Zumarragako ezpata-dantzaren historian bada pasarte bitxi bat, 1964koa, Francoren erregimaren No-Do albistegian jasota gelditu zena. Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunarekin batera, Zumarragan harrera egin zioten Filipinetako Enbaxadoreari, eta herriko seme kuttun izendatu zuten. Gipuzkoako diputazioko presidenteak eta Espainiako atzerri ministroak lagunduta iritsi zen segizioa, zaharberritu berria zen Legazpi dorretxera aurrena eta Antioko baselizara ondoren. Han, Zumarragako udal dantzariek ezpata-dantza egin zuten, irudietan jasota gelditu denez.
Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak eman du hizpidea, Goiberri aldizkarian argitaratutako artikuluan. Bertan azaltzen duenez, ekitaldi hark aurrez ondo pentsatutako helburua zuen: “Zumarragako herriak, Euskal Herri osoak bezala, garaiko erregimen frankistarekiko zuen atxikimendua erakustea eta urte gatazkatsu haietako normaltasunaren berri ematea, errealitatea oso bestelakoa ezkutatuz”. Eta erregimenak, No-Do (Noticias y Documentales) albistegia erabili zuen horretarako.
Han kontatzen ez duena ordea, Mendizabalek berak jasotako testigantza bat da, egun hartan dantza egin zuen Mikel Urteaga herritarrarena. “Berak kontatu digu udaletxetik deitu zietela eta dantza egiteko agindua eman. Dantzariekin batera zeuden San Pedro, Zenekorta eta Okariz txistulari eta atabalariak, beren adinagatik gerra zibila bere gordintasun osoan bizi izango zuten ziur aski. Ezagutu nahiko nituzke haien pentsamenduak segizio berezi haren aurrean jotzen zuten bitartean. Eta zer pentsatuko zuten jakin izan balute erreportajeari soinua jartzean, ezpata-dantzarenaren ordez, banakoarena jarri ziotela. Manipulazioa eta ez-jakintasuna elkarren eskutik helduta”.
Bigarren bideo honetan berriz, Legazpi dorretxea berritu zutenean, Manuel Fraga Iribarne Espainiako Gobernazio Ministroak egindako bisita jaso zuten: