Trenak

Itxaro MendizabalBadaude bizitzan behin bakarrik pasatzen diren trenak; hauek hartu edo ez erabakitzeak badu bere garrantzia. Hartuz gero, baliteke gauden lekutik beste leku hobeago batera eramatea, beste batzuk, berriz, buelta batzuk eman ondoren, hartu genuen leku berean utziko gaituzte; bidaiako nekearekin, baina leku berean. Azkenak, okerrekoak hauek, gustukoa ez den lekura eramango gaituzte, baina leku honetara iritsi aurretik seguru ikasi beharreko lezioren bat ikasita izango dugula.

Aukerak aprobetxatu behar direla pentsatzen dut, beti egongo baita hauetatik ikasteko zerbait. Eta gainera, ez dut uste aukerak ausazkoak direnik, gauzak zerbaitegatik/zerbaitetarako pasatzen dira, guri dagokigu bertatik ikasketa on bat ateratzea… edo ez.

Tren bat, aukera bat, pasatzen uztearen arrazoi handienetako bat beldurra izaten da eta beste bat, berriz, lotsa. Bi horien artean gabiltzanean ondo hausnartu beharko dugu igotzen uzten ez digun emozioa zein den, eta benetan bere funtzioa betetzen ari ote den. Zer da ba tren horretara igoz gero gertatu daitekeen gauzarik okerrena?

Duela ia bi hilabete telebistako programa batean ateratzeko aukera suertatu zitzaidan. 20 urte luzez sufritu dugun gaixotasun bati buruz hitz egitea zen helburua. Dugun diot, nahiz eta gaixoa bakarra izan bere ondorioak inguru osoak pairatu dituelako.

Eta ez gaixotasunaz bakarrik, 20 urte luze hauetan pasatako une zail/korapilatsu/tristeak ere atera beharko nituen. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Proposamena entzutearekin batera «prest nago!» bat atera zen nire barrenetik. Prest nago aurrera egiteko, prest nago orainbizitzen hasi naizela kontatzeko. Prest nago barruan ditudan mamuak askatu (irakurri otsailaren 17ko GoiBerri-ko 225. aleko Mamuak idatzia) eta beraiekin dantza luze batean hasteko.

Gogorra bezain polita izan da egin dudan bidaia berri hau. Oroimenean gordeta neuzkan hainbat egoera berriro ekarri behar izan ditut. Familiarekin, lagunekin aspaldian pasatu ziren gauzez hitz egitea lortu dut, eta hitz egitea gutxi bazen, beraiek ere gaixotasuna nola sufritu zuten entzun dut. Ze aberasgarria izan den!

Inguruan dugun jendearekin gehiago hitz egin beharko genuke. Sentimenduak atera, nola sentitzen garen azaldu. Besteari entzun eta besteak entzun diezagula. Itxurak eta itxurakeriak hainbeste garrantzia duen gizarte honetan biluztu gaitezen. Sentitu dezagun, eta sentiarazi dezagun.

Askok egin dudana ausarta izan dela esan didate, nik ez dut uste ausarta naizenik, ez beste inor baina gehiago behintzat. Aukera zoragarria eman didate eta aprobetxatu egin dut. Trenera igo naiz eta zauriak ixteko bidea hartu dut. Ateak berriro ireki ditut ondo itxita uzteko, eta ixtearekin batera berri asko ireki zaizkit. Hori gutxi bada, bidaia honetako trenean ni bezala igotzeko aukera izan duten beste pertsona batzuekin topo egin dut. Hauek ezagutzeak oraindik gehiago aberastu du esperientzia hau.

Tren horren barruan noa oraindik eta ez nago ziur amaieran zer topatuko dudan, etorriko dena ez dakit zer eta nolakoa izango den, baina une honetan pozik eta lasai sentitzen naiz. Ez baita garrantzitsua helmugan dagoena, bidaia bera baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>