Harrizko bertsolariak

Bertsoaren_harria__liburu

Koldo Izagirrek estatua duten bertsolariei buruzko liburua idatzi du. Tartean, Iparragirre, Lazkao Txiki eta Iztueta daude. Urretxun aurkeztu du ‘Bertsoaren harria’ liburua, Maialen Akizu eta Iñaki Murua bertsolariak lagun dituela.

Koldo Izagirrek Bertsoaren harria liburua idatzi du. Liburu honen xedea, bertsolariren harrizko estatuak aitzakia hartuta, bertsoak eta estatuak sortutako ondarea ezagutzera ematea eta bertsolari horien garaietako gertaerak berreskuratzea da. Liburuko bertsolarietako hiru goierritarrak dira: Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki lazkaotarra, Joxe Mari Iparragirre urretxuarra eta Juan Inazio Iztueta zaldibiarra –Donostian du estatua azken honek, Nestor Basterretxeak egina–.

Izagirrek asteartean aurkeztu zuen liburua Urretxun. Iparragirreri buruz hitz egin zuen,  eta Maialen Akizuk eta Iñaki Muruak bat-bateko saioa egin zuten. Iparragirreri buruz abestu zuten. Izagirrek, besteak beste, Bilintx eta Iparragirre emakumeei buruz begirunez abestu zuten lehen bertsolariak izan zirela esan zuen.

Liburuko gainontzeko bertsolariak Fernando Amezketarra (Amezketan du estatua), Felipe Arrese (Durango eta Otxandio), Ramos Azkarate (Tolosa), Basarri (Zarautz), Bilintx (Donostia), Bordel (Luzaide), Balendin Enbeita (Bilbo), Ereñotzuko bertsolariak (Hernani), Pello Errota (Asteasu), Etxaun-Iruri (Iruri), Manuel Lasarte (Leitza), Mattin (Ahetze), Pedro Mari Otaño (Zizurkil), Txirrita (Hernani), Udarregi (Usurbil), Uztapide (Endoia, Oiartzun eta Zestoa), Xalbador (Urepele) eta Xenpelar (Errenteria) dira.

Zaharrena eta berriena

Estatuarik zaharrena Bilintxena da, 1885ekoa. Berriena, berriz, Xenpelarrena da. 2014an egin zuten. Iparragirrerena Font y Pons kataluniarrak egin zuen, 1890an. Lazkao Txikirena, berriz, Asier Sarasuak egin zuen 2007an. Gehienak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egin ziren. Garai hartan bertsolaritzaren ikonografiak harroaldi bat hartu zuen, batez ere Joxe Lopetegi eskultore donostiarraren eskutik.

Liburu hau Lankuk argitaratu du, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako kultur enpresak. Izagirrek bere proiektuaren berri eman zien Lankukoei eta horiek begi onez ikusi zuten, transmisioa lantzeko.

Liburuko bertsolarien herrietan aurkezpen ekitaldiak eta bertso saioak egiten ari dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>