«Etengabe zorrozteak laguntzen du ondo lan egiten»

SAROI_JAUREGI_AIESTARAN

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen lehendakari kargua aurtengo batzarrean utzi du Saroi Jauregi Aiestaranek (Zaldibia, 1978). Urte bukaerara arte segituko du, erreleboa patxadaz egiteko. Gai jartzaile taldean dabil 1999tik, eta ibiliko da aurrerantzean, «aletxoa jartzen». Egituratik harago, borondatezko laguntzaileen figura goratu du.

Lehendakari kargua utzi duzu. Aro baten bukaera?
Pixkana, belaunaldi berriei ardura postuetan tokia egin behar zaie. Urte asko daramatzat Bertsozale Elkartean, 20 urte: lehendakaritzan 10 urte, baina zuzendaritzan 2000n sartu nintzen. Oso gustura nabil han lanean, gai jartzaile taldean. Baina garaia bada pauso bat atzera emateko. Zuzendaritzan jarraituko dut urte bukaera arte behintzat, baina pixka bat atzeraxeagotik.

Nolako urteak izan dira zuretzat?
Erosoa izan da oso. Azkenean, Bertsozale Elkartean jende asko dabil lanean: soldatapean talde handi bat, eta borondatez zer esanik ez. Niri tokatu zait aurpegia ematea, baina babestuta sentitu naiz beti. Argi dago bakarrik ezingo nukeela ezer egin, eta ez dudala egin, gainera. Talde handi hori aldatuz joaten da.

Bertsozale Elkartea, kanpotik, eredugarritzat hartu izan da, funtzionatzeko eragatik, lan filosofiagatik. Barrutik ere hain polita da?
Egia esanda, bai, ederra da horrela lan egitea. Bertsozale Elkartea oso kritikoa da bere lanarekin, etengabe gogoetan jarduten du. Hain zuzen, gogoeta jardunaldi mamitsu bat egin genuen orain bi udazken, eta horrek ere aldaketa batzuk ekarriko ditu hemendik aurrera begira. Justu, aurten asmoa daukagu gogoeta handi bat egiteko lan funtzionamenduaz eta egituratzeari buruz. Kanpotik eredugarri ikusten den hori ere, etengabe zorrozten joaten gara elkartean. Horrek berak laguntzen digu ondo funtzionatzen, eta, bestela, aldatzen.

Zein da balio onena, zure ustez?
Nahiz eta egituratuta egon bertsozale elkartea –herrialdeka, eta horien txapela modura Euskal Herrikoa–, barruan beste lantalde pila bat daude, eta bakoitzak borondatez gehien interesatzen zaion arloetan aportatzen du: transmisioan, bertso eskoletan, sustapenean… Egitura horretatik kanpora ere, bertsolaritza eta bertsozaletasuna, bereziki, oso errotuta dago Euskal Herrian, eta jende askori asko gustatzen zaio hor aportatzea. Uste dut asmatzen dugula horri denari etekina ateratzen, eta horrek ematen dio balio positiboa lana egiteko gure moduari.

«Elkartea oso kritikoa da bere lanarekin, etengabe gogoetan ari da. Hain zuzen, horrek aldaketa batzuk ekarriko ditu»
«Bertsolaritzak emandako belaunaldi askotako lagunekin eta elkartean sortutako harremanekin geratzen naiz»

Zer zaporerekin geratu zara urte hauetan egindako lanarekin? Zer ekarpen baloratuko zenuke ondoen?
Gehien nabarmenduko nuke transmisioan egiten ari garen lana, bereziki hezkuntza arautuan. Bertsozale elkartearen helburua bertso eskoletan bertsolari, gai jartzaile, epaile eta bertsozale berriak sortzea da, noski, baina hezkuntza arautuan Gipuzkoan ia ikastetxe guztietara iristen gara. Adin bateko ume guztiei aukera ematen diegu bertsolaritza zer den ezagutzeko behintzat. Horrek ekarpena egiten dio bertsozale elkarteari eta bertsozaletasunari, eta baita euskalgintzari eta euskaltzaletasunari berari ere.

Zein da ekarri hori?
Ume horiei denei ematen diegu aukera euskararekin bakarrik egin dezaketen gauza bat egiteko: bertsolaritzarekin eta hizkuntzarekin jolastu. Urte asko daramagu transmisioko proiektuarekin, eta gora eta gora joan da. Egia esan, oso ondo baloratzen dute ikastetxeetan eta udaletan. Bereziki, etxetik euskara eta bertsozaletasuna jasotzen ez duten umeei aukera hori ematea izugarria iruditzen zait, ekarpen handia.

Orain, zertan jarri nahi duzu alea?
Behar den horretan. Oraingoz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan jarraituko dut. Lehendakari izan naizenean ere borondatezko lana da hori, eta kide izaten jarraituko dut. Aparte, nire arloa gai jartzailetza izanda, horretan jarraituko dut. Ez dakit zenbateraino, txapelketaz txapelketa ikusiko dugu zer lan egokitzen zaidan. Plazaz plaza ere, momentuaren arabera eta gogoaren arabera, baina jarraituko dut, Eskolartekoan edo behar denetan. Hortik aparte, bertsozale bezala, herrian edo inguruan tokatzen den horretan nire aletxoa jartzen saiatuko naiz. Zaldibian, alde horretatik, ez dago arazorik. Ondo antolatuta dago eta saio asko egiten da.

Gai jartzen eta aurkezle lanetan bilakaera izango zen 1999tik.
Bai. 1999an Herriartekoan Zaldibiako taldeko gai jartzaile gisa hasi nintzen, herritik kanpora. Ordurako herrian jada eginda nengoen, 1993an. Gero oso azkar joan ziren gauzak; 1999an bertan Herriarteko finala aurkeztu nuen, eta handik bi urtera Euskal Herriko finala. Nahi gabe bezala etorri ziren gauzak, eta oso gustura hartu nituen.

Gaiak jartzea bera asko aldatu da?
Bai. Gai jartzailetzan arlo asko daude: batetik sormena, bestetik taldeko lana. Sormena banakakoa da, gero taldean kontrastatzen da. Funtzionamendu aldetik aldaketarik handiena teknologikoa izan da, bileretan eta lana egiteko moduetan asko aldatu dizkigu gauzak. Gaia jartzeko moduari dagokionez, bilakaera orokor bat badago Bertsozale Elkartean, plazan eta txapelketan ere bai. Egokitzen joan izan gara, talde bezala eta banaka. Orain dela 20 urteko gaiak eta oraingoak ez dira berdinak.

Bide horretan, zerekin geratzen zara?
Bertsozale Elkarteak eta bertsolaritzak, oro har, eman dizkidaten lagunekin eta harremanekin geratzen naiz; bai gai jartzaile taldean, bai zuzendaritzan… Aukera izan dut belaunaldi askotako jendearekin aritzeko; batzarrean Imanol Lazkanorekin egon nintzen, gai jartzaile taldean Laxaro Azkune, Inaxio Usarralde… lehengo belaunaldi bat izan litekeena. Orain, nire atzetik etorri diren gazte mordo bat eta Eskolartekoan ezagututako bertsolari gazte pilo bat daude. Jende askorekin harreman oso estua egin dut, eta Elkarteak eman didan balio onena horixe da: harremanak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>