«Poligrafo Fest jaialdian primerako musikariek joko dute»

Gaizka_Oiartzabal-2Asteburu honetan hasiko da  Poligrafo Fest musika jaialdia Urretxun. Ekitaldi hori Zarraparra kolektiboak antolatzen du. Gaizka Oiartzabal (Zumarraga, 1982) Motz tabernako nagusia eta musika taldeen managerra Zarraparrako kidea da.

Nolatan halako musika zaletasuna?
Haurra nintzenean, osaba batek Europe taldearen disko bat oparitu zidan. Ondoren, Ataungo lehengusu batek, Koldok, CD pila bat oparitu zizkidan eta beste musika mota batzuk entzuten hasi nintzen. Agerikoa denez, asko zaletu nintzen. Dut, BAP, Anestesia… taldeek konkistatu egin ninduten. Horietako batzuk 40 aldiz baino gehiago ikusi ditut. Beraien atzetik ibili nintzen, zoro moduan.

Denetik entzuten al duzu?
Apur bat geldituta egon nintzen, baina tabernetan lanean hasi nintzenean gauza berriak entzuten hasi nintzen eta berriro har hori piztu zitzaidan.

Zein tabernatan lan egin duzu?
18 urterekin autonomo egin nintzen, Jon Ander Moratinos Xolomorekin eta kartzelan dagoen Joseba Segurola Piforekin, eta Legazpiko Arrano taberna hartu genuen. Gazte-txean urtebete egon nintzen eta beste taberna askotan ere lan egin nuen. 24 urterekin Motz hartu nuen. Beste lan batzuetan aritu naizenean ere, sekula ez diot tabernetan lan egiteari utzi.

Musika erreprodukzioa asko aldatu da ordutik.
Arranon lan egiten genuenean, ez zegoen Youtube eta halakorik. Donostiara joaten ginen urtean behin (Elkarrera, Beltza Records-era…), tabernako diskografia berritzera. Musika jartzeko modua oso ezberdina zen. Pertsona baten lana musika jartzea zen. Garai hartan tabernetako zerbitzariek egun baino askoz ere gehiago zekiten musikaz. Egun, hamabi disko aukeratu, nahasteko botoiari eman eta listo. Lehen musikaren bitartez giro ona jartzea oso garrantzitsua zen eta taldeak, diskoak, abestiak… ezagutu behar ziren.

Motz tabernan musikari garrantzi handia eman diozu beti.
Ekintza kulturalak antolatu nahi nituen: bertsoak, kontzertuak, antzerkia, bakarrizketak… Hasieran denetik antolatu nuen, baina musika zaletasunak batez ere kontzertuak antolatzera eraman ninduen. Izan ere, mundu hori beti asko gustatu zait. Gaztetxean eta jaietan ere kontzertuak antolatzen ibili naiz.

Motzen kontzertu asko antolatu dituzu.
Musika taldeen eztanda bat egon zen eta ez zeuden kontzertuak antolatzeko toki asko. Legazpiko Arranon ere kontzertu batzuk antolatu genituen. Selektah Kolektiboak jo zuen, esaterako. Oso oroitzapen polita da, Selektahk ez baitzituen kontzertu asko eman. Motzen, berriz, Belakok, Revuelta Permanentek, Kleejosek… jo dute.

Gaizka_Oiartzabal(2)«Motzen sekulako momentuak pasa ditugu, oso hunkigarriak. Txapela kentzekoak. Horrek bete egin nau.»

«Aurtengo Poligrafo Fest jaialdiak jende oso ezberdina aseko du»

«Zarraparrak ezin ditu tabernan antolatzen genituen kontzertu guztiak antolatu»

«Ez dugu kontzertuak kalean egitera ohitu nahi, gure helburua lokal bat lortzea da»

Zuk ez al duzu inoiz musika jo?
Gitarra jotzen dut, baina apur bat bakarrik. Ez dut denborarik. Denbora asko eskaini behar zaio.

