Biokonposatuak, helburu eta lehengai
Aitzol Telleria eta Aritz Iturriotz, Axalko koadroa eskuan, bost ardatzetako makina ondoan dutela. / Iñaki Gurrutxaga
Zeraingo Txirbil kooperatibak urteak daramatza ohiko arotzeria eta egur lanak biokonposatu berritzaileen sorkuntzarekin uztartzen landa eremuko proiektu aitzindariak babesten dituen Leader laguntzei esker.
Landa-eremuetako ekonomia sustatzeko, enplegua sortzeko eta herri txikietako bizi-kalitatea hobetzeko Leader diru-laguntzak babes handiko zaizkio Zeraingo Txirbil aroztegiari zuraren eta landare-zuntz naturalen bidez sortutako material biokonposatuen –biokonposite– garapenean sakontzeko. Liaison entre actions de développement de l’économie rurale (Landa-ekonomiaren garapen-jardueren arteko harremanak) programaren akronimoa da Leader, eta Euskal Autonomia Erkidegoan Mendinet erakundeak kudeatzen du. Goimen Goierriko landa garapen elkartea bidelagun izaten da laguntza horiek eskatzeko prozesuan. Aurtengo deialdia zabalik dago maiatzaren 18ra arte.
Andoitz eta Aitzol Telleria anaia segurarrek eta Aritz Iturriotz legorretarrak sortu zuten orain bi hamarkada Txirbil kooperatiba –Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien sariketa irabazi zuten orduan pelletari lotutako proiektu batekin–, eta Aitzol Fernandez Arrizabalaga gasteiztarra batu zitzaien gero Axalko markako zurezko koadrodun bizikleta merkaturatze aurrean, 2017an. Zeraingo Urkullueta auzoan dute aroztegia, basoan, Larraondoko zerrategi hidraulikotik gertu.
Biokonposatuen karakterizazioa
Pelletaren edo biomasaren proiektua Muxikan (Bizkaia) garatu zen, eta behin han ibilita, bizikletan koadroen proiektuari ekin zioten. Egur mota diferenteak zuntz natural ezberdinekin konbinatzen hasi ziren, eta hortik etorri ziren Txirbilen marka komertzial bihurtu den Axalko izeneko koadro arin eta erresistenteak.
Biokonposatuak jatorri naturaleko materialez osatutako konposatuak dira. Egurra, landare-zuntzak eta bio-erretxinak uztartzen dituzte Txirbilen, metal tekniko askoren –aluminioa, esaterako– pareko erresistentzia duten material oso arinak, birziklagarriak eta konpostagarriak sortuz.
Txirbilek T-Zuntz teknologia garatuz egiten ditu bizikleta koadroak –partida batzuk eginda izaten dituzte–. Landare-zuntzak norabide zehatzetan orientatuz eta konbinatuz garatutako teknologia aitzindaria da. ABC (Advanced BioComposites) da Zeraingo aroztegian sortutako I+G proiektua. Teknologia horren bidez garatutako biokonposatuek aluminioa bezalako metalen erresistentzia mekanikoaren parekoa dute, baina heren bat baino gutxiago pisatzen dute. Karbono-aztarna, gainera, oso txikia da. ORHI+ Mugaz gaindiko ekonomia zirkularreko Europar proiektuan ere parte hartzen dute.
Aluminioaren eta karbono-zuntzaren ezaugarri mekanikoak karakterizatuta daude dagoeneko, eta Txirbilekoek biokonposatuak karakterizatzen dituzte egur eta zuntz natural ezberdinak erabiliz. Test mekanikoen multzoa da karakterizazioa egitea, trakzioa, malgutasuna, zurruntasuna eta dentsitatea neurtuz, materialen arteko konparaketa objektiboa egiteko. Leartiker zentro teknologikoaren laborategietan egin dituzte karakterizazioak, eta haien usteak berretsi ditu emaitzak. Propietate mekanikoetan metala gainditzen dute Txirbilen biokonposatuek: aluminioa baino hiru aldiz erresistenteagoak dira.
Merkatu berrien aukera
Gaur-gaurkoz, eraikuntzarako eta erreformetarako ohiko arotzeri lanak –leihoak, eskailerak…– dituzte diru-iturri, baina era berean bestelako sektore batzuetan merkatua bilatzeko aukera ere ikusten dute. Europak –eta Mendebaldeak, oro har– erronka geo-estrategiko handiak ditu (energia kontsumoa, lehengaien hornidura eta deskarbonizazioa), eta biokonposatuek potentzial handia duela uste dute. Txirbilekoek 6 mm-ko lodierako eta 24 mm-ko zabaleko probeten bidez erregistro esperimentala egina dute.
Biokonposatuen karakterizazio ezberdin asko eginak izateak balio erantsia ematen die Txirbili, aplikazio jakinen bat egiteko eskatzen dietenean nondik hasi jakiteko. Dentsitate, erresistentzia eta zurruntasun aldetik ezaugarri ezberdineko biokonposatuak dituzte lortuak, prestazio diferenteak ematen dituztenak.
Automozioaren arloan, autobusentzako panelek prototipo bat garatua dute, eta energiaren sektoretik –eolikoen palak egiteko– eta aeronautikatik –metala eta karbono-zuntza erabili ohi izan dute– biokonposatuekiko interesa azaltzeak merkatu berriak zabal diezazkieke. Txikiak izanda, kontziente dira ezin dutela produkzioan indarra jarri, baina argi dute bezeroen beharretara egokitutako biomaterialen formulazio sorta bat egin dezaketela eta produktuen garapenean eta industriaren kultura-aldaketan lagun dezaketela. ■
