«Ikerlari gazteak Euskal Herrian gera daitezen inbertsioa behar da»

Urtzi_Etxeberria(2)Lehen IkerGazte kongresua  2015ean egin zuten Durangon. Iruñea izan zen bigarren topalekua 2017. urtean. Harrezkero beste bi urte igaro dira eta hirugarrenari ekiteko egun gutxi falta da, maiatzaren 27tik 29ra egingo baitute Baionan. Urtzi Etxeberria (Itsasondo, 1976), Baionako CNRSeko IKER laborategiko zuzendaria da eta IkerGazteren edizio berriaren antolakuntza lanetan laguntzen ari da. Hurrengo egunetan egingo duten kongresuaren inguruko xehetasunak eman ditu.

Zer da IkerGazte?
IkerGazte 2019 kongresuan Euskal Herriko ikertzaile euskaldun gazteak bilduko dira, tesia egiten edo egin berria duten ikertzaileak. Ikertzaile euskaldunok bagabiltzalako Euskal Herriko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan ikertzen; badaukagulako ikertzen duguna ezagutarazteko ahalmena eta gogoa; nazioartean egiten duguna bertakoari azaldu nahi diogulako; Euskal Herrian zer ikertzen den jakin nahi dugulako; lankide izan daitekeen hori ezagutu nahi dugulako; eta edozein alorretakoak izanik ere, edozertaz euskaraz jarduteko gai garelako.

Zein da kongresuaren helburua?
Euskal ikerketa komunitate bat sortzea da helburua, eta neurri batean mugaz gaindikoa izan dadila. Hemendik kanpo, Italian, Frantzian edo Amerikako Estatu Batuetan ikerketa edo tesia egiten ari direnak ere badaudelako eta guztien artean harremanak sortzea hain erreza ez delako. Honakoa, hori guztia gertatzeko aitzakia dela esan daiteke.

Eta zein izango da zure lana?
IkerGazte Baionan antolatzeko laguntzea da nire lana. Ni ikerlaria naiz, hizkuntzalaria, baina oraingo honetan beste zeregin batzuk izango ditut.

Urtzi_Etxeberria(5)«Euskal ikerketa komunitate bat sortzea da IkerGazteren helburua»

«Ikerketa euskaraz egin ahal izatea eskainiko die, orain arte ez baita oso ohikoa izan»

«Zientzia arloan gauza bat ari da gertatzen, dena konpetizio batean ari da bihurtzen»

«Hirugarren edizioan bost goierritar egongo dira eta oso pozgarria da hori»

Zer eskainiko die ikerlari gazteei kongresu honek?
Ikerketa euskaraz egin ahal izatea. Orain arte ez baita oso ohikoa izan. Ikerketan, ingelesa nagusitu izan da hitzaldietan, eta honekin, euskaraz ere egin daitekeela argi gelditzen da. Goi mailako ikerketa euskaraz egitea posible da. Hori da beste behin ere Ikergaztek eskaini eta erakutsiko duena.
Horrez gain, aurretik aipatutakoa, ikerketa euskaraz egiten ari diren toki desberdinetako ikerlariak elkartzea eta ezagutaraztea lortuko dugu. Ezagutza desberdinetako jendea bilduko da. Normalean, gai baten inguruko kongresu batean, gai horren inguruan lanean ari diren ikerlariak biltzen ditu.
Ikergaztek, ordea, arlo desberdinak jorratzen dituzten ikerlariak elkartzen ditu. Hizkuntzalaria izan daiteke bat eta minbizia nola sendatzen den ikertzen ari den norbait ere egon daiteke bertan. Guztiek, bakoitzak  egindako ikerketa dibulgatuko du.

Eta material hori, atzetik datozenentzat hortxe geldituko da.
Bai hala da! Zientzia arloan adibidez, bizitzako beste hainbat arlotan bezala, gauza bat gertatzen ari da, dena konpetizio batean ari da bihurtzen. Garrantzitsuak diren aldizkarietan publikatzea izan ohi da helburua. Garrantzitsuak diren aldizkari hoiek normalean ez dira euskaraz. Badaude batzu-batzuk, baina nazioarte mailan garrantzi mugatua dute.
Ikergazten aurkezten diren lan guztiak, bilduma batean biltzen dira eta publikatu egiten da ondoren. Beraz, modu horretan edozeinen eskura gelditzen dira.

Ondare bat uzteko modua da.
Bai, neurri batean bai. Ez dira orri askoko artikuluak, baina egindako ikerketek izandako emaitzarik garrantzitsuenak publikatzen dira bertan. Etorkizunari begira, hortxe geldituko diren lanak dira.

Ikerlarien artean nolako harrera izan du Ikergaztek?
Hirugarren edizioa da eta horrek ere zerbait esan nahi du. Jendeak oso gustura hartzen du orokorrean. Neroni ere aurkezpenak euskaraz egitea askotan parean jartzen ez zaidan aukera da, eta eskertzen dudan zerbait da.
Horrez gain, beste ikerlari batzuk ezagutzeko aukera ere ematen duenez, oso positiboa da. Munduko toki desberdinetan gai berdina edo antzekoa jorratzen ari diren ikerlarien artean harremana sortzen baita eta horrek, ikerlari horien arteko elkarlana ere sortu du aurreko edizioen ondoren.

Honek bultzatu ahal dezake ikerlari gazteak atzerrira ez joatea eta Euskal Herrian gelditzea?
Ondo legoke! Baina urrun dagoen errealitatea da hori. Ikertzaile postuak Euskal Herrian orain dela gutxi sortzen hasi dira. Ikerbasquen  bitartez, ikertzaileei eskaintzen zaizkien plazak daude. Ikerbasquen helburua zen kanpora joandako ikerlari hoiek hona ekartzea. Baina beti ez da ebidentea. IkerBasque kenduta, unibertsitatea da gelditzen zaigun beste aukera. Hori horrela, ikerketan aritzea oso zaila da. Ez dago behar adinako inbertsiorik hortan.
Gainera, inbertsioa egoteko, proiektu oso deigarriak izan behar dute, gizarteari ekarpen zuzena egiten diotenak.  Minbizia sendatzeko ikerketa bat bada aurkezten dena, inbertsioa edo finantziazioa lortzea errazagaoa izan daiteke. Ordea, demagun hizkuntzak urteetan zehar izan duen eboluzioa dela ikertu nahi duzuna. Kasu horretan finantzaketa lortzea askoz zailagoa da.
Ikerlari gazteak Euskal Herrian gera daitezen, inbertsioa behar-beharrezkoa da. Bestela, kanpora joaten jarraituko dute.

Hirugarren edizioa izango den honetan, ikerlari goierritarrak ere izango dira.
Bai, hala d,a eta oso pozgarri da hori. Bost izango dira ikerlari goierritarrak. Gorka Urbizu Garmendia Idiazabalgoa da.  Neurona-sareetan oinarritutako euskararako korreferentzia-ebazpena egin du. Haizpea Lasa, berriz, Lazkaokoa da eta AHK2 Duchenne gihar-distrofian potentzial terapeutikoa duen kalstabina modulatzaile berria egin du. Aitor Mendia beasaindarrak Docentiaz programak HEFA fakultateko irakasleen irakaskuntza praktikan izandako eragina aztertu du. Maialen Sebastian ere beasaindarra d,a eta hark Eritasun zeliakoarekin lotura duen ikerketa gauzatu du. Azkenik, Nerea Galdos zegamarrak, Ergatiboaren erabileran argibide eskariek duten eragina aurkeztuko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>