Zaharrak berri mende erdi geroago

Juanito Rubio Larraitzera iristen, 1994an. Harekin, Pello Garmendia, Mitxel Cuadrado, Irene Irastorza eta J.J. Cuadrado ‘Karratu’. / Marin

Juanito Rubio Larraitzera iristen, 1994an. Harekin, Pello Garmendia, Mitxel Cuadrado, Irene Irastorza eta J.J. Cuadrado ‘Karratu’. / Marin

Ekainaren 23an, San Joan bezpera egunez, mendi maratoia egingo dute Ordizian lehenengo aldiz. Larraitz-San Migel izango da ibilbidea. Proba ofizial moduan egingo duten lehen aldia bada ere, aspaldiko istorio baten aitzakian antolatu dute oraingoa. Denboran atzera 50 urte egin behar dira hau guztia nondik datorren ongi ulertzeko: Juanito Rubio legorretarrak 22 urte zituen orduan. «Gaztea bai, sasoia ere bai, baina harrotasuna zen gehienbat», adierazi du Rubiok.

Harrotasun kontua

Garai hartan Beasaingo CAF enpresan egiten zuen lan gaur egun Olaberrian bizi den korrikalari beteranoak. «Mendirako afizio handia genuen», argitu du. Konbinazio perfektua biltzen zuen: mendian ibiltzeko zaletasun handia, baina batez ere, hark aipatutako «harrotasuna». Hortik dator desafio edo apustu bat baino gehiago egin izana bataren edo bestearen aurka. «Aurretik, bikoteka Txindokiko bertikala bezala ezagutzen dena igota gaude horrelako beste desafio batean». Txindokiko hartan Rubiorekin batera Martin Garcia joan zen. Kontrako taldean, berriz, Imanol Gorrotxategi eta Mikel Apalategi.

Juanito-Rubio«Gaztea bai, sasoia ere bai baina harrotasuna zen gehienbat nuena garai hartan»
«Orain, taldeka egiteko proba izango da eta nik ere parte hartuko dut»
Juanito Rubio, korrikalaria

Jesus Mari Oiarbidek Gaintzako mutil bati bota zion desafioa gogoratu du Rubiok: «Gaintzako mutilak 100 bat kilo izango zituen, eta  Larraiztik San Migelera eta buelta, ezetz 12 orduan baino gutxiagoan egin bota zion Oiarbidek ». 39 kilometroko ibilbidea zen egin beharrekoa: horietako zazpi errepidean, 12 pistan eta gainontzekoak mendian barrena. Desnibela, 2.500 metrokoa.

Igande arratsaldeetan «neska laguntzen Ordiziara joateko ohitura» zuten mutil gazteek garai hartan. «Neskak etxera joaten zirenean guk tabernan gelditzeko ohitura genuen», adierazi du Rubiok. Ordiziako Bar Madrid delakoan elkartu ohi ziren lagunak, eta beste hainbat gazte eta ez hain gazte. Tabernan zeuden egun horietako batean, beasaindarren eta ordiziarren arteko lehia beste behin ere azalera agertu zen eta Rubiok ondorengoa bota zuen: «Gaintzakoak egindako ibilbide bera egingo dut, baina bost ordu eta erdi baino gutxiago beharko ditut. Gainera Ordiziako edozeini ordubeteko aldea aterako diot».

Zurrumurrua segituan zabaldu zen herrian, eta azkenean,  Iñaki Eskisabelek onartu zuen desafioa. Eskisabelek adinean bikoiztu egiten zuen, 44 urte baitzituen eta gainera mendian fin ibiltzen zen horietakoa zen.

Desafioa botata, eta aurkaria zehaztuta, data jartzea baino ez zen falta. «Aste Santuan egiteko eguna jarri genuen, baina bertan behera utzi behar izan genuen eguraldi txarragatik. Azkenean ekainera atzeratu genuen, sanpedroak baino lehenaxegorako».

Rubiok bazekien Eskisabel gizon prestatua zela, mendian esperientzia handikoa, baina bere buruarengan «konfiantza osoa» zuela aitortu du.

Desafioaren eguna

Juanito-Rubio-1968

Roberto Valdivielso zena, ezkerrean, Juanito Rubiori laguntzen, orain dela 50 urte egindako desafioan.

Egun handia iritsi zen azkenean. Legorretarrak ondo gogoan du irteeran aurkitutako giro polita. «Han bildu zirenek dirua ere jokatu zuten bataren edo bestearen alde». Goizean,  07:30ean, abiatu ziren Larraizko baselizatik. Rubio, abiada bizian, Eskisabel motelxeago baina sendo. Ordubete eta 25 minutu behar izan zituen lehenak Guardetxera iristeko, eta handik aurrera aldapa gora. «Gogorra izan zen asfaltoa zapaltzea», gogoratu du Rubiok. San Migeletik buelta «oso gogorra» deskribatzen du, «lehertuta» zetorren.

Azkenean, 4 ordu eta 46 minutu behar izan zituen joan etorria egiteko. Eskisabelek berriz 5 ordu eta 10 minutu egin zituen: «20 minutu atera nizkion». Desafioa Eskisabelek irabazi zuela, beraz. Ordiziakoak «proba hobe prestatu» zuela onartu du Rubiok.

Egindakoarekin pozik ez, eta honakoa bota zuen Legorretakoak: «Eskisabelen adina betetzerakoan, haren denbora hobetuko dut». Fermin Goñi Kifi garai hartako herriko kronista zen, eta hark, belarria fin, Rubiok botatakoa entzun zuen. «44rekin ez, baina 48 urte betetzean berriro egin nuen ibilbide bera, 4 ordu eta 4 minutu behar izan  nituen», gogoratu du. Ondoren ere, beste hainbatetan egin du Larraitz-San Migel ibilbidea, eta urtetik urtera denbora hobetuz joan zen.

Ekaineko erronka

Istorio horren guztiaren bueltan antolatu dute orain, ekainaren 23rako, Ordiziako I. Mendi Maratoia. Ibilbidea, orain dela 50 urteko desafio hartan egindako berbera izango da. «Orain, taldeka egiteko izango da eta nik ere parte hartuko dut», adierazi du Rubiok. Taldea dagoeneko prest du: Manuel Etxarri, Mitxel Cuadrado, Juan Carlos eta Mikel Valdivielso –Roberto Valdivielso zenaren bi semeak–, Roberto Garcia eta Izaro Rubio alaba izango ditu ondoan.

Ahaztu ez, eta gogotsu kontatzen duen istorio horietakoa da Rubiok bizitakoa. Eta datorren San Joan bezperan, orain dela 50 urte jarritako ilusio berberarekin abiatuko da Larraiztik. Informazio gehiago izateko: ordiziamaratoia@gmail.com.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>