«Itxaropena borrokan bizi da soilik»
Antropologia Sozialeko gradua egiten ari da Bingen Zubiarrain Lasa (Olaberria, 2005), eta «dena ondo badoa» azkeneko ikasturtea gelditzen zaio. Ikaslea izateari utzi eta bizitza profesionalerako jauzia gerturatzen ari zaion honetan, hamaika kezka sortzen zaizkiola aitortu du. «Nolakoa izango da etorkizuna? Zertan egingo dut lan? Noiz bizi ahal izango naiz etxetik kanpo? Noiz izango da hurrengo aldia marikon! entzungo dudana kalean? Soldaduska egitera inoiz behartuko naute?» Txikitan zoragarria zen etorkizun hura, gaur egun «iluna eta bortitza» ikusten du. «Genozidioak, estatuen autoritarismoa, faxismoaren gorakada, euskararen aurkako oldarraldia, Goierrin ere familiak etxegabetzen… Horren guztiaren aurrean pentsa ezina da niretzat, ezer egin gabe geratzea». Arazo horiei guztiei aurre egiteko, Mugimendu Sozialistan aurkitu du babesa Zubiarrainek, «erasoei erantzun, etxegabetzeak gelditzen saiatu eta faxistak gure kaleetatik bota nahi dituen mugimendua. Honek itxaropena ematen dit, baina itxaropena borrokan bizi da soilik».
Zaletasun bat.
Marrazketa eta margoketa.
Pelikula edo telesail bat.
Coming Out pelikula (1989).
Liburu bat.
Tengo miedo torero, Pedro Lemebel-ena.
Musika talde edo abeslari bat.
Bjork.
Abesti bat.
Arca-ren Bruja.
Oporretako leku bat.
Vieux-Boucau-les-Bains, Landak, Frantzian.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta zigarro bat.
Kolore bat.
Turkesa.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
2025ean lagunekin egindako Gabonetako afaria.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Suge belarritako pare bat, lagun min batek oparitutakoak.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lehen saiakeran eyeliner-a ondo egitea.
Goierriko txoko bat.
Lazkaoko Harizti parkea.
Olaberrian biziko ez bazina…
Lekeition biziko nintzateke. ■

