoz ere finkoagoak ziren, toldoekin eta, eta orain arinagoak dira eta muntatzeko errazagoak. Karpak iritsi direnetik, horiek bi minutuan muntatu eta barruan egiten duzu lan, busti gabe. Orain dena erosoagoa da.
Non gordetzen duzue generoa?
Lokal batean, edo generoa eramateko erabiltzen dugun furgonetan bertan. Furgonetak ere aldatu dira, orain lehengoak baino handiagoak erabiltzen ditugu, nik behintzat. Ni Seat Panda furgoneta batekin hasi nintzen, gero handiagoa hartu nuen.
Ordutegi zaila al duzue?
Hori ere aldatu da. Gu orain 07:00etan edo 07:30ean iristen gara eta generoa deskargatzen dugu. Leku batzuetan ibilgailua postu ondoan edo gertu uzteko aukera izaten dugu, eta tokia erreserbatuta daukagu inguruan; baina beste batzuetan aparkalekua bilatu behar izaten dugu, eta hainbatetan baita ordaindu ere. Horretan udal batzuen eta besteen jarrera oso desberdina da. Ibilgailua postuaren atzealdean uzteak asko laguntzen digu, haizea baldin badago babestuago dagoelako, eta alderantziz, beste toki batean utzi behar baduzu, postua bakarrik geratzen da deskargatu eta aparkatzera zoazen tarte horretan, ondoko saltzaileek gainbegiratuta. Gure artean badugu laguntasuna, alde horretatik. Eta desmuntatzeko, berdin. Orain 12:30-13:00 aldean hasten gara jasotzen, jendea gutxitzen hasita dagoenean, lehen baino goizago.
Jendeak jarraitzen al du erosten?
Jendea etortzen da oraindik, eta beti izaten du zer erosi. Baina egun batzuetan gehiago saltzen da, besteetan gutxiago…
Aldatu al dira erosleak?
Bai, belaunaldi gazteak ez dira etortzen, joera bihurtu da hori. Nik esango nuke bi belaunaldi galdu ditudala nire erosleen artean. Nik amei saldu diet, eta haien alabei gero… baina hortik aurrera ez, gazteei ez.
Lehen azokan arropa erostea gutxietsita zegoen.
Bazegoen jendea gure arropa gutxiesten zuena, bai. Baina asko konturatu dira kalitatezko arropa saltzen dugula; hori bai, prezio bati egokitutakoa, ez dugulako oso arropa garestia saltzen. Lehen gehiago pentsatzen zen denda fisiko batean erositakoan eta gehiago ordaindutakoan zerbait hobeagoa erosten zela, eta agian hala zen. Baina zer gertatzen zen? Hainbeste diru ordaindutako jantzi bat amortizatzeko, denbora askoan eraman behar zela, eta azokan diru gutxiagoarekin erosita, bazegoen arropaz aldatzeko aukera. Bezeroa ez zen gaizki jantzita joaten, eta kalitatezko arropa zen gainera. Azokan kalitatea badago, baina egia da kalitate gehiagoko arropa ere badagoela. Hala ere, batzuetan arropa berdina saltzen dugu guk eta dendek, dena globalizatu egin delako, eta askotan toki berean erosten dugulako.
Jendeari gustatzen zaio azoka?
Bai! Jendeari asko gustatzen zaio postuz postu ibiltzea, gauzak ikusten. Azokak badu gauza bat ona, eta da ateak irekita daudela, ez dela komertzio batera edo leku fisiko batera sartzea bezala. Askatasun handia du jendeak.
Nola tratatzen zaituztete udalek?
Nik uste dut ohitura jarraitu besterik ez dutela egiten, inertziaz funtzionatzen uzten dietela azokei, eta saltzaileokin ez dutela askotan kontatzen.
Baloratzen al dituzte?
Azokak topagune dira, eta udalek ez dute kontuan hartzen inbertsio gutxirekin inpaktu ekonomiko handia eragiten dutela herri batean. Azoka egunean jende asko hurbiltzen da postuetara, aste osoan agian bere auzotik ateratzen ez dena, eta egun normal batean baino mugimendu handiagoa izaten da herrian, postuetan eta gertuko dendetan eta tabernetan. Horri ez diote duen balioa ematen.
Zer egin dezakete azokari laguntzeko?
Ez dakit, baina argi dago ezin dutela azoka galtzen utzi, behin galtzen bada oso zaila delako berreskuratzen. Agian batzuek erraztasun handiagoak eman beharko lizkiekete saltzaileei, aparkatzeko orduan esaterako, edo postu baten alta edo baja emateko egin behar den tramitazioak erraztuta.
Zuk utzi duzu. Badator erreleborik?
Ez. Jende askok ez dio etorkizunik edo ziurtasunik ikusten lanbideari. Gazteek ez dute lan hau nahi, eta hasten diren asko kanpotarrak dira, batez ere marokoarrak, beren lan egoerarentzako irtenbide gisa ikusten dutelako, nonbait. Gaur egun norbere kontura lanean jartzea konplikatua da, eta jendearentzat erakargarriagoa da enpresa batean lan egitea eta hil bukaeran kobratzea. Negozio bat izateak beste alderdi batzuk ditu, zeuk egin behar duzu dena eta 24 orduan duzu buruan. Gure kasuan, azokan, egun batzuetan ez da dirurik irabazten, euria egiten duelako edo haize handia dagoelako ez delako ezer saldu, eta diru sarrerarik ez badago ere, gastuek ez dute barkatzen, eta udalari ordaindu behar diozu, BEZaren aurkezpena egin behar duzu, gasolioa, generoa ordaindu, soldata…
Zer gogoratuko duzu urte hauetatik guztietatik?
Lagun asko egin ditut, beste postuetako saltzaileen artean, bezeroen artean, kafea hartzen nuen tokietan…
Eta zer egingo duzu orain?
Azoketako ondoko postuetako lankideen eta bezeroen falta sumatuko dut, baina orain, lanaren betebeharrak alboratuta, aisialdiari eskainiko diot denbora, musikari bereziki. Oso musikazalea naiz, eta kontzertuak ditut gogoko. ■

