«Baserriari etorkizuna ikusten diot; norbaitek eman beharko dio segida»

Benat_Telleria__MutiloaGazteen artean ezohiko hautaketa egin du Beñat Telleriak (Mutiloa, 1999) lanbiderako, baserritik atera nahi duelako bizimodua, esnetarako behiekin. Lehen pausoak eman ditu eta sei hilabete barru jarriko du martxan ustiategia familiaren Odio baserrian.

Zein ikasketa duzu?
Segurako eskolan hasi nintzen, gero Beasaingo Loinazpera eta DBH amaitutakoan, Fraisoro nekazaritza eskolara joan nintzen, bi urteko Nekazaritza eta Abeltzaintza gradua egitera.

Praktikak etorri ziren gero.
Bai, Olaberrian egin nituen, Etxeberri Goikoa baserrian. Behiekin lan egiten dute han, eta nik ere antzeko zerbait egin nahi nuelako aukeratu nuen.

Zein asmo duzu bada?
Baserrian bizi guztian egon dira animaliak. Orain haragitarako behiak ditugu, eta Goieko taldearen barruan haragia saltzen dugu,  baina profesionalizatu eta lehen sektoretik bizi nahi dut. Esnetarako behiak jarriko ditut, 10-12. Jogurtak eta gazta egitea da nire asmoa.

Zergatik aukeratu duzu baserria?
Txiki-txikitatik gustatu izan zait, eta beti egin dit tira.

Ez al da lan gogorra?
Bai, baina egundoko satisfakzioa ematen du.

Baserritarrena ez da gazteek aukeratzen duten lanbidea.
Geroz eta gutxiago, hori garbi dago, baina norbaitek eutsi beharko dio baserriari.

Ez al duzu nahiago lantegia?
Ez dut nik neure burua lantegi batean ikusten, zortzi ordu makina batean. Hemen ordu gehiago sartu beharko ditut, baina nire kontura ibiliko naiz.

Zein da zure egunerokoa?
Orain ez da lan askoko garaia, behiak eta zekorrak kanpoan daudelako. Esnetarako behiekin hasten garenean, lana gehitu egingo da, goizean eta iluntzean jetzi, janaria gehiago zaindu , egokiago kasu egin , esnea transformatu, gero saldu… Lan asko eskatuko du.

Lana, eta inbertsioa?
Bai, baina etxekoen laguntza badaukat, eta diru laguntza politak daude. Halere, bankuari ere eskatu beharko diot. Dena den, proiektua aurrera aterako dudalakoan nago.

Familiak zer dio?
Etxekoak gustura daude, aita batez ere. Ama hasieran ez, baina ari da jartzen pixkanaka. Bi arrebak ikasten ari dira, baina horiek ere lagunduko dute.

Eta lagunek?
Gehienak ikasten ari dira, batzuk lantegian… Zertan ari naizen galdetzen didate,  egia da.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ondo. Jogurta eta gazta eginez, salmentak ondo joango direlakoan nago. Ekologikoan ekoitzi behar dut, eta bertakoa eta ekologikoa kontsumitzeko joera handitzen ari da; nik uste dut hor izango dudala tokia.

Animatuko al zenituzke gazteak zuk hautatako bidea egitera?
Bai. Nik uste dut badagoela etorkizuna, eta bakarren batek kasu egin beharko die hemengo baserri, zelai eta basoei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>