«Ahotsa gauza fisikoa da; landu eta ikasi egin behar da»
Duela bi urte hartu zuen erretiroa Anabel Aldalur Izagirrek (Gabiria, 1964) musikari bizitza profesionaletik. Madrilgo Erkidegoko Koruan lan egin du abeslari, 30 urtean. Goierrira itzulita, Lazkaon bizi da. Donostiako Orfeoira ere bueltatu da, musika-sehaskara. Musikari batek, «nahi baldin badu», musikatik ere erretiroa har dezakeela garbi dauka Anabel Aldalurrek. Jubilatuko zenean, ez zuela gehiago abestuko zin egin zion bere buruari; baina ez du betetzerik izan. Txikitatik amesten zuen abeslari izatea, eta goi mailan jardun ondoren, abeslari ameslari izaten jarraitzen du.
Bi urte badira lan profesionala utzi zenuenetik. Azkar joan da denbora?
Bai, azkar. Denbora guztia neuretzako daukadanez, erraz joaten da.
Musikari bat sekula erretiratzen al da?
Berak nahi baldin badu, bai. Bizi honetan gauza asko daude musikatik eta zure ofiziotik kanpora ere. Baina, nik orain ere etxean askotan edukitzen dut bizi izan dudan musika hori jarrita, ikaragarri gustatzen zait eta. Arte batean aritu denak, ikusten du berea hori dela. Baina bakoitzaren araberakoa ere bada.
Azkeneko kontzertua non izan zen?
Madrilgo Erkidegoko Koruaren barruan abestu nuen azken-azkeneko emanaldia Madrilgo Escorialen izan zen, 2024ko uztailaren 24an. Baina bakarlari bezala, profesionalki, 2024ko maiatzean, Madrilgo Auditorioan. Bereziak izan ziren, batik bat maiatzekoa, familia joan baitzen ikustera: anaia, Legazpiko lehengusuak, Gabiriako lagunak… Madrilgo lagun asko ere joan ziren kontzertu hartara.
Azkenekoa zen zeure baitan ere?
Garbi neukan. Bukaera gerturatzen ari zela banekien. 60 urte beteta, jubilatu egin nahi nuen. Madrilera oso gustura joan nintzen 30 urterekin, eta oso ondo bizi izan naiz han. Baina azkeneko urteak… Pandemia aurretik ere hasita nengoen, baina ondoren jada askoz gehiago jarri zitzaidan itzultzeko irri hori. Lagunak neuzkan han, familia ere askotan joaten zen, baina jada ez nuen nire burua han ikusten.
Nolako bizimodua zenuen Madrilen?
Desberdina da. Gure lana goizetan izaten zen; arratsaldea ikasteko zen, eta asteburuetan kontzertuak. Jendeak lana daukanean, guk jai; eta jai daukatenean, guk lan. Kantariaren lana horrela da. Ailegatu nintzenean gogorra suertatu zitzaidan Madril, gainera erori zitzaidan, ez nintzen antolatzen. Han beste ohitura batzuk zeuden. Gabiriatik edo Legazpitik Donostiara mundu bat zegoen –orain askoz gertuago daude–, eta Donostiatik Madrilera ere saltoa oso handia zen. Ohitu nintzen, eta harreman inportanteenak han bizi izan ditut. Ez dut familiarik izan, eta, orduan, ez naiz Madrilera lotu.
Itzulerarekin, gustura?
Bai. Madrilen oso ondo pasatu dut, baina adin bat ailegatzen da bizitzan, eta hona [Lazkaora] etorri nintzen. Eta gustura. Askok galdetzen zidaten ea ohituko nintzen; eta bai. Hemendik alde egin nueneko harreman berak dauzkat orain hemen. Kuadrillakoak bi hilean behin elkartzen gara, lehenago egiten ez genuena.
Musika eta kultura giroan edo eskaintzan sumatuko zenuen alderik, agian?
Oso desberdina da. Madrilen, gaur antzerkira joan nahi baduzu, antzerkia daukazu. Ez daukazu begira aritu beharrik ea Bilbon zer eta noiz dagoen, Donostian zer, sarrerarik badagoen… Hemen ez dago aukera hori, baina denborarekin ibilita, aurkitzen duzu. Bilbon Traviata ikusteko urrirako sarrerak hartuta dauzkagu, adibidez. Bilbon antzerki-aukera badago urtean zehar, baina joan egin behar da haraino… Donostian ere badago, hainbestekorik ez agian, eta udan batez ere.
Musikariaren egunerokoa, lantoki batera joatea bezalakoa al da?
