Joan, jo eta poztu

JUNDAJO

Lazkaon, 2007aren hasieran sortu zuten Jundajo txaranga. Zortzi gazte batu ziren proiektu berrirako, Lazkaokoak batzuk, Beasaingoak, Tolosakoak eta ingurukoak besteak. Bakoitzak bere instrumentuak hartu, eta lehendik Antzar Gazteak txarangan ondu zuten esperientziarekin abiatu ziren.

Hamargarren urteurrena, 2017an, ospakizun urtea izan dute, eta dute oraindik. San Prudentzio jaietan Jundajo txarangakoek bota zuten jai hasierako suziria, udaletxeko balkoitik. San Migel aurrean izan zuten beste ekinaldi bat. Goizean goiz kalejiran hasi, eguerdian dantzari larrien saioan aritu, eta arratseko sagardo edatea alaituz borobildu zuten eguna.

Oraindik beste ekitaldi bat falta zaie: abenduan kontzertua joko dute Lazkaon, Areria antzokian ziurrenik. Eguna zehaztu gabe daukate oraindik, baina herriko beste talde batzuek lagunduko diete, Kantaka abesbatzak, Oin-Arin dantza taldeak eta areto dantzen taldeak, besteak beste.

Antzar Gazteen errautsetatik berpiztu zen txaranga Lazkaon, orain hamar urte. «Lazkaon beti izan zen txaranga, Antzar Gazteak. Han geroz eta jende gutxiago zebilen, eta azken urteetan ia inor ez. Bi-hiru lagun nora jo ez genekiela geratu ginen.JUNDAJO_TXARANGA_2008AN Tolosako inauterietatik ezagututako batzuk elkartu, eta garaje batean hasi ginen entseatzen, Lazkaon», gogoratu du Aitor Tellok.

Zortzi musikarik ekin zioten Jundajoren jirari. 12 dira gaur egun. Musika arloan ere bilakaera oparoa izan du, onerako.

Lehenengo irteera Zumarragara egin zuten, 2007ko apirilean. Irrintzi dantza taldearen 40. urteurreneko ospakizunetan izan zuen Jundajok debuta.

Urtean zehar, noiznahi

Herriko txaranga gisa hasi ziren. Urtean zehar Lazkaon izaten diren festa, jai eta ekitaldietan jo izan dute, hamar urteotan. Udalarekin tratu bat itxi zuten: kalean jotzearen truke, Hirigoien kaleko eskola txikian gela bat uzteko eskatu zieten. Harrezkero, hura dute entsegu lokala, biltokia eta biltegia. «Han jarraitzen dugu oraindik».

Herrian bertan ezezik, inguruko toki askotara ere zabaldu da Jundajoren doinua. «Joaldi gehienak uda partean izaten ditugu, normala den bezala. Urtean zehar, gainontzean, betiko data seinalatuetan: Donostiako Danborrada, Tolosako inauteriak…».

Joan eta jo, izenak dioen bezala. Beste apartekorik ez du txarangak. Baina emaitza ez da nolanahikoa. Festa jartzea tokatzen zaie, jaiak alaitzea, jendearen aldartea poztea. «Helburua kaleko giroa alaitzea da. Besterik ez. Herri batzuek afizio gehiago dute, beste batzuek gutxiago. Baina jendeak gustura hartzen du txaranga».

Ez daukate plaza gogokoenik, edo ez dute esaten behintzat. Hala ere, «herri txarangazaleena» Tolosa dela garbi daukate. «Txarangek indar handia daukate. Han bizi egiten dute. Lazkaon ere jendea ohitzen ari da», ohartu da Tello.

Zaldibian jo zuten, larunbatean, Santa Fe jaietako kuadrillen egunean. Hura ere ohiko txokoa dute. «Urte dezente dira jada, hots egin digutenak. Hori seinale ona da, bai beraien aldetik, gustura geratzen diren seinale, eta bai gure aldetik».

‘Lazkaoko martxa’

Errepertorioa astintzen ahalegintzen dira: kantu berrien partiturak lortu, ikasi, eta jo. «Gaur egungo abestiak jotakoan antzematen da kalean, jendeak arreta jartzen du. Bi berri sartu ditugu aurten. Modan dauden doinuak joz gero, berehalako arrakasta izaten da».

Jundajo, 10 urterekin, «indartsu» dago. «Jende faltarik ez dugu izan. Geroz eta garapen hobea darama taldeak. Gure aldetik ere dedikazioa eskatzen du: beti berritzen aritu behar. Maila oso ona lortu dugu, ez dago alderik orain dela hamar urte entzun, edo orain entzun».

Abenduko kontzertuan berritasun bat aurkeztuko du Jundajok. Lazkaoko martxa birmoldatu dute —danborradan jo ohi dutena—, Jabier Muruamendiaraz konposatzailearen familiaren baimena jasota. «Txistularientzat sortua zen, eta txarangarako eskas zegoela iruditzen zitzaigun». To oparia, urteak bete dituenak egina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>