«Mintzaneteko kideok Skype bidez euskara praktikatzen dugu»

Naiara_Alberdi

Naiara Alberdik (Zumarraga, 1982) Bidelagun rola betetzen du Mintzanet egitasmoan. Astean behin euskara praktikatu nahi duen Bidelari batekin euskaraz hitz egiten du telefono edo ordenagailu bidez. Mintzanetek Bidelagun gehiago behar ditu.

Nolatan izan zenuen egitasmo honen berri?
Arrate irratiko programa baten bitartez, duela hiru urte. Mintzaneteko kide bati elkarrizketa bat egin zioten. Kide gehiago behar zituztela esan zuen eta izena ematea erabaki nuen.

Nola funtzionatzen du Mintzanetek?
Funtzionamendua oso erraza da. Gauza bakarra eskatzen du: bai Bidegileak eta bai Bidelagunak Skype programa edukitzea. Ordenagailua edo mugikorra erabili daiteke: norberarentzat erosoagoa dena. Astean behin hitzordu bat jartzen da euskara praktikatzeko. Astean behin ordu erdiz hitz egiteko konpromisoa hartzen da. Gehiago hitz egin nahi duenak, gehiagotan hitz egin dezake, noski. Egunero nahi dugula? Ba aurrera baita ere!

Irudia erabiltzen al duzue ala ahotsa bakarrik?
Skype-k ahotsa bakarrik transmititzeko edo irudia eta ahotsa transmititzeko aukera ematen du. Egoeraren arabera, bata edo bestea erabiltzen dugu. Bestalde, gehienetan telefono mugikorra erabiltzen dut: erosoagoa da, beti gurekin baitaramagu.

Mintzaneteko teknikariek erabakitzen al dute nork norekin hitz egin?
Zein egunetan, zein ordutan eta zein maiztasunarekin datorkizun ondo galdetzen dizute. Ondoren, zurekin bat datorren pertsona batekin harremanetan jartzen zaituzte. Ez dago inongo arazorik aldaketak egiteko.

Astero pertsona ezberdin batekin aritzen al zarete?
Izendatzen dizuten Mintzalaguna betirako izaten da. Nahi izanez gero, Mintzalagun bat baino gehago eduki dezakezu.

Nola zehazten da hitzordua?
Hitzordua ikasturte hasieran zehazten da eta ikasturte osoan mantentzen da. Dena den, ez dago hitzordua aldatzeko arazorik. Behin edo behin nire Mintzalagunari deitu diot oraindik ez naizela etxera iritsi eta apur bat beranduago hasiko garela esateko.

Nor da zure Mintzalaguna?
Salamancako 36 urteko mutil bat da. Gasteizen denboraldi bat pasa zuen, lan kontuengatik. Euskara ikasteko gogoa sortu zitzaion eta, Salamancara itzuli zen arren, ikasten jarraitzen du. Gainera, Euskal Herrian lagunak egin ditu eta Euskal Herriarekin duen harremana bizirik mantendu nahi du.

Idatzizko harremana ere ba al duzue?
Ahoz aritzen gara. Idatziz hitzordua aldatzeko edo aipatutako zerbaiten inguruko informazioa bidaltzeko bakarrik aritzen gara.

Nola aukeratzen dituzue gaiak?
Ez dugu ezer prestatzen. Une horretan suertatzen denaz hitz egiten dugu. Gehienetan gaurkotasunarekin lotutako gaiei buruz aritzen gara. Norberari gertatutakoei buruz ere hitz egiten dugu.

Zenbat denbora daramazue elkarrekin?
Bi urte pasatxo.

Aurrez aurre egon al zarete?
Dagoeneko sekulako konfiantza dugu. Bizikletan ibiltzea gustatzen zaio eta behin Ezkiora etorri zen bisita egitera.

Zer esango zenioke jendeari Mintzanet egitasmoan parte har dezan?
Aukera polita da. Denok moldatu gaitezke ordu erdi lortzeko, eta euskaraz hitz egiteko aukerarik ez dutenentzat oso lagungarria da. Ordu erdi horrek urrea balio du.

Ze abantaila ditu Mintzanetek Mintzalagunarekiko?
Erosotasuna eta malgutasuna. Ez duzu une zehatz batean toki zehatz batean egon beharrik. Oporretan egoteak, adibidez, ez zaitu mugatzen. Gainera, elkar ez ezagutzea positiboa da euskara dominatzen ez duenarentzat: lotsa gutxiago, hanka sartzen baduzu solaskidea ez duzu aurrez aurre…

Mintzanet Bidelariarentzat aberasgarria dela argi dago. Bidelagunarentzat ere aberasgarria al da?
Noski. Gainera, Whatsapp talde bat dugu eta hor bikote ezberdinei buruzko informazioa jasotzen dugu. Oso kasu berezi eta politak daude: hemendik milaka kilometrora bizi eta Euskal Herriarekin inongo loturarik ez zuen jendea, lanagatik urrutira joan eta euskara galtzeko beldur direnak… Bidelagun izatea oso aberasgarria suertatzen ari da niretzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>