Antxon Reyes (Legazpi, 1976) Urruti baserriko negutegian lanean ari da. 2017an Nerea Soraluzeri negozioa erosi zion, eta ordura arte lorezaintzan buru-belarri aritua zen legazpiarrak «negozioa borobildu» zuela dio. «Hutsune bat genuen, lorezaintzak alor asko ditu eta gurean loreena pixka bat alboratuta genuen».
Aurretik lorezaintzan lanean aritu da batez ere; Legazpiko Udalarentzat, Osakidetzako lorategietan… Lan gehienak, haatik, bizilagun komunitateetan egiten ditu.
Legazpiko lorategien mantenua egiteko lantaldea osatzeko zegoela Soraluzeren berri izan zuen, eta hura lore negozioa uztekoa zela jakin zuen. «Loreen alorra ere jorratzen genuen, baina ez zen gure indargunea. Nerearen negozioa hartzeko aukera suertatu zenean gurea osatzeko modua zela konturatu ginen».
Emakumeek, loreak
Egiteko asko dutela dio. Orain azoketara joaten dira, Segurakoan izan ziren eta etzi Urretxukoan egongo dira. Helburua, hala ere, «garden txiki antzeko bat jartzea da bezeroengandik hurbil egongo dena eta erakargarria». Lorezainak gehitu duenez, «salmenta leku asko ixten ari dira».
Urteetan pilatutako eskarmentua aintzat izanda, Reyes honako ondoriora iritsi da: «Gure negozioetan gehien erosten dutenak, oro har, emakumezkoak dira. Lorategi bat antolatzeko enkargua emakume batek egiten badizu ezingo duzu lorerik gabeko lorategirik sortu; gizon batek eginez gero, aldiz, fruta arbolak egongo dira seguruenik».