Goierri boxeotik eraikitzen
Urteroko legez, Ordiziako boxeo jaialdia izango da gaur. Azken urteetan asko hazi den jaialdia da, eta Goierriko boxeoaren susperraldiaren adierazle da. Boxeo klubak sortzen ari dira eta jende asko inguratzen hasi da leku horietara.
Ordiziako boxeo jaialdiaren 75. edizioa egingo da aurten. Espainiako estatuko boxeo jaialdirik «zaharrena» dela dio Ordiziako boxeo klubeko entrenatzaile Iñaki Arruek. Lehen aldiz 1952an antolatu zuten, eta ordutik urtero izan du bere lekua Ordiziako Santanetako egitarauan.
Urte hauetan guztietan, boxeoaren munduan ibilbide nabarmena egin duten pertsonak omendu dituzte. Iaz, esaterako, Kerman Lejarraga Morgako (Bizkaia) boxeolari ohia izan zen aitortua; aurten, berriz, omenaldia jaialdiari berari egingo diote, 75 urteko historiaren aitortza gisa. Zortzi borroka izango dira boxeoan eta K1 modalitatean, eta horietako bat profesional mailakoa izango da: Erlantz Tejada bilbotarrak Iberoamerikar Gerrikoa izango du jokoan.
Jaialdiaren urteurrenak, ordea, Goierriko boxeoaren egoerari ere erreparatzeko aukera ematen du. Izan ere, eskualdean gero eta zale gehiago erakartzen ditu kirol horrek. Ordiziako tradizio historikoari Zumarragako boxeo eskolaren gorakada gehitu zaio azken urteetan, eta bi proiektuek erakusten dute boxeoa aspaldiko aurreiritziak gainditzen ari dela. Entrenatzaileen esanetan, gaur egun boxeoa ez da soilik ringean lehiatzea; diziplina, autoestimua eta komunitatea eraikitzeko tresna ere bada.
Tradizioa hutsetik berreraikitzen
Ordiziak urte askoan eta lotura estua izan du boxeoarekin. Arruek azaldu duenez, herrian bazegoen boxeo kluba duela hamarkada asko ere, eta han entrenatzen zuten kirolariek estatuko txapelketetan ere arrastoa utzi zuten. «1964an ordiziar batek Espainiako txapelketa irabazi zuen», gogoratu du Arruek.
Hala ere, gaur egungo klubaren historia askoz berriagoa da. 2012an hasi ziren Majori kiroldegian wushu eta boxeo eskolak ematen. Arruek duela lau urte hartu zuen klubaren ardura, baina hasierako baldintzak oso bestelakoak ziren. «Hasieran Majoriko korridore batean entrenatzen genuen». Ondoren, Urdaneta ikastetxera aldatu ziren, eta han hasi zen taldea hazten. Kirolari gehiago elkartu zitzaizkien, batzuk lehiatzen ere hasi ziren, eta espazio handiagoaren beharra agerian geratu zen.
Lokal pribatu bat alokatzeko aukera aztertzen ari zirenean, Ordiziako Udalak Majoriko berritze lanak amaitu arte itxaroteko eskatu zien. Azkenean, gaur egun erabiltzen duten aretoa utzi zien. «Gela hau utzi zigutenean dena hutsik zegoen», dio Arruek. Gaur egun, ordea, ring bat, hainbat zaku, sokak, entrenamendurako materiala eta hormak estaltzen dituzten boxeo jaialdietako kartelak ikus daitezke bertan. «Hemen dagoen guztia guk egin dugu», dio harro.
Azken urtean kalitatezko jauzi bat egin dute. Arruek bere aurreko lana utzi zuen entrenatzaile lanetan erabat murgiltzeko, eta gaur egun goizez zein arratsaldez eskaintzen dituzte entrenamenduak. «Orain hasi gara benetan klub lehiakor bezala funtzionatzen».
