Argia bertsoei piztuta

293010

2017. urtean, 17. ekitaldia. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hasi da, eta Goierriko eragile, antolatzaile, langile eta bertsolari saldo bat buru-belarri ari da lanean. Zain, berriz, bertsozale uholdea, lau-urteroko hitzordu arranditsuarekin gozatzeko itxaropenez. Goierrin sartu-irtena egingo du Txapelketak, gainera. Seguran kanporaketako bigarren saioa jokatuko da.

Nerea Elustondo ariko da Baratzen. Aitor Sarriegi —aurreko bi aldietan finalista—, Iñaki Apalategi, Asier Otamendi —txapelketako bertsolari zaharrena da—, eta Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran amasarra dira beste ordezkariak.

SarriegiBaigorrin ekin zion bideari bertso-jardunak, aurreko larunbatean. Haren aurretik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Villabonan (Gipuzkoa) duen egoitzan, Iñaki Murua lehendakariak intentzioa garbi erakutsi zuen, bertsolariei zuzenduta: «Argia piztu dugu gaur, zuentzat denontzat. Zuek zaretelako erdigunean jarri nahi zaituztegunak. Zuen bertsoekin gozatu nahi dugulako».

Su artifizialen lilurarik gabe, «bertsoa bere soilean» azpimarratu nahi du Txapelketa Nagusiak, «bertsolariak egiten duen ekarpena». Urteak darama Bertsozale Elkarteak bertsolarien sormenari arreta jartzen, eta jarrarazten. «Hor fokalizatu nahi dugu ahalegina, bertsolariaren sormen ahaleginean eta emaitzan», azaldu dio Muruak Goiberri-ri.

Bertsolaritza kokatuz

Aurreko edizioen ildotik jarraituta, bertsolaritzaren balioak gizartearen luze-zabalean isurtzeko erakusleiho ere izan nahi du Txapelketa Nagusiak. «Baina bertsoa ez da elementu isolatu bat paraxutean plast erortzen dena. Testuinguru batek egiten du, hizkuntzak bereziki».

OtamendiHala, euskararen komunitateari egin nahi dio ekarpena. «Komeni zaiguna da euskaltegiek, euskaldun berriek baliatzea, orokorrean euskararen lurraldea hauspotu eta hizkuntzaren erabilerari ekarpen bat egin diezaiola», dio Muruak.

Basoaren aurretik, ordea, zuhaitza. Lehengaia zein den garbi dute, eta hori zaindu, mimatu nahi dute. «Oinarria eta muinean bertsoa dago. Bertsoarekin gozatzea hartu behar da helburu».

Estualdia eta emaitzak

Bertsozale Elkarteak 70etik gora langile ditu. Horiek ari dira txapelketa antolatzen, boluntario multzo eta bertsozale talde handi batek inguratuta. Auzolana eta borondatezko lana ere badelako ezaugarri bat; «herri txiki eta kultura txiki garenok, bide hori dena baliatu beharra daukagu. Guk ezin dugu talonarioarekin bakarrik funtzionatu».

1935ean eta 1936an egin ziren lehen txapelketak, bertsolari-gudu deituak. Gerra ostean, 1960ko hamarkadako bost txapelketak Euskaltzaindiak antolatu zituen, baita diktadura ondorengo lehen biak ere (1980 eta 1982). 1986az geroztik, Bertsozale Elkarteak hartu zuen gidaritza, antolaketan ere.

ElustondoElkarteari berari, bertsolaritzari eta bertsogintzari Txapelketa Nagusiak «estualdi bat» ematen diela aitortu du lehendakariak. «Bertsolariak beti beren onena ematen, doinuak eta errimak eraberritzen; gai jartzaileak ere lan berezia egiten… Hori ikusten da».

Aurtengo txapelketan ere bertsolariek «ekarpen berriak» egingo dituztela ziur da Murua, doinuetan, errimetan, hiztegian edota «ironian».

Agurreko txapelketa

Lehengo astean Berria-n iragarri zuen Iñaki Muruak (Gabiria, 1956) 2018ko martxoan utziko duela Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari kargua. 2005ean aukeratu zuten, Imanol Lazkanoren hurrengo.

Laugarren Txapelketa Nagusia izango du 2017koa, lehendakari bezala. «Umorea gailentzea gustatuko litzaidake. Umoreari ekarpenak egiteko aukera izatea bertsolariek, eta asmatzea». Elkartea ekipo batek gidatuko du, aurrerantzean.

