Hotzaren beldurrik ez

Berogailudun berokiaOrdiziako azokan ez da beste gairik azken asteotan. Neguko giroa iristearekin batera, berogailua daramaten txamarren kontua ahoz aho dabil plazako saltzaileen artean. Punta-puntako teknologiak eman du azken nobedadea ferian.

Tenperatura baxuei aurre egiteko makina bat trikimailu erabili ohi dituzte azokako saltzaileek. Aspaldi geratu ziren atzean, esaterako, eskuak berotzeko ur beroarekin betetako botilak, baina oraindik bada lurretik isolatzeko oin azpitan kartoia jartzen duenik; betikoak dira, berriz, txano, eskularru, bufanda eta galtzerdi lodiak, baita belarriak babestekoak ere; butanozko edo propanozko estufak ere erabiltzen dira… Orain, botoi bat sakatuz beroa ematen duten txamarrak ere hasi dira ikusten.

Bateria bati lotuta

Azokan bertan, baina arropa saltzaileak egoten diren Beti Alai frontoiko atarian eros daitezkete txamarra horiek. Hamalau ezizenez ezagutzen den Jose Luis Rey Iturriza azpeitiarrak saltzen ditu. Asturiasko etxe batek egindakoak dira, Joluvi markakoak, gizonezko zein emakumezkoenak, eta neurri eta kolore desberdinetakoak.  Lumazko anoraken antza dute, baina lumen ordez, zuntza da duten betegarria. Bizkar eta lepo aldean hari erradiatzailez osatutako panelak dituzte, eta horiek berotzeko, USB bidez konektatzen dira bateria eramangarri batera. Hiru bero maila dituzte, bularraldean daukaten botoi baten bidez aukeratu ahal direnak.

Beste azoka batzuen artean Zumarragakora ere joaten den Hamalauk dioenez, aurten hasi da txamarra horiek saltzen, eta hasieran jendeari «harridura eta sinestezintasuna» sortu badizkiote ere, «eta, manta elektrikoek duten ospe txarragatik, baita beldur piska bat eman ere», poliki-poliki salmenta igotzen ari da.

Erabiltzaileak gustura

Hori ez da harritzekoa, beze-roek beraiek egiten diete eta propagandarik handiena txaketa horiei. Ordizian bertan fruta saltzen ibiltzen den Txema Rueda da bezero horietako bat. Badira aste batzuk txamarra erosi duela, eta «oso gustura dago».

Azoketan hainbeste orduz kanpoan eta leku txiki batean ia mugitu gabe lan egiten dutelako hotz handia pasatzen dutela dio Rueda fruta saltzaileak, eta orain arte mota guztietako arropa termikoa probatu dutela, «baita galtzontzilo luzeak ere!». Hotzari aurre egitea zaila da, baina oraingoan «asmatu» duela dio. «Txamarrak oso itxura polita du, eta berogailurik gabe ere berotzen du, ona da. Baina kalefakzioarena ikaragarria da: bateria etxetik kargatuta eramaten dut poltsikoan, eta txamarrari konektatuta dagoenean botoia sakatu eta tenperatura maila aukeratu besterik ez dut egin behar. Momentuan berotzen da!».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>