Bai, berdin-berdina. Koru profesional bat lantoki bat da. Astelehenetik asteazkenera, goizetan taldean lantzera joaten ginen. Oso garrantzitsua da hori koru batean. Lau ahots printzipal edo korda daude: sopranoak, mezzosopranoak edo altuak, tenorrak, eta baritonoak edo baxuak. Bakoitzak bere taldean landu behar du. Ahots bakoitzak bere kolorea eta abesteko modua dauzka, eta koruko lana da korda guztiak modu bateratuan aritzea; eman dezala bat, ez bederatzi ahots. Hori lortzeko, eguneroko lana behar da. Koruan 32 lagun ginen, korda bakoitzeko zortzi. Gero, 9 izatea lortu genuen, eta orain uste dut 10ean daudela. Zeren jendea gripearekin erortzen hasten denean… Gertatu izan zaigu korda batean bi lagun bakarrik egotea.
Bestelako taldeetan eta ekimenetan ere jardun izan zara.
Denborarekin, ezagun batek talde bat sortu zuen, ezkontzetarako, hiletetarako eta emanaldietarako. Hori jada beste modu bateko lana da, ez da kontratupean.
Bakarlari ere abestu izan duzu. Askotan?
Niretzako, nahikoa! Opera handi bat sekula ez dut egin bakarlari modura, baina opera txikietan paperak egin ditut. Kontzertu sinfoniko-koraletan ere oratorioak edo mezak egoten dira, eta horiek dezente abestu ditu. Errezitalak ere eman izan ditugu, bakarrik edo beste lagun batekin edo batzuekin… Alde horretatik, ni aseta nago. Gainera, sekula ez dut eduki bakarlari izateko gose hori. Lortu dut izatea, eta nire lasaitasunaren barruan lortu dut, gainera. Larritasunik eta aztoramendurik gabe.
Bakarrik abestea, izan ere, beste kontu bat izango da, ala?
Koruan bajak daudenean, beste abeslari batzuk kontrata daitezke, aldi baterako ere. Baina bakarlari bezala, ez. Hor beti edukitzen da ‘cover’ bat, zu ez baldin bazaude abesteko moduan, zure lekuan joango den norbait. 2019ko irailean, adibidez, bakarlari modura kontzertu bat neukan, eta uda guztia horrekin pentsatuz pasatu nuen. Nahiz eta oporretan egon, egunero pasatzen nuen hasieran zeukan esaldi musikal zail bat. Lagunekin afaltzera joan zaitezke, baina kontuz ibili behar da, aire girotuarekin eta. Afoniko geratuz gero, ahotsa errekuperatzeko gutxienez astebete edo hamar egun behar dira. Bakarlari bezala abestea, beste jauzi bat egitea da jada.
Ahotsa fenomeno fisikoa baita, azken batean.
Hala da, fisikoa da. Ahotsa gorputza bezalakoa da: moldatzen joaten da. Hasi nintzenean, ahotsa askoz freskoago neukan. Kantari guztiei pasatzen zaie. Benito Lertxundi batek, adibidez, gaztetan edo 60 urte zeuzkanean, diferentzia dauka ahotsean. Baina ahotsa gauza fisikoa da, eta entrenatu, landu eta ikasi egin behar da. Bestetik, gorputza zenbat eta ondoen eduki, ahotsa ere hobeto egoten da. Burua ere oso garrantzitsua da; lan guztietarako, baina abesteko ere bai. Orain gizartean askoz hobeto gaude arlo horretan, arreta ematen zaio, eta gainera onartzen da.
Nola katalogatu dizute zure ahotsa? Zer ezaugarri dauzka?
Soprano liriko-dramatikoa naiz, bai hasi nintzenean, bai orain ere. Sopranoa naiz, baina ahots borobil batekin. Nirea oso atertziopelatua edo leuna izan da, beste ahotsak pixka bat bildu dituena. Sekula ez dut izan ahots zorrotza. Orfeoian hasi nintzenean soprano bezala abesten nuen, baina Madrilera koruko probak egitera joan nintzenean, garbi neukan soprano gisa ez nuela lan egingo. Halako koru txikietan goian abesteko soprano liriko arinak behar dira. Orduan, ni mezzosoprano ahotserako aurkeztu nintzen, nire ahotsarekin mezzo bezala ibilbide askoz gehiago izango nuela garbi nekielako. Gero, gorputza zabaltzen den bezala, ahotsa ere zabaltzen da. Eta teknikoki ikasi egiten da, asko ikasi ere, ahotsa modelatzen, edo momentu batean bat edo beste behar badut, erremintak badituzu lortzeko. Nik orain lehenago ez neukan esperientzia daukat, baina ahotsean ez daukat lehen neukan freskotasuna. Gorputzean bezala [barreak].
Ahotsa fisikoa bai, baina ez da hori bakarrik. Sentimendua da, emozioak, beste zerbait ere transmititzen du…
Bai. Hori asko nabaritzen da abeslari batengan. Publikoarekin konektatu izan dudanean, magikoa da hori. Benetan. Ez da ezer nabaritzen fisikoki, baina energia bat bezalakoa da, oso positiboa. Konektatzen duzunean, lotura horrek oraindik hobeto abestera eramaten zaitu. Egundoko sentsazioa da hori lortzen duzunean. Publikoak ere zerikusi handia du horretan. Lortzen duzunean, nabaritu egiten da: zu publikoari ematen ari zatzaizkio, baina publikoa zurekin dago. Energia-truke moduko bat da.
