«Baso naturala berreskuratuz klima larrialdia arindu daiteke»

Garazi_Auzmendi__ingurumen

Formazioz ingeniari industriala da Garazi Auzmendi (Beasain, 1988), baina ingurumenaren aldeko hautua egin du, etxean jasotakoari eta naturaren deiari jarraiki. Ibilbide profesionala alor horretan garatu du azkenaldian; klima larrialdia arintzeko Gipuzkoan basoek nola lagundu dezaketen ikertu du aldundiaren beka bati esker.

Nondik nora egin duzu Gipuzkoako basoei buruzko lan hori?
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak 2018-19an egin zuen diru laguntza deialdi batean parte hartu nuen, eta Gipuzkoako basoen karbono hustuleku gaitasunari buruz eta horrek lurralde mailan erresilentzia eta egokitzapen gaitasuna hobetzen nola lagundu diezagukeen ikertu nuen.

Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Oinarrian dagoena da gaur bizi dugun klima larrialdi egoera; asko entzuten da basoek lagundu dezaketela, baina Amazonas eta horrelakoak aipatzen dira beti. Nik Gipuzkoan, hainbeste zuhaitz estaldura eta baso ditugun lekuan, zer gertatzen den jakin nahi nuen.

Zein da ikerketaren funtsa?
Lanaren zati nagusia karbono hustuleku gaitasun hori baloratzea izan da.

Zer da karbono hustulekua?
Basoek edo zuhaitz landaketek osatzen duten karbono erreserba. Fotosintesiaren bitartez, atmosferatik karbono dioxidoa xurgatzeko gaitasuna dute landareek, hain justu klima larrialdi hori eragiten duten negutegi efektuko gasen artean nagusienetakoa dena, eta beraien biomasan eta lurrean metatzen dute.

«Gipuzkoan, hainbeste zuhaitz estaldura eta baso dagoen tokian, gertatzen zena jakin nahi nuen ikerketa honen bidez»
«Administrazio publikoak eredu izan behar du kudeaketa sistemak aldatuz eta bertako espezieen alde eginez»

Diagnosi batetik abiatuko zinen.
Bai. Alde batetik aztertu eta estimatu egin dut Gipuzkoan ditugun baso estalduretan gaur egun zenbat karbono metatzen den, eta gero, testuinguru idealenera joanda zer edukiko genukeen. Horren arabera, kalkulatu egin dut zein hobekuntza tarte dugun, eta zer egin beharko genukeen hobetzeko.

Zein egoera aurkitu duzu?
Mundu mailan basoei Natural climate solutions edo klimarentzako konponbide naturalak deitzen zaie, eta halaxe dira Gipuzkoan ere, basoak dira onenak, koste eta eraginkortasunaren aldetik. Klima larrialdiari aurre egiteko onena izango litzateke baso berritzea, lehen basoa ez dagoen lekuan basoa egitea. Baina Gipuzkoan hori ez da bideragarria, %60 baino gehiago zuhaitzez estalita dagoelako.

Zein da orduan konponbidea?
Zuhaitz estaldura horien kudeaketa hobetzea, eta Gipuzkoan horretan asko dago egiteko. Gipuzkoan zuhaitz landaketa exotikoz eta kudeaketa intentsiboz osatutako landaketak dira nagusi, pinua eta orain modan jartzen ari diren eukaliptoa eta besteak. Goierrin pinua da gehiena.
Bertako karbono hustuleku gaitasun hori hobetzeko, zuhaitz landaketa horiek bertako baso naturalez ordezkatzea litzateke alternatiba onena.

Zeintzuk dira bertako basoak?
Bertako zuhaitz espeziez osatutako basoak lirateke, hauetan haritza edo pagoa nabarmendu ditzakegu esaterako. Espezie, egitura eta funtzio aldetik oso anitzak dira. Horiek espezie exotikoek baino askoz ere karbono gehiago meta dezakete.
Gainera, interesgarriena litzateke baso horiek heldutasunera iritsi arte modu naturalean garatzen uztea, bere erritmo naturalean hazten uztea. Horrez gain, badaude prozesu natural hauetako batzuk azkartzeko teknika eta kudeaketa ereduak ere, baso ekosistema horien naturalizazioa mesedetuko luketenak.

Hau da, baso autoktonoak eta naturalak, garbitu gabeak.
Egia da baso naturala basoa zikina egotearekin identifikatzen dugula, baina ez dauka zertan. Pentsakera aldatzen joan beharra daukagu.

Suteen kontua hor dago, zenbat eta naturalago arrisku gehiago, ezta?
Suteen gaia ere aztertu dut lan honetan. Egia da baso batean zenbat eta biomasa gehiago izan, erregai gehiago dagoela. Baina espezien arabera, sute arrisku hori aldatu egiten da. Adibidez, pinu edo eukaliptoekin  sutea errazago zabaltzen da pagoaren eta haritzaren aldean. Hariztietan eta pagadietan nekezagoa da sutea zabaltzea, nahiz eta sastrakak eta sasiak izan. Pinu eta eukaliptoak espezie sukoiak dira eta, ondorioz, suteen aurrean askoz arriskutsuagoak.

Administrazioren parte hartzea erreibindikatzen duzu.
Gai hauetan, lur jabe pribatuak etortzen zaizkigu bakarrik burura, baina gauza hauek guztiek, azkenean gizarte osoarentzako onura dakarte. Beraz, hasi gaitezke udal, erakunde eta administrazio publikoetatik baso publikoetan horrelako kudeaketa ereduak bultzatzen. Egia esan, administrazioa hasi da helburuak finkatzen, eta kontu hauek bilduta daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Klima 2050 estrategietan, ez dira berriak. Sentsibilitate bat badago.

Zein da Goierriko egoera?
Goierrin hainbat pauso eman dituzte. Itsasondoko Udala, adibidez, orain urte batzuk hasi zen lurrak berreskuratzen, eta herritarren zerbitzura eta onurara bideratzen haien kudeaketa. Goierrin, adibidez, onddozale ugari dago, eta onddoak bertako basoetan ateratzen dira. Beste hainbat gauza ere atera daitezke basoetatik, ez beti egurra. Beste ikuspegi batzuk lantzea ondo dago, eta administrazio publikoak eredu izaten hasi beharra dauka.

Lana ezagutzera eman ondoren, nabaritu al duzu aldaketarik?
Beka honen lana 2018-2019 tartean egin nuen eta orain ari naiz zabaltzen, zati handi batean kontzientziatzeko helburuarekin. Bertako basoak berreskuratzeko mugimendu batzuk badaude, eta horietan herritarren parte hartze aktiboagoa bultzatu nahi dut. Gizakiok klima larrialdiari aurre egiteko egin dezakegun zerbait da baso natural horiek berreskuratzea eta horretara bideratutako landaketak egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>