Udaren ederra
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Indartsu etorri da eguzkia. Jo egiten du aurpegian. Oporretarako planak egiten ari dira lagun-taldeak terrazetako toldoen azpian. Izozki-dendetako ilarak luzatzen eta luzatzen ari dira. Goraino betetzen, lakuak, hondartzak, igerilekuak, errekak, parkeak. Armairuak kolorez aldatzen ari dira. Ostiral iluntzeak festa-usain geroz eta handiagoa hartzen. Bizikletak ugaritu dira errepide izkinetan. Haizagailuak piztu dira etxe itxietan. Denbora librearekin amets egiten du jendeak; denbora librea nahieran darabil jendeak. Burua sartu dute iturrian nerabeek. Ur-pistolak atera dira kalera. Txupinazoak doaz airera, txistulariak eta buruhandiak kalean behera; herrietako jaien aroa hasi da. Asteburuetan planak existitzen dira han-hemen; aspaldiko fuerteen dator fomo-a. Dantza egiten du jendeak. Pozik dago jendea. Uda hemen da, eta denak dirudi ederra.
Baina bueno: erasotzaileak dabiltza bertso-eskoletan, dantza-taldeetan, etxeetan, kaleetan; sionistek atxilotu eta jipoitu egin dituzte Global Sumud Flotillako ekintzaileak, Kretan; ertzainek jipoitu eta atxilotu egin dituzte Global Sumud Flotillako ekintzaileak, Loiun, «inondik inora ere ez arrazoi politikoengatik, agenteen kontrako probokazio eta erasoen ondorioz baizik»; Errekaleor auzoaren kontrako dispositiboak, mehatxuak, erasoak abiatu ditu Ertzaintzak, instituzio publikoen babesean; pabiloietan, fabriketan, etxeetan bizi diren pertsonak desalojatzen ari da polizia; azterketa guztiak euskaraz egitea ukatzen zaie ikasleei; onartezinak diren akatsak, erratak eta zentzurik gabeko esaldiak daude lanpostu publikoetarako euskarazko azterketetan; eta abar, eta abar. Uda hemen da, denak dirudi ederra; baina ez daude gauzak eder. Begira dezagun ikusarazi nahi ditugun ertzetara. ■
