«Oso-oso garrantzitsua da 37 urteren ondoren lehen aldiz errektorea emakume bat izatea»

Nekane Balluerka Lasak (Ordizia, 1966) ia bizitza osoa darama Euskal Herriko Unibertsitatean. Psikologia ikasi zuen bertan, Doktoretza ere bai.  «Kanpora atera izan naiz bi egonaldi egitera, ikertzaile eta irakasle bisitari gisa, Kaliforniako unibertsitatera eta Manchesterreko unibertsitatera», zehaztu du. 2009an Katedra atera zuen.  26 urte eman ditu EHUn irakasle eta  kudeaketan ere ia zortzi urtez aritua da Juan Ignacio Perez Iglesiasen eta Iñaki Goirizelaiaren taldean.  Orain, urtarrilaren 11z geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea da.

EHUren gorengo ardura postua hartu duzu.
Bai. Baldintza bat behar da erretore hautatua izateko, katedraduna izatea. Gure taldean lau katedradun geunden, eta ni prest nengoen. Ikusten genuen proiektuarekin aurrera jarraitzeko aukerak genituela eta pausoa eman nuen aurrera.

Zer moduzkoa izan da hasiera?
Sentipen arraroa da. Nahiz eta errektoreorde eta dekano bezala beste esparru batzuetan erantzukizunak izan, orain arte ez nengoen lehenengo ilaran; orain ni naiz lehenengo lerroa. Sentipena da bertigo pixka bat, eta erantzukizunaren sentipen handia.

Lehenengo emakume errektorea zara.  Honezkero askotan erantzun behar izango zenion galdera horri, baina zein garrantzia du horrek?
Niretzat oso elementu garrantzitsua da. Niri gustatuko litzaidake, gure alabek eta hemen unibertsitatean dauden emakume gazteek nire adina daukatenean, galdera hau soberan egotea. Oso-oso garrantzitsua da 37 urteren ondoren lehenengo aldiz errektorea emakume bat izatea. Unibertsitate Publikoetan, Espainia guztian hiru bakarrik gara emakumeak. Nik uste dut genero ikuspegiari eta berdintasunari dagokionez oso oso garrantzitsua dela. Baina hau gertatzeko, gizonek ibilbide handia egin beharra daukate. Nik hau lortu ahal izan dut, babes handia izan dudalako senarraren aldetik, eta etxean ere laguntza handia izan dudalako. Baina batez ere gizonen esku dago.

Nolakoa da emakumeen presentzia EHUn?
EHUn gaur egun, oraindik, katedradunen artean % 24 dira emakumeak. Plenoen artean –katedradunak bezala, baina laboralak– % 10, eta ikertzaile nagusiei dagokionez, %20. Doktorego tesi gehiago, pixka bat gehiago, defendatzen dituzte emakumeek. Baina gero haustura dago. Tesia egiten dute emakumeek, baina ikerketa zuzentzeko gizon bat, laborategi bat muntatzeko gizon bat dago…  Ikerkuntzan, katedradunak eta ikertzaile nagusiak, askoz ere gehiago dira gizonak. Hor urratsak eman behar ditugu.

EHU ondo ezagutzen duzu. Zure ustez zeintzuk dira bere  ahulguneak eta indarguneak?
EHUk aurrerapauso asko eman ditu eremu guztietan. Formakuntzan esango nuke asko hobetu dela. Euskalduntzeari dagokionean, gaur egun graduetan %90 euskaraz ikasteko aukera dago; graduondoetan gutxiago da. Direktriz profesionalak dituzten masterretan portzentajea ere oso handia da euskaraz hitz egin daitekeena. Beraz, hor egon da garapena. Baina oraindik osasun arlo batzuetan eta ingeniaritzako beste titulazio batzuetan, badago aurreratzeko aukera eta horretan ere hobetu nahiko genuke.
Baina nire ustez formakuntzari dagokion nazioartekotzean badugu ibilbide handia. Asko handitu da: 39 irakasgaiekin hasi ginen ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan, eta gaur egun 300 irakasgai baino gehiago ematen dira ingelesez. Baina zenbait zentrotan daude oso kontzentratuak.
Ikerkuntzan izugarri hobetu da, baina nire ustez lehiakorragoak izan beharko ginateke batez ere nazioarte mailan. Transferentzian nik uste dut oraindik, EHUk gizartearen muinean kokatu beharko litzatekeela, baina nik uste dut oraindik gizarteak ez duela EHU gehiegi ezagutzen. Uste dut badaudela oraindik erronkak, edo hobetzeko esparruak.

