Ederra izan zen...
Ederra izan zen urriaren 4a Lazkaon. Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen egun handia. Borobil atera zen den-dena (edo ia dena…).
Irekiera ekitaldi polita, fundamentuzkoa, interesgarria, politiko eta erakundeetako arduradunen hitzartze onekin, neurrikoak luzeran eta aberatsak edukiz, denak ere. Egiak izango al ziren esandako guztiak! Orain beteko al dira esandakoak!… Guk hala nahi!
Gauza bakoitzari dagokion bezala deitzea, ondo izendatzea, garrantzitsua da. Hala, bada, Kilometroetako inaugurazio ekitaldiko hitzartzeetan Ikastolei «Ikastola» deitu zitzaien eta esan zen Ikastola dela gure hezkuntza eredua, euskalduna eta publikoa, herriak, herritik eta herriarentzat sortua.
1993an, Fernando Buesa Hezkuntza sailburu zela, Eusko Jaurlaritzak Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zuen. Publiko baino publikoago ziren Ikastolek oker planteatutako hautua egin behar izan zuten:
-Sare publikoan integratzea, Eskola Nazionalekin bat eginda: Eskola Publiko bihurtzea (irakasleak eta eraikinak administrazioaren mende geratuz).
-Itunpeko sarekoak izatea, finantzaketa publikoa jaso baina titulazio pribatuko ikastetxe gisa.
Zuzen deitze aldera, Euskal Herrian, hezkuntzan, bi adar dauzkagu egun: Ikastolak batetik eta Eskolak bestetik, Hezkuntzaren Eskolak. Ez ditugu ondo deitzen Ikastolak-pribatuak eta Eskola Publikoa esaten dugunean. Ikastolak eta Eskolak esan beharko genuke.
Ikastolak Euskal Herrikoak dira, Ipar eta Hego, Nafarroa ere barne dela, zazpi probintzietakoak. Nahiz eta hiru gobernu, hiru administrazio eta bi estaturen menpe egon, Ikastolen Elkarteak Ikastola guztiak, denak, hartzen ditu barne; denak bat gara, Euskal Herriko Ikastolak.
Zorionak, Lazkaoko Ikastola, Kilometroak hain ondo antolatzeagatik eta egunez egun egiten duzun lanagatik. Kilometroak joan da, baina Euskal Herri euskalduna lortzeko lanak jarraitzen du. Ez gaitzala Kilometro-euforiak itsutu. ■

