«Makila errekuperazio sinboloa da guretzat, Itsasora itzuli delako»

GORKA_SASIETA_BARRENETXEA

Gorka Sasieta, Itsasoko armarri historikoko lili-lorearen irudiarekin, udaletxeko balkoian. / Aimar Maiz

Itsaso udalerri beregain da berriz, 52 urtean Ezkiorekin batera egon eta bereizi ondoren. Gorka Sasieta Barrenetxeak (Urretxu, 1977) hartu du Kudeaketa Batzordearen lehendakari kargua. Herriaren antolaketa eta egitura martxan jartzeko lana egokitu zaie, eta hasiak dira.

Itsasoko Udalaren buru jarri zintuzten urtarrilaren 13an. Zer sentitu zenuen makila jasotako unean?
Une hunkigarria izan zen. Makilarena beti sinbolo bat da, baina kasu honetan agintearena baino gehiago errekuperazioaren sinbolo da guretzat, hainbeste urteren ondoren itzuli delako Itsasora. Eta hunkigarria, batez ere, hainbeste herritar izan zirelako ekitaldian. Udaletxeak hiru areto ditu, eta erabat bete ziren, jendea kabitu ezinik. Herritarren babesa sentitzen duzu, eta horrek izugarri balio du. Harrezkero, egia esan, nola sentitzen naizen pentsatzekoere asti gehiegi gabe.

Nola hasi zarete berriz udalerria antolatzen? Zer prozesu egin duzue hilabete honetan?
Udal egitura suposatzen duen guztian zerotik hasi gara. Lehenengo tramitea errolda egitea da, udal idazkariak gidatuta. Herri berri bat nola sortzen den, Itsasoko errolda sortu genuen, aldundiaren enpresa publiko baten bidez, informatikoki. 166 herritar gara; lehen 165 ginen, baina jaiotza bat izan da.
Oinarrizko gauzak ere egin ditugu: kontu korronte bat ireki, edo Erregistro Zibila. Zigilua ere errekuperatu dugu; berez lehengo lili-lorea da, eta diseinu berria egin dugu. Lan horietan, eta, era berean, bilerak egiten ari gara. Mankomunitate askotan estatutuetan aldaketak egin beharko dituzte.

Karguan, zer nabaritu duzu aldartean, lehen asteotan?
Ilusioa, batez ere. Egia da karguak beti dakarrela berekin ardura eta kezka, baina beldurrik ez. Garbi dagoena da udal bat kudeatzeko talde lana ezinbestekoa dela, eta Batzordeko boston artean oso sintonia ona daukagu; eta inplikatzeko gogoa. Atzetik herritarren babesa sentitzea ere ezinbestekoa da, eta asko laguntzen digu. Hemendik aurrera, parte-hartze hori ondo bideratzen asmatzea izango da gure lana.

Alkate izendatu eta lehenengo agindua zein eman duzu?
Hementxe, plenoa bukatu genuenean, idazkariak ekarri zuen prestatuta CIF txartela eskatzeko agiria, eta hura sinatzea izan nuen lehenengo lana. Entitate bezala, urtarrilaren 16an lortu genuen jada zenbakia.

Zer suposatuko dio Itsasori atzera udalerri izateak?
Batetik, udalak hartzen dituen erabakietan herritarrek gertutasun gehiago edukitzea, eta parte-hartze handiagoa edukitzea udalean. Aurrera begira, gure ondare publikoa berreskuratzea, nolabait. Momentuz, udaletxea jarriko dugun are-toak egokitu ditugu, eta aurreraxeago Goiko Ostatuari heldu beharko zaio.
Bestetik, ikuspegia ere aldatuko da. Udalerri ikuspegia nola aldatzen den, proiektua eta ekimenak egiten Itsasoko ikuspegitik joango gara.

GORKA_SASIETA_BARRENETXEA-2 copia«Lehen agindua CIF zenbakia eskatzeko eskaera sinatzea izan zen, batzar ondoren»

«Udal egitura suposatzen duen guztian zerotik hasi gara. Lehenik, errolda egin dugu»

«Garapen agentziek zer aportatzen duten ikusita erabakiko dugu non sartu»

Hausnarketa hori baduzue? Zer dagoen egiteko, zeri heldu…
Eginda daukagu. Lehenago ere, prozesuan bertan, landu dugu. Lehentasun txosten bat eginda daukagu, erabat osatu gabe dagoen arren. Ikusten ditugun beharrak jasotzen ari gara.

Zerbaitekin hasteko astirik izan duzue?
Proiektu batzuk dagoeneko eskatuta ere badaude. Esate baterako, Goimeni azken landa garapen laguntzen deialdian, eskatu genion Alegiako jolas parkea berritzea. Zozkerek herri kaskora daukaten komunikazioari ere heldu nahi diogu, lehengo bide egitura berreskuratu eta kaskora joatea errazteko.

Nola funtzionatuko du udalak? Herritarrek parte hartzeko zer bide edo tresna izango dira?
Proposamen batzuk lantzen ari gara Kudeaketa Batzordekook. Oraindik erabaki gabe dauzkagu, baina herri batzarrak egingo ditugu, noski. Informatiboak bakarrik ez, erabakiak hartzeko ere izango dira. Batzordeak ere izango dira, maiztasun batekin, herritarrek parte hartzeko. Udalbatzarrak, berriz, pentsatzen dut beharren arabera egingo ditugula.

Eraketa batzarretik beste bilkurarik egin duzue?
Ez, oraindik ez. Orain, udaleko funtzioak banatzeko, batzordeak sortzeko eta horien arduradunak izendatzeko hilabeteko epea daukagu, eratu zenetik. Baita udalerriz gaindiko erakundeetako ordezkariak izendatzeko ere.

Goierrin bi garapen agentzia daude, Goieki eta Uggasa. Erabaki duzue non sartu?
Ez. Harremanetan gaude Goiekirekin ere, baina informazioa jasotzeko. Gero erabakiko dugu.

Goierri behealdearekin harremana estutu nahi zenutela esan zenuten, lehen. Nola bideratuko duzue arlo hori?
Orokorrean, bai. Gainera, hilabete batzuk badira Ormaiztegiko eta Gabiriako alkateekin ere bilerak egiten hasi ginela, gertutasunagatik eta zerbitzuak optimizatzeko, kultur eskaintza bateratu edo elkarlan bat egiteko. Joera, orokorrean, garbi dago behe aldera dela, Ormaiztegira eta. Baina, beste alde batetik, garrantzitsua da, noski, garapen agentziek-eta zer aportatzen duten jakitea, aukera ikustea, eta horren arabera erabakiko dugu.

Etorkizunerako, nolako Itsaso bideratzen hasi nahi duzue?
Oso kontuan izan beharreko puntua da nekazaritzaren errekuperazioa ere. Zenbait urtetik hona, hainbat baserri txikitan aktibitatea utzi egin da, adinagatik. Horri buelta ematen saiatu beharra daukagu. Neuk, baserritar bezala, garbi dut potentzial handia daukagula, produkzio orekatuekin eta salmenta zuzena eginez badu etorkizuna baserriak. Lanpostu ugari sor litezke lehen sekto-rean. Azterketa lan bat eginda daukagu inguruko herriekin batera, eta bide horretatik segi beharra daukagu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>