Zure ustez beraz, herritarrek ez dute EHUk egiten duen lana ezagutzen?
Nik uste dut gizarteak ez dakiela EHUk zer egiten duen, edo zenbat gauza egiten dituen. Gizarteak ikusten du EHU formakuntza ematen duen erakunde publiko bat bezala, eta hori da gure misio nagusienetarikoa, baina EHU hori baino askoz ere gehiago da. Ez dakit gizarteak zenbateraino dakien EHUk egiten dituen ikerkuntzak zein hobekuntza dauzkan gizarte mailan. Minbiziaren inguruan ikertzen dugunean, adimen emozionalaren inguruan, TDAHren ingurukoak… ez da ezagutzen. Denon unibertsitatea da, guztion zergekin ordaintzen dugu. Nik uste dut gizarteari asko eman behar diola EHUk, eta gustatuko litzaidake ezagutaraztea eta gizarteratzea.

Nekane_Balluerka-2«%90 euskaraz ikasteko aukera dago graduetan; graduondoetan gutxiago»

«Nahiko genuke ikaslea gizartera egokitzeko eta gizartea eraldatzeko gai izatea»

«Gustatuko litzaidake formakuntza duala esparru gehiagora zabaltzea»

«Gure asmoa da UEU zentro adskrito bihurtzea eta horretan lanean gabiltza»

Zeintzuk dituzue lehentasunak?
Lehentasunak eremu desberdinetan kokatu beharko lirateke. Ikasleei begira, niri gustatuko litzaidake, zeharkako gaitasunetan ikasleak trebatzea. Gaitasun teknikoetan, edo gradu bakoitzean ematen diren gaitasunetan trebakuntza ona dela uste dut, beti egongo da hobetzeko, baina adibidez: nola erantzun lan eskaintza bati, komunikazio gaitasunak bai ahozkoak eta bai idatzizkoak… badaude zeharkako gaitasun batzuk egokiak izan daitezkeenak lan munduan beste modu batean kokatzeko. Gure ardatz bat enplegagarritasuna da, baina nahiko genuke ikaslea gai izatea gizartera egokitzeko eta gizartea eraldatzeko.

Irakasleei begira?
Irakaslego-ikertzaileei begira gustatuko litzaidake, karrera akademikoa modu hobean sustatu ahal izatea. Errege dekretu oso gogorrak izan ditugu, ez digutenak utzi guk kontratatu nahi izan dugun bezala kontratatzea, edo promozionatzea, lehiakorragoak izatea mundu mailan. Eta nire ustez hori erronka bat da. Administrazio eta zerbitzuetako lan baldintzak hobetzea ere erronka bat da.

EHUren formazio eskaintza eta gizartearen beharrak bat al datoz? Titulazio berriak behar dira?
Eskaintzak beti dinamikoa izan behar du. Ikusten baduzu titulazio batek ez daukala erakargarritasunik, titulazio hori bertan behera utzi beharko litzateke eta beste bat martxan jarri. Gure eskaintza oso-oso handia da, nik uste dut erantzuten diegula gizartearen beharrei. Baina  gustatuko litzaidake formakuntza duala esparru gehiago tara zabaltzea, formakuntza eleanitza izatea,  praktika gehiago izatea…  Zenbait kasutan on line prestakuntza bat eman osagarri bezala…

