«Plazera da ilunabarra edo egunsentia ikustea konpainia onean»
Biologiako gradua eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin ondoren, Goierri Eskolan batxilergoko irakasle ari da Intza Urrestarazu Agirre (Ordizia, 2002). Bere bizitza osoan mendia oso presente izan du. «Familian beti asko bultzatu gaituzte mendira joatera: Pirinioetara askotan joaten ginen, eta etxe inguruko mendiak ere oso ezagunak zaizkit». Atletismoan ere urte asko igaro zituen. «Asko gustatzen zitzaidan korrika egitea eta lehiatzea, baina ikastola amaitu ostean konturatu nintzen mendira joanez gehiago disfrutatzen nuela. Mendian beste askatasun eta lasaitasun sentsazio bat aurkitu nuen». Horrez gain bere ahizpa Lide ere mendi lasterketetan ibiltzen da; «berak animatu ninduen nire lehen lasterketan parte hartzera eta asko engantxatu nau. Gaur egun, entrenamenduak zein lasterketak asko disfrutatzen ditut, eta mendiak ematen duen giroa eta komunitatea ere asko baloratzen ditut». Aurten, helburu bezala, Goierriko mendi lasterketak ezagutzea jarri du, «eta, noski, lasterketa bakoitzean nire onena ematea eta disfrutatzea». Oraingoz lasterketa motzak egiten baditu ere, irailean egingo du Gorbeia-Suzien, 21 kilometroko lasterketa, «orain arte egin dudan luzeena».
Mendi bat.
Balerdi.
Mendi lasterketa bat.
Axari. Lasterketa oso polita da, eta herrian zein mendian sortzen den giroa paregabea izan ohi da.
Zein zaletasun dituzu?
Mendira joatea, konpainian naiz bakarrik. Irakurtzea, leku berriak ezagutzea eta argazkiak ateratzea ere asko gustatzen zait. Azken aldian, bizikletan ibiltzeari ere hartu diot zaletasuna.
Pelikula edo telesail bat.
Interestellar.
Liburu bat.
El bosque de los pigmeos, Isabel Allende.
Musika talde edo abeslari bat.
Berri Txarrak.
Abesti bat.
Dont worry, SOJA.
Oporretarako leku bat.
Mendi planean, Pirinioetako edozein txoko. Bestela, Costa Brava.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta, ogi txigortua ahuakatearekin eta kafea olo esnearekin.
Kolore bat.
Morea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Mexikon Erasmusen egon nintzenean, Puerto Escondidora egindako bidaia zoragarria izan zen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ni eta nire ingurua islatzen duen argazki bilduma bat.
Amets bat.
Liburu bat idaztea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Ilunabarra edo egunsentia ikustea konpainia onean.
Goierriko txoko bat.
Murumendi, etxe ondoan.
Ordizian biziko ez bazina…
Araman edo Gaintzan, herri txikiren batean. ■

