Ertzainak: «Todo esta correcto»

Joxe BegiristainOtsailaren 4an,  arratsaldeko 18:00etan,  eta Ataunera bideko Lazkaoko azken biribilgunean, Ertzaintzaren trafiko-kontrolean geratu arazi gintuzten, automobilez gindoazela. Ertzaina espainolez zuzendu zitzaidan. Nik, mesedez, euskaraz egiteko. Nire iritzi subjektiboan, nire jarrerak ezustean harrapatu eta burla-haizea zerion irribarrez joan zen beste ertzain baten bila (4 bazeuden gutxienez) eta hark eskatu zizkidan, euskaraz, automobilaren paperak eta gida-baimena.

Paper horiekin, ordea, lehenengo ertzaina itzuli zitzaidan, espainolez ondo ahoskatuz: «Todo esta correcto». Oraingoan nire iritzia subjektiboa izateko beldurrik gabe esan dezaket, apropos etorri zitzaidala bera, hain zuzen ere bere agintekeriaz harro, niri inork euskaraz egiteari uko egin, eta berak espainolez itxi nahian gure artekoa. Eta nola ez, «Izorrai!!» zerion tonu eta irribarre maltzurrez.

Zer egin behar nuen nik orduan? Berriz ere, euskaraz egin ziezadatela eskatu? Ertzain hau aintzakotzat ez hartu eta bertan geratu bere eskutik dokumentuak jaso gabe eta automobila abiatzeko asmorik gabe? Beasaingo polizia etxera joan salaketa jartzera? Etxeratu eta Hizkuntza Eskubideen Behatokira eta Elebidera enegarren idatzi bat bidali?

Nik ez daukat hemen diodanaren ahots-grabaketarik edo bideorik, ez badira nire hitzaren eta nire alboan zihoanaren hitzaren balioak. Beraz, pentsa noraino irits naitekeen salaketaz salaketa, bideoz grabatutako lekukotza ere, salatariaren kontra erabiltzen badute!

1982tik ari da Ertzaintza trafikoa zaintzen: 37 urte! Nik hizpide dudan ertzaina, jaio gabea artean. Dena esanda dago: ertzain horrek jarrera hori izan badezake, agintarien babesa duela badakielako da. Auziak dagoeneko ez du heldulekurik: euskaraz ez dakien (edo euskaraz hitz egin nahi ez duen) ertzaina espainolez hitz egiten euskaraz egin nahi duen herritarrari hizkuntz eskubidea ukatuz.

Non daude Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko arduradunak, Pertsona helburu lelopean haien menpekoek harropuzkeria horrekin eman badezakete herritarronganako zerbitzua? Zein pertsonaz ari dira? Ze helbururekin? Eta, non daude, arduradun horiek gainetik dituzten politikariak? Ertzaintzaren baitan egoera hori ahalbideratzen duten politikariak…

Egoera honi behin betikoz buelta ematekotan, espainolez hitz egiten diguten ertzainei euskaraz egin diezagutela exijitzea nork beraren borondatearen baitako jarrera hartze aktiboan baizik ez badago, zertan gabiltza egunero-eguneroko trafiko-kontroletan nik bizi izandako gauza bera bizi dugun ehundaka eta ehundaka euskaldun euskaltzaleak? Ala, guretzat ere «todo esta correcto» da, isilpean pasa dezakegun egoera hori? Azken bi galdera hauen erantzunek kezkatzen naute.

Hurrena kontrolean geratu arazi eta espainolez zuzentzen zaidan ertzainari, nire idatzi honen kopia bat emango diot. Aurrerantzean automobilean erabiliko baitut kopia sorta bat. Horrekin beharko dute. Ohi bezala kotxearen paperak eta nire identifikazio-agiriak zuzen izango ditut, noski, baina horiek ikusi nahi dituenak, paper horiek denak baino lehenagokoa dudan nire buruarenganako duintasunari ere zuzen eutsiko diodala jakin beharko du. Marka da gero, betetzen ez diren legeak betearazteko ere desobedientzia zibilera jo beharra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>