Zumarragako boxeo eskola
Ordiziak tradizioa ordezkatzen badu, Zumarragak hazkunde berria islatzen du. Horren atzean Aitor Abel dago. Bere kirol ibilbidea judoan eta karatean abiatu zuen, baina anaiaren eraginez kick boxinga eta muay thaia ezagutu zituen. 2016an Arcelor fundizioa itxi zutenean, 23 urte lanean han igaro ondoren, Abelen bizitzak norabide berria hartu zuen. Ordurako gimnasiora joaten zen entrenatzera, eta inguruko askok esan zioten bere gimnasioa irekitzeko garaia zuela.
Erabakia hartu aurretik Tailandiara bidaiatu zuen, eta hilabete eta erdiz muay thaia bertatik bertara ezagutu zuen. «Iristen zarenean tailandiarra sentiarazten zaituzte. Lehenengo egunean bertan muay thaiko galtzak eman zizkidaten, eta haien bizimoduan murgildu nintzen. Beraiekin jaten nuen, beraiekin entrenatzen nuen… Han muay thaia hemen futbola den bezalakoa da», dio Aitor Abelek.
Esperientzia hark arrasto sakona utzi zion, kirola ulertzeko modua aldatu zion, eta Euskal Herrira itzuli zenean muay thaian sakontzen jarraitu zuen. Aldi berean, adimen emozionaleko eta mindfulness-eko ikasketak egin zituen. Gazteekin lanean hasitatakoan ohartu zen entrenamenduetan kirolak bezainbesteko garrantzia zuela alderdi emozionalak. «Gaztetxoek entrenamenduetan, kirola praktikatzeaz gain, beren bizitzako arazoak ere partekatzen zizkidaten».
Hasieran parkeetan eta plazetan entrenatzen zuten. Muay thaiko ostikadak askori zail egiten zitzaizkienez, pixkanaka boxeoak protagonismo handiagoa hartu zuen. Hala ere, Abel ez zen eroso sentitzen prestakuntza ofizialik gabe klaseak ematen. Horregatik boxeoko monitore titulua eskuratu zuen.
Lehen entrenamenduak Zumarragako udaletxe ondoko plazan egin zituen, haur bakar batekin. Pixkanaka, gero eta gehiago gerturatzen hasi ziren. Beloki frontoian antolatutako udalekuek arrakasta handia izan zuten, eta udalaren babesarekin entrenamenduek jarraipena izan zuten. Gaur egun, Zumarragan 40 lagun baino gehiago ari dira entrenatzen, eta Zegamako taldearekin batera 80 pertsona inguruk entrenatzen dute Abelen esanetara. Gainera, Zumarragan bi boxeo jaialdi egin dituzte, azkena ekainean. Zumarragar bat ere ari da boxeoan, Abelen esanetara: Ekaitz Jaunarena.
Aurreiritziak atzean geratzen
Bi entrenatzaileek antzeko hausnarketa egin dute: boxeoaren irudia aldatzen ari da. «Duela 20 urte, kiroldegian entrenatzen genuenean jendeak begiratzen zigun. Lehen eroak ginen, eta orain tendentzia da», dio Abelek.
Arruek ere antzeko iritzia du, Ordiziako gimansioan. «Jendea mito asko puskatzen ari dela uste dugu». Bere esanetan, lehen boxeoa «profil oso jakin bateko jendearekin» lotzen zen, baina gaur egun geroz eta anitzagoa da entrenatzera joaten den jendea generoaren eta adinaren aldetik. «Emakumeek ere ikusi dute boxeoa kirol femeninoa ere badela».
Bi klubetan dabiltzan askok, gainera, ez dute sekula lehiatzeko asmorik. «Boxeoan lehiatzea icebergaren punta besterik ez da», dio Arruek. Entrenamenduak bakoitzaren beharretara egokituta daude. «Ez baduzu sparringik [borroka simulazioa entrenatzea helburu duena] egin nahi, ez duzu egingo; zakuarekin edo manoplekin arituko zara».
Horregatik, entrenamendu berean haur bat, eliteko boxeolari bat eta osasunagatik kirola egiten duen heldu bat batera aritu daitezke.
Balioak lehenik
Aitor Abelen filosofiaren oinarria pertsonak heztea da. «Ez diet borrokatzen erakusten gero abusoiak izateko, baizik eta pertsona bezala hobetzeko». Horretarako, entrenamenduetan diziplina, errespetua eta emozioen kudeaketa lantzen dituzte.