Goierri Eskolako irakasle lanetik ere —Euskara eta Filosofia ematen ditu— jubilatuko da, datorren urtean. «Oraintxe geldituko naiz txarren-txarrenean. Zer eginik gabe geldituko naiz, eta geldirik ezin egon», dio umorez, daukan parkinson gaitzaren dardarari algararenak erantsita.

Saraoi Jauregi eta Inaxio Usarralde

Saroi Jauregi zaldibiarrak bi eskutatik lan egingo du, Txapelketan. Batetik, EHBEko zuzendaritzako kide da, Gipuzkoako elkarteko lehendakari ere bai. Antolatzaile taldeko proposamenak zuzendaritzan landu dituzte. «Komunikatiboki eta kanpora begira, gure ekitaldi handiena bihurtzen da Txapelketa. Lau urtetik behin tokatu arren, guretzat ziklo jarraipen bat da: bat bukatutakoan hurrengoarekin hasten gara. Nahi genuke txapelketara ez mugatzea, eta jendeak ikustea ez dela kasualitatea lau urtez behin hainbeste jende inguratzea. Bertsolaritza hori baino gehiago da, gauza gehiago egiten dira», dio Jauregik.

IguaranBertsolaritzaren arrakasta, mugimendu bezala, pentsatzetik datorrela uste du Jauregik. «Bertsolaritzan lan-talde pila bat daude, buru pentsalari asko. Eguneroko jardunean ere, bertsolariari denetik kantatzea tokatzen zaie; eta, kantatzeko, denetik pentsatzea. Horrek bere fruituak ematen ditu».

Gai jartzaile ere ariko da Saroi Jauregi. Baita Lazkaon bizi den Inaxio Usarralde usurbildarra ere. Epaileen lanarekin batera, gaiek sortu ohi dute arrabots handiena, normalean. Baina gai jartzaileak ere kasualitatearentzat zirrikiturik ez utzi zaleak dira. «Martxoaz geroztik lanean ari gara gu. Aldez aurretik beti hizketagai izaten dira tematikak eta; dena birplanteatzea izaten da joera, dena hankaz gora jarri, zer edo zer berria egin. Baina, bezperetara iritsita, beti-betikoan bukatzen dugu: bertsotan egiteko moduko gaia baldin bada, aurrera».

Aurten, ariketa aldetik berritasunik ez dago. «Orduan, betikoa: bertsolariek eurek egin beharko dituzte jauzi kualitatibo, ibilbide-pauso eta horiek. Gu materiala jartzen saiatuko gara, hori behintzat ziur dugu».

Bertsolari askok dioten askatasun eskeari, askotan gertatzen den bertsoen esanahi lerrokadurari, zera erantzun dio Usarraldek: «Orain denek esperoko dute Katalunia, gaietan. Eta argi, igual sorpresaren bat izango da eta! Igual joera hori pixka bat saihestea izango da. Badakigu, bestalde, guk erratza jarriko bagenu gaitzat, horri kantatzen bukatuko luketela eta beraiek eramango luketela gaia Katalunia aldera».

ApalategiOinarriak, hala ere, sendoak dira: bertsolariak ahalik eta gehiena luzitu eta entzuleak gehiena gozatu dezan, denen artean lan kolektibo bat egitea.

Martin Aramendi eta Maite Sukia

Bertsolarien lana epaitzen bi goierritar ariko dira, aurtengo Txapelketa Nagusian: Maite Sukia (Ataun, 1981) eta Martin Aramendi (Ataun, 1970). Prestakuntza berezia egin dute, «aspaldiko onena»: orokorra lauzpabost hitzaldirekin (euskara, emozioak, generoa… landu dituzte), eta, erdibituta, ariketa praktikoekin bateratze saioa: bertsoak entzun, puntuatu eta arrazoitu. Euskal Herri osoko epaileak daude, lau urtean behin elkartzen direnak. «Oinarrizko irizpideak markatuta daude, eta publikoak dira; baina, horiek aplikatzean, bakoitzak zeri erreparatzen dion ikustea aberasgarria da, epaitzeko zure modua osatzeko. Denari eta neurri berean ezin zaiolako erreparatu», dio Martin Aramendik.

Epaileen lana ondo ulertua dela uste du Aramendik, eta azkenekoetan ahots altuak nahiko arindu dira. «Jendeak badaki ahalik eta ondoen egiten saiatzen garela. Ez da matematika, subjektiboa da».

Seguran saioa eta Bertso Eskolen festa, lehenengo aldiz

Txapelketa Nagusiko saioak Goierrin historian zehar

Txapeleta-Nagusia

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>