Sentimendu arloa ere ikasi egiten da?
Ez dago ezer idatzita. Oso-oso subjektiboa da. Bakoitzaren senean dagoela hori uste dut. Profesionala izanda, zure profesioan nabaritzen duzu zein doan abestera soilik, edo zera hori daukanean. Operak edo errezitalak entzuten negarrez bukatuta nago. Dena ematen ari direla sumatzen duzu. Ukitu eta hunkitu egiten zaituzte, bihotz barrura ailegatzen da.
Zu artista sentitu zara?
Hori besteek esan beharko lukete. Baina sentitu izan dut publikoarekin konexio berezi hori, edo nire baitan eduki izan dut artea egiten ari nintzen sentsazioa. Askotan, Gabirian kantatzen dudanean adibidez, ikusten dut jendeari lagundu egiten diola, eta oso ondo sentiarazten nau horrek. Hor ere konexioa dago. Ezkontzetan ere bai, baina hiletetan ikusten dut gehiago: familiarentzat oso garrantzitsua dela momentu hori ikusten duzu.
Non hasi zinen abesten?
Legazpiko koruan hasi nintzen. Han nengoela sortu zuten Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa, eta musika zekitenak hara joaten hasi ginen, koru zuzendaritza edo antolakuntza ikastaroetara 16-17 urte neuzkan orduan, abestea asko gustatzen zitzaidan. Federazioan ezagutu nuen Almudena Ortega irakasle madrildarra; kantuko klaseak ematen zizkigun Lurdes Lasa Legazpiko lagunari eta bioi. Troiko meategietako bulegoetan lan egiten nuen, baina garbi neukan musika ikasi nahi nuela. Egun batean, Almudenak eskaini zidan Donostiako Orfeoian sartzea. Legazpitik Federaziora jauzi bat izan zen, Orfeoira beste bat, eta handik Madrilgo aukera sortu zenean, ez nuen sinisten. Nire nahia bete zen. Txiki-txikitatik esaten nuen handitan abeslaria izango nintzela. Ama, beldurrez, ‘hau Lola Flores bezala izango da!’, pentsatuz. Oso independentea izan naiz beti, eta amak ‘ardi bakarra’ esaten zidan. ‘Hor dator gure ardi bakarra’.
Aitak [Guillermo Aldalur ‘Pikua’ soinu jotzailea] hobeto onartu zuen ni Madrilera joatea; amak xantaia emozionala egin zidan, ia bi urtean. Behin, Marto maistrarekin nire kantu entsegu batera etorri ziren aita-amak. Biek negarrez bukatu zuten; ‘ez nekien alabak hain ondo kantatzen zuenik’, zioen amak.
Donostiako Orfeoira itzuli zara berriz.
Ez dakit zenbat aldiz zin egin nuen ez nuela gehiago abestuko jubilatutakoan… Orfeoiko zuzendariak deitu zidan, etorri bezain laster. Joan nintzen behin, ikusi nuen ni nengoeneko jendea zegoela, eta besoak zabalduta hartu ninduten. Hain gustura sentitu nintzen… Gero beste bidaia bat zegoen, eta joango nintzela hara ere. Eta horrela lotu naiz berriro. ■
Familia eta lagunak, euskarri ahaztezinak
Orain gertu daukan familiaren argazkia du kuttunetako bat Anabel Aldalurrek. Aita-amekin ere gogoratu da –«egunero akordatzen naiz»–, baina haiek joan ziren, eta bizitzari heldu dio, bizitzen segitzeko indargarri izateko. Anaia eta koinata, Andoni eta Leire ilobak –«nik ez dut sema-alabarik, baina hala dira niretzat»–, euren bikotekideak, eta Mattin txikia, bidean den Araitzekin ahaztu gabe. Anaia Jonek eta berak «nahi dutena» egin dutela esaten zien Pepita Izagirre ama zenak, txikitako jolas gogokoenak bihurtu baitituzte ogibide: txofertza batek, abestea besteak.
Gabiriako Zuazolazpikoa baserrian hazi eta hezi zen Anabel, nahiz astea Legazpin pasatzen zuten. Zuzulako eta Legazpiko lehengusuak ere ez ditu saltzeko. Ezta haiekin, etxekoenekoekin eta auzoko haurrekin eta lagunekin pasatutako oporrak, udak eta ibilerak, San Joan bezperako festa, errekako karramarroak eta ondorengo meriendak ere.
Musika etxean zupatu du. «Guk asko bizi izan dugu etxean. Baserrian, bazkari bat zenean, aitak soinua jotzen zuen, eta denak dantzan, beti-beti». Orain, urtero herriko jaietan, herriari itzultzen dio bere musika.


