Sua

Itxaro Mendizabal2018. urteko Udako Solstizioa pasatu berri dugu. Solstizio hitza latinetik dator: solstitium-etik (sol sistere, eguzkia geldirik, egun batzuetan eguerdian eguzkiak duen altuera aldatzen ez delako). Euskal Herriak, beste herri zaharrek bezala, aspalditik ospatu ditu solstizioak. Garai batean, Udako Solstizioa akelarre bidez ospatzen omen zuten. Gaur egun, kristautasuna medio, Udako Solstizio hau San Juan gaueko, edo San Juan bezperako ospakizuna bihurtu zaigu. Modu batera edo bestera, suaren inguruan ospatzen den festa da.

Sua indarra da. Suaren kontrola izan da gizarteak izan duen aurrerapen handienetako bat. Suak berotu egiten gaitu, energia ematen digu. Sua argia da. Sua bizitza da. Elikagaiak prestatzeko balio digu. Materia eraldatzeko balio du. Suak liluratzen gaitu. Berari begira denbora askoan egon gaitezke, garren koloreetan galduta.

Sua pizteko teknikak sortu ziren arte (pizgailuak, pospoloak eta abar), sua, piztu baino gehiago, gorde egin izan da; hala, Euskal Herriko baserrietan adibidez, beheko sua itzal ez zedin, gauez brasak bildu eta lotan uzten zen, errautsez estalita, hurrengo egunean berriro bizitzeko (wikipedia).

Udako Solstizioan pizten diren suen helburua, eguzkiari galtzen hasi behar den energia hori ematea omen da. Egun horretatik aurrera egunak mozten hasten dira eta. Su hauek eguzkiari energia emateaz aparte badute sorginkeria eta magia kutsu bat. Beraien gainetik salto egin eta gorputza eta arima garbitzeko, gauza txarrak erre eta berriei bide egiteko, desioak eskatu eta ametsei forma emateko… erabiltzen ditugu.

San Juan gaua berezia da. Udako solstizioak dakarren misterio kutsua, suak ematen duen indarra… denak batera gauza txarrak alde batera utzi eta etapa berri bat indarrez hasteko aukera ematen dute.

San Juan gaua gau magikoa da. Soberan ditugun gauzak/emozioak/pentsamenduak erre behar dira, kalte egiten digun guztia, mina ematen diguna sutara bota, eta gauza on guztiei lekua egin behar diegu. Zerbait ona sortu nahi bada, gure bizitzari buelta bat eman eta benetan bizitzen hasi nahi badugu ezinbestekoa da aurretik garbiketa bat egitea. Azpitik dagoena kendu gabe gainean petatxuak jartzen hasten bagara, lehenago edo beranduago hortxe agertuko zaizkigu zirrikitu batetik edo bestetik aurretik geneuzkan zabor guztiak. Lehen zeuden baino ustelago.

Sutara bota behar ditugu urtean zehar barruak jan dizkiguten beldurrak; sutara baita ere haserreak, liskarrak; sutara pentsamendu negatiboak; sutara motxila pisutsuak; sutara gaixotasunak; eta sutara minak. Sutara injustiziak eta sutara mamuak eta banpiro emozionalak!

Azken bi urte hauetan sutara zer botako dudan pentsatzen hasi eta sorpresa itzela hartu dut. Beste urteetan ez bezala, ez daukat bereziki erre nahiko nukeen ezer. Agian beldurren bat edo beste botako dut, baina hori bakarrik.

Ateak ixteak onura ekarri didala ezin ukatu. Barruko bakea sentitzea gauza ederra da. Inoiz sentitu ez dudan lasaitasuna daukat eta hori zoragarria da.

Sutara dena bota eta har dezagun suaren indarra aurrera jarraitu ahal izateko, ametsak egi bihurtzeko. Suak eman diezagula barruko lasaitasuna, suak eman diezagula osasuna, umorea eta bizipoza.

Eta zuk… zer erreko duzu gau magikoan? Sutara, erre nahi duguna! Eta bihotzera, gorde behar duguna!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>