On line eskaintza zabaltzeko asmorik baduzue? UEU asmo horretan ari da.
Hala ere nik uste dut EHU funtsean presentziala izan behar dela. Guk baditugu master batzuk guztiz on line direnak. Beste master batzuk on line irakaskuntza presentzialarekin konbinatzen dutenak, niretzat formula hori oso egokia da, baina graduetan online irakaskuntzara jotzea… nik uste dut gradu batzuetan hori ezinezkoa dela. Adibidez, medikuntzan, praktika kliniko asko behar dira… bai ikusiko nituzke irakasgai batzuk on line.
UEU aipatu duzu. Gure asmoa da UEU zentro adskrito bihurtzea eta horretan lanean gabiltza; kanpainan hori esan genuen. Gustatuko litzaiguke Bigarren Hezkuntzako Master hori on line jartzea UEUrekin, euskaraz. Guk 260 plaza eskaintzen ditugu eta modu presentzialean 300 plaza eskaintzera irits gaitezke asko jota, ez daukagulako irakasle gehiago. Eta hor dauzkagun eskariak milatik gora dira urtero. Ikasle asko plazarik gabe gelditzen da eta ikasleek master hori behar dute eskoletan eskolak emateko. Hor bai ikusten dut on line eman daitekeela, beti ere, praktikak bermatuta.

Hizkuntzari dagokionean, ikasleek euskara, gaztelera eta ingelesa hizkuntzak menperatzea duzue erronka?
Bai, hori izango litzateke erronka. Orain adibidez martxan jarri dugu Magisteritza eleanitza. Hor ematen dira 20 kreditu ingeleraz, 20 kreditu gazteleraz eta gainerako 60ak euskaraz. Niretzat oso eredu interesgarria da. Magisteritzan eredu hori oso egokia da, eta ezin bada, gustatuko litzaiguke zentro bakoitzean 30 kreditu atzerriko hizkuntza batean ematea, eta nahitaezko irakasgai guztiak euskaraz eman ahal izatea. Baina hori esparru batzuetan oso zaila da. Medikuntzan, adibidez. 4., 5. eta 6. mailak ospitaleetan erakusten dira, praktikak medikuekin egiten dira. Zirujau elebakar bat baldin badago, irakasle hori oso baliagarria da guretzat. Beste gauza bat da, bera jubilatzen denean, elebidun plaza bat atera beharko genukeela. Baina horrek denbora eskatzen du.

Ikasle asko ikasketak aukeratzeko garaian daude. Zein gomendio emango zenieke?
Zaila da. Bokazioa oso argi baldin badaukate, nik inoiz ez nieke esango bere bokazioari ez jarraitzeko. Gero beste kontu bat da, irtenbide laboralak non egongo diren. Badakigu teknologiak zein garrantzia izango duen, osasunak… Badakigu arlo horiek garrantzia handia izango dutela. Baina okupazio tasa gaur egun EHUn %80tik gorakoa da, desberdina da karrera batetik bestera, baina karrera guztietan lan egiten dute. Nik esango nieke bokazioa garbi baldin badaukate, aukera dezatela beraiek nahi duten karrera hori.

Eta zalantzan daudenak?
Gu orain azokatan gaude. Nik esango nieke, Bigarren batxilergoan bakarrik ez etortzeko azoketara, lehenengo batxilergoan ere hurbiltzeko eta galdetzeko estandetan. Entzuteko zer esaten duten irakasleek… Horrek laguntzen die beraien iritzi egiten. Oso lagungarria da. Ate irekien saioak ere egiten ditugu, etor daitezela galdetzera. Gurasoak ere etor daitezke beraiekin, baina beraiek galdetu behar dute, eta ez gurasoek, batzuetan alderantziz izaten da eta. Ez da erraza galdera horri erantzutea, denok izan baititugu gure zalantzak gure garaian. Gau-gaurkoz, 68 gradu eskaintzen ditugu. Aukera oso zabala da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>