«Ohartu nintzenean mutila izan nintekeela aluarekin, ‘Hori naiz ni!’, esan nuen»

German_Urtega(1)

Urtebeteko hausnarketaren ondoren, irailean egin zuen publiko German Urteagak (Beasain, 1995) bere genero identitatea.

Noiz eta nola konturatu zinen mutil transgeneroa zarela?
LGTB+ kolektiboan banenbilen,  eta pixka bat informatuta nengoen. Baina kanpoan bizi den lagun bat badaukat, trans munduan dezente ibiltzen dena, eta bere herriko festetan bere etxean gelditu nintzen. Justu Goierriko Zubia sortu berria zen eta berak galdetu zidan konfiantzan: «Inoiz pentsatu duzu ea transa zaren? Nik ikusten zaitut». Nire erantzuna izan zen: «Ja, ni ere ikusten naiz». Hortxe egin zuen nire buruak klik-a eta momentu horretan esan nion: Niri txikitan gizarteak esan ez balit genitalek eta generoak lotura dutela eta ondorioz «bide honetatik joan behar duzu» generoari dagokionez nik badakit zein bide hautatuko nukeen, eta ez da egin dudan bidea.

Zer sentitu zenuen?
Ohartu nintzenean mutila izan nintekeela aluarekin, «Hori naiz ni!», esan nuen. Alde batetik lasaitu handia hartu nuen, baina bestetik bertigoa ere sentitu nuen, konsziente nintzelako egin beharreko bidea ez zela batere erraza izango. Urtebete egon naiz hausnarketa prozesu potente batean murgildurik, publiko egin aurretik.

Zer da mutil transgeneroa?
Transgeneroa, jaiotzean esleitu zaion generoarekin identifikatzen ez dena da. Mutil transgeneroa da, jaiotzean bere genitaletan oinarrituta gizarteak emakume moduan identifikatu duen persona, baina bera ez dena emakume moduan identifikatzen baizik eta gizon moduan, ondorioz, gizona da. Transgeneroen kasuan ez dago disforiarik genitalei dagokienez.

Zein ezberdintasun dago transexualaren eta transgeneroaren artean?
Batzuetan lausoa da muga, eta herrialdearen arabera ere gerta daiteke erabilpen desberdina izatea termino batek eta besteak. Berez, transgenero batek ez dauka inongo disforiarik bere sexuarekin (biologikoa), transexualek (orokorrean) bai. Transgenero bat hormonatu daiteke, mastektomia egin… Edo ez. Baina bere genitalekin ez du inongo arazorik. Kasu batean zein bes-tean denok gara transak.

Hemendik aurrera zer?
Pertsona bakoitzaren araberakoa da. Pertsona bakoitzak desberdin bizi du trans izatea, trans izateko modu asko daude. Batzuk hormonatuko dira, besteak ez. Batzuk operatuko dira, besteak ez. Batek operazio jakin bat egingo du eta besteak besteren bat… Norberaren beharren araberakoa da. Azkenean norbere buruarekin gustura sentitzea da inporta duena eta horren alde borroka egitea.

German_Urtega«Transgeneroa, jaiotzean esleitu zaion generoarekin identifikatzen ez dena da»

«Azkenean, norbere buruarekin gustura sentitzea da inporta duena»

«Orain saiatzen naiz nire antzeko egoeran daudenek  bide errazagoa izan dezaten»

«Haurdun geratzeaz hitz egiten denean normalean jendeak emakumea irudikatzen du, eta burutik ez zaio pasatzen gizon bat haurdun gera daitekeenik… »

Gorputzeko aldaketei dagokionean, pentsatua duzu zer egin nahi duzun?
Mastektomia egingo dut. Nik, nire genitalekin ez bezala, nire titiekin badaukat disforia, beraz berandu baino lehen burutuko dudan zerbait izango da. Hormonei dagokienez ikusiko dut zer egiten dudan, momentuz ez naiz bizi guztian hormonatzen ikusten gorputzarentzat izugarrizko txutea izan daitekeelako, baina badira aldaketa batzuk eduki nahi ditudanak: ahotsa jaistea eta bizarra ateratzea adibidez. Behin hormonatuz gero aldaketa batzuk atzerabuelta ezinak dira, ahotsaren tonua adibidez, beraz ikusiko dut zer egin. Agian denbora jakin batean hormonatuko naiz eta behin aldaketa jakin batzuk lortzean utzi, ikusiko dut. Gorputz bakoitza ere mundu bat da. Ez da erraza, baina ahalik eta lasaien hartzen ahalegintzen ari naiz. Zaila da, aldaketak momentuan nahi baitituzu eta gainera badakizulako ez zaudela eroso, baina ni saiatzen ari naiz ahal dudan heinean gauzak patxadaz hartzen.

