Axier Iriondo eta Aitor Calvillo

Axier Iriondo

Legazpiar bat Ilunben. Film baten izenburua ematen du, baina Gene Kellyrik eta Parisik gabe. Duela hiru hamarkada, esan balidate, hogeita hamar urteren buruan, legazpiar batek Ilunbeko finalean kantatuko zuela ez dakit zer imajinatuko nukeen, agian, toreroak eta pasodobleak nahasian dituen ekitaldiren bat. Bertsolaria ez dut uste imajinatuko nukeenik. Bittor Agirre, Iñaki Azarola edo Jokin Matxinandiarena izan zitezkeen, jakina, baina, garai hartan ez nuen pentsatzen gizakia hirurogei urtetik gora bizi zitekeenik, eta bai, lerro hauek idazten ari naizela, Bittor, Iñaki eta Jokin bizi-bizirik daude, eta ez ahal ziren larunbateko finalaren aurretik hilko, eurentzat ere oso berezia behar duelako legazpiar bat hor ikusteak.

Duela bi hamarkada eta erdi, esan balidate, hogeita bost urteren buruan, legazpiar batek Ilunben kantatuko duela, ia ziur, bertsolaria imajinatuko nukeen. Pentsatuko nuen ume honek behar du Ilunbeko finalista hori. Orduantxe ikusi nuelako, Juanjo Sagastibeltzak emandako lau oinekin, estropezurik gabeko bertsoa kantatzen, bat-baterako egin zion lehen proposamenean.

Gaur egun, neu ausartzen naiz hiru hamarkada barrurako aurreikuspen ederrak egiten, ikusten ditudalako gazteak bertso eskolan eta ikusten ditudalako Mikel Artola, Iriondo-CalvilloUnai Mendizabal eta Mirari Sagarzazu, Haztegi eta Domingo Agirreko ikasleekin. Ordiziari buruzko aurreikuspenak antzekoak izango dira, ala?

Aitor Calvillo

Bertso eskolak indarrean, sasoiko eta osasuntsu ikusten ditut nik ere, bai! Horren isla joaneko larunbatean xexenplazan oholtza gaineko argazkia (portzierto, bide batez zorionak, Nerea!). Hezkuntza arautuan ere ahozko transmisioa lantzeko gero eta ohitura handiagoa, bertsoa erreminta dela gehienetan. Baina ordiziarrak? Non daude ordiziarrak? Errepaso moduko bat egiten hasi naiz eta kostata osatu dut zerrendatxoa. Bernardo Alberro izan zitekeen orain urte asko, Igor Eguren geroxeago, eta Irati Jauregi edota Iraitz Sarasola hemendik gutxira. Baina nola da posible? Goierriko Bertso Eskolaren sorlekua Ordizia izanda, goian ibilitako bertsolaririk apenas? Hau komeria! Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi, Irati Goikoetxea, Iker Zubeldia, Joxe Munduate, Ekaitz Goikoetxea, Iban Urdangarin, Aitzol Barandiaran, Juan Ramon Gerriko, Joxe Ramon Elortza, Xabier Narbarte, Alaitz Sarasola, German Urteaga, Odei Lopez, Maddi Aiestaran, Mikel Tapia, Eneko Araiztegi… makina bat izen bat-batean burura, baina ordiziarrik ez! Zein kastakoak ote gara ba azok?

Baina itxaropena omen da azkena galdu behar den hori eta, beraz, ez dugu etsiko. Helduen bertso eskolan ere badira ordiziarrak. Baita eskualdean barna ditugun hainbat taldetan ere. Bertsopaper lehiaketetan ere Jakintza Ikastola eta Oianguren institutuko gaztetxoen parte hartzeak ere izan ditugu maiz. Akaso Illunbera ez gara iritsiko, baina nork jakin hemendik 25 urtera zer gertatuko den! Bidea ekinez egiten omen da eta horretan nekerik ez! Gora bertsolaritza!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>