Biziaren ikasgelan

ATAUNGO_ESKOLAKO_URMAELA

Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean urmaela sortu dute. Ur putzu bat eraiki, eta landaredia eta animaliak nola hazten diren behatu ahalko dute. Zeharka, bestelako ikasgaiak ere barnera ditzakete. ‘Ihia’ zer den, adibidez.

Lur gorritutako hezegune bat lehenengo kolonizatzen duen landareetako bat ihia da. Liburuetatik kanpora, Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxeko haurrek bertatik bertara ikasi ahalko dute. Ikasi, eta ikusi. Urmael edo putzu bat baitaukate eskolaren esparruan, ikastetxetik Gabillenera bitarteako zelaian. Naturak eremu bat nola bereganatzen duen behatzen hasita daude ikasleak; biziaren lezio purua.

Duela urtebete hasi ziren proiektua lantzen, eta urrian auzolanean eraiki zuten urmaela. Lurrean sakonune bat zulatu, plater formako putzua aitzurtu, eta hiru oihal iragazgaitzekin estali zuten. Eta kito. «Guk putzua bakarrik egin dugu. Bere horretan utzi, eta bere kabuz ari da bizia sortzen», dio Barandiaran eskolako Ibon Zabala ikasketaburuak.

Lehenengo landareak sortzen dira, eta horiek atera orduko hasiko dira animaliak etortzen: intsektuak, zomorroak, ornogabeak… «Behin neguko geldialdia igarotakoan eta landaretza hazten hasten denean, espero dugu udaberritik aurrera aldaketak ikustea. Zergatik aldatu den, aurretik hipotesiak egin, ondoren zehaztu, jarraipena egin… Lanketa askorako ematen du», dio Zabalak.

Konpetentzietan trebatu

Hezkuntza Sailaren eta Aranzadi zientzia elkartearen lankidetzan ari dira Ataungo eskolan. Steam (ingeleseko science, tecnology, engineering, art eta maths-en akronimoa) proiektuko ekimena da urmaelarena, beste ikastetxe eta herri batzuetan ere jada saiatu dena. «Ikasleak konpetentzietan trebatzea da helburua». Urmaelaren kasuan, zientzietan adibidez. Baina gehiagotan ere bai.

ATAUNGO_ESKOLAKO_URMAELA(1) Urrian eraikitako ur putzuan ari dira belarrak ateratzen. Animaliak iristea espero dute hurrena

Ingurumen zientzia behatzeko toki egokia da. Hizkuntz eta transmisio balioentzat ere bai

Hala, ingurunearen ikasgaiak bakarrik ez, HH2tik LH6ra bitarteko haur guztiek atera diezaiokete etekina ur putzuari. «Hizkuntza lantzeko ere izan daiteke, putzuan agertzen diren landareen eta animalien izenak ikasteko; edo ataundarrek erabiltzen dituzten hitzak jakiteko». Ihia-ri Ataunen nola esaten zaion ikasteko, adibidez.

Edo transmisioan, aitona-amonek ezagutzen zituzten espezieak eta gaurko umeek jada bereizten ez dituztenak barneratzeko. Edo, esperotako hipotesia zergatik ez den atera, arrazoiak bilatzeko irrika pizteko. «Azkenean, umeak ohituta daude gaur egin eta emaitzak bihar jasotzera. ‘Nik ja nahi dut’. Ikasketa bat da patxadarena, naturak bere denbora duela, eta espero duguna gertatzen ez bada, arrazoi bat egongo da».

Bertako espezieez jakin

Eskolatik gertu egon arren, zelai irekian kokatu dute urmaela. Hesiz inguratu dute. Aranzadi elkarteko herpetologia saileko Jon Garinekin eta Iñaki Mezquita burruntzietan adituarekin ari dira segimena egiten, baita Donostiako Ingurugelako Iñaki Sanz-Azkue biologoarekin ere. Gizakiaren esku hartzerik ez dute nahi, nahiz eta prozesua azkartzeko, agian landare batzuk landatuko dituzten.

«Animaliak inondik inora ez ditugu geuk sartuko, horiek beraiek etorri behar dute. Zeren, intentzio on guztiarekin sartuta ere, agian animalia espezie hori ez da ingurune horretakoa, edo inbaditzailea izan liteke». Beraz, ezin da ur putzuan etxeko dortokarik edo koloretako arraintxorik bota. «Hemengo baso igel gorria arrautzak errutera etorriko balitz, mokadu ederra lukete arrain horiek».

Informazio-oholak jarriko dituzte, herritar guztientzat. Biziaren eskola denentzat baita.

Bertako espezie endemikoak iristeko zain dago putzua

Ebakuntza egin dioten pertsona bezala, lurrean irekitako zuloaren ebakia sendatzen ari da natura, Ataungo eskola ondoan. Landareak eta belarrak hasi dira zauria ixten. Urmaela biziberritzeko, itxaropena udaberrian jarrita daude denak.

Ondoren, pixkanaka eta naturaren erritmora, animaliak iritsiko direla uste dute. Urmaelak, berez, bizileku aberatsak eta beharrezkoak baitira —gizakiak suntsitu ditu gehienak, bidenabar—. Kate trofikoaren begi ezinbestekoak dira, unibertso bat bere baitan. Espezie batzuk ingurune horretan bakarrik bizi dira, bestetik.

Iñaki Mezquita naturalistak hainbat intsektu espezie aurkitu eta katalogatu ditu, horietako asko Goierrin. Europan babestuta dagoen sorgin-orratz txiki bat (Coenagrium mercuriale) Ataunen ikusi du, putzu bihurtzen den harrobi batean. Eskolako urmaelerako bizilagun bat izan liteke aurki. Adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>