Horren adibide da entrenatzaileak kontatutako kasu bat. Eskolan agresibitatearekin arazoak zituen haur batek boxeoari esker bere jokabidea aldatzea lortu duela dio. «Lehen ikaskideak jotzen zituen. Orain badaki zakua dela kolpeak emateko lekua». Abelen ustez, boxeoak lagundu diezaioke bai jotzen duenari, bai jazarpena jasaten duenari. Lehenari bere agresibitatea bideratzen irakasten dio; bigarrenari, konfiantza irabazten. «Nik, lehenik, pertsona onak izatea nahi dut; gero izan daitezela nahi dutena».
Ordizian ere filosofia bera dute. Haurren entrenamenduetan ez dago kontakturik. Soka saltoa, itzal entrenamendua eta manoplekin egindako lana bakarrik baloratzen dira. «Ume batek boxeoa egin behar du berak nahi duelako, ez gurasoei gustatzen zaielako».
Aurten, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak boxeoa Eskola Kiroleko programan sartzea onartu du, eta horrek urrats garrantzitsua ekarriko du diziplinaren normalizazioan.
Abenduan haurren boxeo lehiaketa bat egin zuten Ordizian. Adin txikikoekin boxeoa denez, «kontakturik gabeko lehiaketa» dela argitu du Arruek. Txapelketan boxeoaren hiru alde ebaluatzen dira: soka saltoa, itzal entrenamendua eta entrenatzailearekin ‘eskularruak egitea’. Haurrei arlo horietan duten maila puntuatzen zaie. Boxeoa minik hartu gabe ezagutzen dute.
Herria ringaren alboan
Ordiziako jaialdiaren arrakastaren gakoa ez dago soilik ringean. «Konturatu ginen jendeak ez duela kanpoko maila altuko boxeolari bat ikusi nahi; nahiago du laguna, senidea edo bizilaguna ikusi», dio Arruek. Horregatik, jaialdian sortzen den giroa «berezia» dela uste du. «Herritar asko klubaren kamisetarekin etortzen dira jaialdia ikustera, eta txosnek ere jai giro hori indartzen dute».
Beste jaialdi batzuetara boxeo zaleak bakarrik joaten diren bitartean, Ordiziako urteroko hitzordura, festetako ekitaldi bat gehiago denez, «herriko edozein» joaten da.
Aurten, gainera, Erlantz Tejada boxeolari bilbotarrak berriz ere protagonismo berezia izango du. Iaz Ordizian egin zuen profesional mailako debuta, eta aurten Iberoamerikar Gerrikoa lortzeko borrokatuko da. Arrueren iritziz, Kerman Lejarragaren ondoren, Euskal Herriko «erreferente nagusietako bat» bihurtu daiteke Tejada.
Haztearen erronkak
Boxeoaren hazkundearekin batera arazoak ere azaleratu dira, ordea. Zumarragan, adibidez, «instalazio egoki baten falta» da gaur egun duten oztoporik handiena, Aitor Abelen ustez. Beloki frontoian entrenatzen dute, baina ezin dute goizetan erabili, eta material guztia toki batean baino gehiagotan sakabanatuta daukate. «Ezin dut material gehiago ekarri, ez daukadalako non jarri», adierazi du Abelek. Horrez gain, neguan «askotan» kalean entrenatu behar izaten dute.
Ordizian, berriz, urte askotako lanaren ondoren, lortu dute espazio egoki bat izatea, eta Arruek uste du horrek klubaren etorkizuna bermatzeko aukera emango diela.
Bi entrenatzaileek, hala ere, baikor ikusten dute Goierriko boxeoaren etorkizuna. Biek ala biek uste dute boxeoak hazten jarraituko duela, baina betiere segurtasuna eta heziketa lehenetsita. Ringean irabaztea garrantzitsua izan daiteke, baina entrenatzaileentzat garaipenik handiena beste bat da: kirolaren bidez pertsona hobeak eta komunitate sendoagoa eraikitzea. Hori da, azken finean, Goierriko boxeoaren benetako indarra. ■



