Eitzagako iragana mapetan
Zumarragako aurreneko kalea Eitzaga izan zen. Herri izaerako auzoaren sustraiak sakon atzeratzen dira historian, berriki Andoni Ormazabalek Valladolideko Chancilleria auzitegiko artxiboan aurkitu eta Gotzon Aranburu kazetariak zabaldutako bi dokumentu grafikok erakusten duten bezala.
Goiko planoa 1767koa da, Manuel Ignacio de Muruak egina. Oraindik zutik dauden baserri ugari agertzen dira bertan, baita garai hartan egin zen ‘kotxeen errege-bide berria’ ere. Lehenagoko bide nagusia nondik zen ere garbi azaltzen da: bailara hondoko erreka-zuloan Aldasbarren baserriraino aurreratu, eta zuzenean gora, Eitzagaraino. Baita bi bideen lokailu zen herri bidea ere, Agirretxeberrira irteten zena.
Zerbait aldatuta dago orain. Errege-bide berria Kortaberri eta Ameztinetxeberri etxe tartera ailegatzen zen antzina, eta metro batzuk beheraxeago lotzen zitzaion lehengo bide zaharra.
Etxe bakoitza izenarekin
Bigarren planoa 1877koa da. Eitzaga kale luze bat zen, eta ermitatik segidan zeuden atari bikoitiak, beste aldean bakoitiak. Zenbakitu arren, etxe bakoitza bere izen bereziarekin ezagutzen zen. Koletokoa, Serotetxea, Izagirre, Jaureginea, Katekoa, Kalemusu, Labekoa, Urbiskoa, Galantekoa, Urtenea, Tantelu zaharra eta berria ziren bikoitiak.
Mujikanea, Junrdangoa, Kortaberri, Aranburu, Maioranea, Artetxene zaharra eta berria, Barberokoa, Ameztinetxeberi, Izurtza, Matxinea, Pilutokoa, Sagastiberria, Araizteginea eta Ameztinea bikoitiak.
Izana ere saltzen dute izenek, ofizio, leku edo maizterren salatari. Katekoan, adibidez, foru zergak kobratzeko katearekin ixten zuten errepidea. ■


