Zuek euskaraz, nik zergatik ez?

Joxe BegiristainOso denbora gutxiko tartean bi ekitaldi erabat desberdin bizi izan ditut. Bietan, ordea, agerian utzi didate euskara biziberritzeko ahaleginak miresmena eragiten duela, jende are eta desberdinagoren artean.

Lehena, CAFen mendeurrenaren baitan, Beasaingo lantegian irailaren 23an eta 24an egindako Ate Irekiak jardunaldietan gertatu zitzaidan. Jakina da CAFen urteak daramatzagula trenaren fabrikazio-prozesu osoan euskarari berez dagokion lekua emateko lanean. Ate Irekiak jardunaldietan, CAFen 100 urte hauetako historia, bilakaera eta trengintzaren hainbat eta hainbat atalen berri eman zen. Panelez irakurgai zen informazioa ele bietan zegoen, aurrena euskarazko testuaz, enpresako Hizkuntza Politika Orokorrak jasotzen duena betez. Eta ibilbidean zehar kokatutako informazio-pantailetako ahozko azalpenak, euskaraz bakarrik entzun ahal izan ziren. Azalpen horiek gaztelaniaz jarraitu nahi zituenak, pantailan aldi berean idatzita agertzen zen testua irakurri behar zuen.

Ia 7.000 lagun pasatu ziren asteburu horretan bisita gidatuan. Eta asko dira zorionak eman dizkigutenak, euskararen presentzia, handia irudituta, harriduraz. Guk harro jaso ditugu esker oneko hitz horiek, noski, baina antzeman dugu, fabrika zulotik harago ez dakigula saltzen, lan munduan ere euskaraz bizi daitekeela. Goierriko enpresen arteko Euskara Batzordea dugun Ingudea aipatu behar izan diegu adibidetzat, dozena bat enpresa behinik behin bagarela gogoraraziz, lanean euskaraz aritzeko bidea gauzatzen.

Hasieran aipatzen nuen ekitaldietako bigarrena, urriaren 11n Beasainen izandako solasaldia da. Garabide elkarteak urteak daramatza hizkuntza gutxituak dituzten herri indigenekin esperientzia-trukean. Oraintxe bertan munduko hainbat bazterretatik etorritako indigenen ordezkari batzuekin hizkuntza biziberritzeko gidaritzari buruzko ikastaldi trinkoan dira bete-betean. Solasaldi irekian, indigena horiek beraien hizkuntzak biziberritzeko zertan ari diren agertu ziguten. Garabideko ordezkaria den Jon Sarasuarekin, Marokoko Milouda El Hankari, amazig hizkuntzaz, Mexikoko Leonardo Duran, nahuatlari buruz, eta, Txileko Paula Onesima, maputxeari buruz, aritu zitzaizkigun. Hiru indigenak bat etorri ziren euskararen berreskuratze-prozesua mirestean.

Baina kontuz! Bai CAFera bisitan joandako euskaltzaleak eta baita indigena horiek ere, oso jakitun dira euskarak 40-50 urte hauetan egin duen bideak, berez, ez duela etorkizunerako aurrerabide bera bermatzen. Jon Sarasuak,  euskara-Arantzazu garaiei erreferentzia eginez, zera esan zuen: Arantzazutik Urbiara igota, bertan lainopean geldi ez ote gauden, Aizkorrirako bidean.

Funtsean, hizkuntza bat ez delako hitzen corpus soila. Hizkuntza, herri baten identitatearen muina da. Bai indigena horientzat eta baita guretzat ere. Euskal nortasunaren oinarria euskal kultura eta euskara dira.

«Guk euskaraz, zuk zergatik ez?» zioen Gabriel Arestik, gerora Urkoren bidez ia-ia euskaltzaleon ereserki izateraino heldu zen abestiak geureganatu zituen hitzez. Nago, inor euskarara gonbidatzearen aldiak aspaldi galdu zuela zentzua, inoiz izan bazuen. Jendea euskarara etorriko bada, euskararen beharra nozitu beharko du norberak bere baitan. Euskarak hegemonia duen jendartean, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duenak eta euskaraz ez dakienak, «zuek euskaraz, nik zergatik ez?» hausnartu beste erremediorik ez du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>