Zer ematen dio zuzeneko musikak taberna bati eta herri bati?
Zuzeneko musikak tabernari asko eman dio. Dagoeneko ez digute kontzertuak antolatzen uzten, behar den lizentzia ez dugulako, eta asko nabaritu dut. Kontzertuek taberna hau herritik kanpo ezaguna egin dute. Urte batzutan 50 kontzertu antolatu ditugu. Europako herrialde gehienetako tal-deek jo dute. Horrek sekulako bizia eman zigun, tabernari eta niri. Herriko musika zaleentzat ere Motz toki berezia izan da. Hemen sekulako momentuak pasa ditugu. Oso hunkigarriak. Txapela kentzekoak. Horrek bete egin nau.

Zarraparra kolektiboa sortu zenuten herrian kontzertuak antolatzeko.
Zarraparrarekin ere jendeari gauza politak eskaintzea lortu dugu. Kontzertuak herriko toki ezberdinetan antolatzen ditugu eta jendea Eitzara eramatea  lortu dugu, adibidez. Hori lortzea ez da batere erraza. Gu ere harrituta gaude. Northagirresen kontzertua, adibidez, sekulakoa izan zen. Larunbat eguerdia zen, eguraldi oso txarra egin zuen… eta, hala ere, ermitako arkupea txiki gelditu zen.

Lan handia egiten duzue.
Gustura gabiltza, baina lan asko egiten dugu. Iaz 25-30 kontzertu antolatu genituen eta aurten lauzpabost jaialdi egingo ditugu. Hala, ez dugu horrenbeste lan hartuko. Motzen kontzertuak antolatzea askoz ere errazagoa zen. Egun, kontzertu bat antolatzen dugun bakoitzean trasteekin alde batetik bestera ibili beharra dugu.

Aurtengo lehen jaialdia asteburu honetan bertan hasiko da. Zer azpimarratuko zenuke aurtengo Poligrafo Festi buruz?
Bi asteburuko jaialdia izango da eta primerako musikariek joko dute. Bihar, Oskar Benas Intro Combo eta The Braves ariko dira. Oskar Benasek bere garaian Fermin Muguruzarekin jo zuen eta oso gitarra jotzaile ona da. Ondoren talde hau sortu zuen,  oso proiektu dibertigarri eta pertsonala. The Braves Australiako taldea da, oso ona, oso rockeroa.
Hurrengo asteburuko Mice proiektu berri bat da, Señor No eta Niko Etxart mitikoak dira, Hiri Galduak herrikoak dira eta lehenengoz elektrikoan joko dute, Kleejosen diskoak oso kritika onak jaso ditu, Liberen disko berria entzuteko aukera edukiko dugu eta The Jungle Fevers asturiarrek zuzeneko indartsua dute.
Oso gustura gaude antolatu dugun jaialdiarekin. Oso jende ezberdina aseko du.

Kontzertuak antolatzeaz gain, manager lanak egiten dituzu hainbat talderentzat. Nolatan hasi zara lan horretan?
Tabernan kontzertuak egiten utzi beharra oso gogorra izan zen niretzat. Nire proiektua hankamotz ikusten nuen. Kontaktu pila bat nituen, zirkuitu baten barruan nengoen… Urte askotako lana galtzeko arriskua ikusten nuen. Zarraparra hortik sortu zen, baina Zarraparrak ezin ditu tabernan antolatzen genituen kontzertu guztiak antolatu. Horretarako, areto bat behar da. Hala, talde askori ezetz esaten diegu. Kontzertuak antolatzeko lokalen bila ibili naiz, baina alokairuak garestiak dira eta ez daude lokal egoki asko. Dena den, ez dugu kontzertuak kalean egitera ohitu nahi. Gure helburua lokal bat lortzea izango da beti.
Nire kontaktuak manager lana egiteko erabiltzea erabaki nuen. Josu Calvo (Hiri Galduak) eta The Northagirresekin hitz egin nuen eta biei asko gustatu zitzaien. Kontzertuak antolatzea eta kontzertuak bilatzea ez da gauza berbera. Nik deitzen zidaten ia guztiei jotzeko aukera ematen nien, baina niri ez didate denek baiezkoa ematen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>