Mutil transgenero batek haurra izan dezake, beraz.
Bai, noski! Haurdun geratzeaz hitz egiten denean normalean jendeak emakumea irudikatzen du, eta burutik ez zaio pasatzen gizon bat haurdun gera daitekeenik… Baina bai, badaude aitak erditu dezaketenak.

Zure lekua bilatu duzu.
Bai, eta nik garbi neukan, klik-a egin zidanean, aurrera egin beharra neukala. Zentzu horretan, auto lanketa bat  daramakit eta konsziente naiz horrelako egoeretan bizitzan aurrera egin behar duzula. Ausarta naizela esaten didate batzuek; bai, egia da, baina ez da besterik geratzen, zoriontsu izan nahi baduzu eta zaren hori izan nahi baduzu. Egia da gizarteak behartzen zaituela zarena izateko ausarta izatera, baina ez gai honetan bakarrik.

Izena aldatu duzu, gehiegi aldatu gabe.
Nahita izan da, eta oso gustura nago. Dena den, buruhauste asko eman dizkit izenak, hilabete oso bat egon naiz izenarekin dantzan. Niretzat izenaren kontua oso garrantzitsua da, eta banituen oso gustuko nituen izenak eta politak iruditzen zitzaizkidanak, baina ez nintzen identifikatuta sentitzen. Azkenean aurkitu dut benetan identifikatua sentitzen naizen izen hori eta normala den bezala izen zoragarria iruditzen zait.

Zein bide egin behar izaten du trans batek paperetan ofizialki izena eta sexua aldatzeko?
Orain ari dira lege berria tramitatzen, baina orain arte, lehenengo psikologo-psikiatrarengana joan behar da. Bertan, seguruenera, Bizitza errealeko test deritzona pasatu eta trastorno bat daukazula esango dizute. Ondorioz, endokrino batengana joan beharko duzu. Bi urtean hormonatu eta orduan izena eta sexua aldatuko dituzu nortasun agirian. Hau da, hormonatzera behartzen zaituzte, DNIan izena eta sexua aldatzeko. Eta nik ez badut hormonatu nahi? Edo sei hilabetean hormonatu nahi badut? Testaren eta prozesu psikiatrikoaren humilazio guzti horrez gain, behartzen zaituzte kanon batzuetan sartzera: neska izateko modu jakin batekoa izan behar duzu, eta mutila izateko, aldiz, beste modu jakin batekoa.

Eta legea aldatutakoan nola izango da?
Lege hau ateratzen denean, lehenengo momentutik aldatu ahal izango genuke izena eta sexua DNIan, eta ondoren erabakiko dugu hormonatu ala ez hormonatu, operazioak egin ala ez egin.

Familiak zer moduz hartu du?
Oso-oso ondo, eredugarri, ezin da hobeto. Esan nienean, kezkatzen zuten gauza bakarra hormonatzeak izan zitzakeen ondorioak ziren. Oso pozik daude, ni ere hobeto ikusten naute eta. Babes hori edukitzea oso garrantzitsua da.

Bertsolaria zara, pertsonaia publikoa. Lagungarria da hori?
Babesa eduki dut beti, baina nik beti esan dut hasieran ez dela erraza. Jende askok ezagutzen zaituenean bertigoa handiagoa da hasierako pausu horri dagokionez. Baina beste aldetik, une horietan ere pentsatzen nuen jende kopuru batek ezagutzeak gaia bisibilizatzen laguntzen duela. Eta hori ez nuke ezergatik aldatuko. Lehenengo saioa Eibarren izan zen, lagun handi batekin, eta eskerrak! Lehenengo saioak ez dira erosoak, baina pasatu da, lortu dut eroso egotea. Egia esanda, babes handia izan dut bertso munduan, eta orokorrean. Baina egia da, asko eragiten duela zu zein jarrerarekin zoazen. Jendeak normaltzat har dezan, nik normal esan beharra daukat. Eta horretarako oso seguru egon behar duzu, harro.

Hitzaldiak ematen aritzen zara.
Bai, eta oso garrantzitsutzat jotzen ditut horrelako ekintzak. Jendeak izan behar du errealitate hauen berri. Nik ez nuen txikia nintzenean ideiarik ere gai hauetaz, inork ez zidan esan posible zenik aluarekin gustora egon eta mutil sentitzea, kontrakoa zen jaso nuen mezua, eta ondorioz denbora luzez ez naiz nire genero identitateaz konsziente izan. Nola demontre jakingo nuen zer nintzen existitzen zenik ere ez banekien? Orain saiatzen naiz nire antzeko egoeran daudenek nik baino bide errazagoa izan dezaten ahal dudan guztia egiten, jakin dezatela aukera ezberdinak existitzen direla. Adin guztietako jendearentzat eman ditut eta ematen ditut tailerrak eta hitzaldiak, hain zuzen ere, adin guztietan landu beharreko gai bat delako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>