Herriak gorago ala beherago, bakoitza bere mailan
Eztabaidarako gai, edo, gutxienez, jakin-minaren lehengai izaten dira sarri udalerrien altuerak. Historian zehar neurtzeko erabilitako teknika desberdinek edo zehaztasun hala-moduzkoek, gainera, zenbaki saltsa eragin dute. Gaur egun, geodesiak doitasunean irabazi du, neurri topografikoak hartzeko modua bateratuz eta gailu elektronikoekin finkatuz; tartean, herrien altuerarena.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren datu espazialen azpiegituren B5M mapetan zentimetroen fintasunarekin ageri dira mapa kartografikoetan altuerak. GPSaz gain, Gipuzkoako GNNS sarea erabiltzen da neurtzeko. Gipuzkoan bost estazio daude, eta horietako antena bat Lazkaoko udaletxean dago kokatuta. Herrietan toki estrategikoetan jarrita dauden erreferentzia geodesikoekin osatzen dute neurketa sarea. Gipuzkoan 1.000 puntu inguru daude; burdinezko iltze borodil batzuk dira.
Hala, B5M mapetan, aldameneko altuerak adierazita daude. Udalerriaren altueratzat, udaletxe atariko edo plaza nagusiko puntua hartu da aintzat.
Mapa horren arabera, Goierriko puntu garaiena Aitxuri (1.550 m) da, Zegamako udal barrutian. Baxuena, berriz, Legorretak Ikaztegietarekin eta Orendainekin muga egiten duen puntua (104 m), Olea auzoan, Oria ibaian. ■
Herrien eta auzoen altuerak Udaletxe aurreko edo plazako erreferentzia (m)
- Altzaga. 280; Altzagarate 458.
- Arama. 168.
- Ataun. 199 (udaletxea, San Martin); Aia 400, San Gregorio 244, Lizarrusti 621, Urkillaga 513.
- Beasain. 158. Aratz-Matxinbenta 243; Arriaran 205, Astigarreta 473, Garin 429, Gudugarreta 185.
- Ezkio-Itsaso. 240 (Anduaga); Ezkio 446; Itsaso 432; Alegia 210, Mandubia 541.
- Gabiria. 417; Aztiria 605; Alegia 206.
- Gaintza. 445.
- Idiazabal. 211; Urtsuaran 360, Etzegarate 655.
- Itsasondo. 131 (udaletxea), 164 (goiko plaza); Urkia 455.
- Lazkao. 163; Lazkaomendi 322 (San Joan ermita).
- Legazpi. 403; Brinkola 465, Telleriarte 437, Udana 509.
- Legorreta. 117; Koate 244.
- Mutiloa. 244; Lierni 335.
- Olaberria. 324; Ihurre 179.
- Ordizia. 157.
- Ormaiztegi. 196.
- Urretxu. 353; Santa Barbara 551, Deskarga 492.
- Segura. 251 (plaza).
- Zaldibia. 166; Saturdi 289.
- Zegama. 300; Otsaurte 669.
- Zerain. 337; Barbari 516.
- Zumarraga. 348; Aginaga 535, Antio 507, Eitzaga 367.
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundiaren B5M datu espazialen azpiegituretako mapa

