Iñaki Intxaustik (Zerain, 1992) kontsumo taldea martxan jarri du aste honetan bertan Seguran. Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta urte betez CAF-en lanean aritu eta gero erabaki zuen lehenengo sektoreari aukera bat eman nahi ziola, eta hortik bizimodua ateratzeko apustua egin zuen.
Ingeniari izatetik baserri mundura. Nolatan?
Haurra nintzenetik ezagutu dut baserriaren mundua. Zerainen amonaren baserria dugu eta Seguran aitonarena. Betidanik gustatu izan zait baserri mundua eta aukera bat eman nahi nion.
Kontsumo taldea sortu duzu Seguran.
Bai. Goierrin beste herri batzuetan dauden proiektuak ezagutu ditut eta Gorka Sasieta eta Ander Kerejeta Atxun-en eredua hartuta animatu egin naiz. Momentuz sei familia animatu dira proiektuan parte hartzera eta horrela hasi gara.
Zer dira kontsumo taldeak?
Kontsumitzaile eta baserritarraren arteko konfiantzazko harreman bat da, eta denentzako ditu abantailak. Kontsumitzaileak badaki jasotzen duen produktu hori nola ekoitzi den eta nondik datorren. Baserritarrak, bestalde, produktu hori modu egokian salduko duelako ziurtasun bat dauka.
Nola antolatu zarete?
Momentuz zenbait xehetasun zehazteko dauzkagu. Oinarrian, kontsumo taldeko kideek nire baserriko produktuekin osatutako otar bat jasoko dute astero. Asteko otarra 10 euro izango da eta hileroko kuota, berriz, 45 eurokoa. Barazkiez gain bestelako produktuak erosteko aukera ere izango dute, intxaurrak, arrautzak… Hori, dagoen eskariaren arabera moldatuz joango gara. Interesa dutenek 662 156 497 zenbakian jar daitezke nirekin harremanetan, edo mezu bat idatzita honako helbidera:?markitegi.segura@gmail.com.
Segurako Markitegi baserrian dituzu baratzeak.
Familiaren baserria da, eta momentuz ez da inor bizi hemen. Bi baratze ditut martxan, haragitarako behiak ere badauzkat eta fruta-arbolak sartzen hasi naiz aurten. Ekologikoan lan egiten dut baratzean eta hemendik bi urte barru hori bermatzen duen ziurtagiria izango dut. Nire aurreikuspenen arabera, 2018an 15 bat familiarentzako ekoizteko moduan izango naiz. Gehienera jota 30 bat izango lirateke.