Kangunen txakurrak eta pertsonak hezten
Txakurrak gizakiaren lagun hoberenak direla esaten da. Gaur egun, ohikoa da egunerokotasunean pertsonekin ikustea. Horrek, ordea, arazo batzuk ere sortzen ditu, eta konponbidea ematen saiatzen dira Kangunen.
Goierriko mendien magalean, txakurren ongizatea eta heziketa uztartzen dituen espazio berezi bat dago: Kangune. Beasaingo Arriaran auzoan kokatua, txakurren heziketa gunea eta hotela da. Baina hori baino gehiago badela gehitu du Xabier Arrese arduradunak: gizakien eta txakurren arteko harremana ulertzeko eta lantzeko filosofia propio bat duen egitasmoa da.
Zortzi urteko ibilbidea du, eta erreferente bihurtu da Gipuzkoan, bai eskaintzen duen heziketa pertsonalizatuagatik, baita oporretan zein egunerokoan txakurrentzat eskaintzen duen zaintza zerbitzuagatik ere. Arrese hezitzailearen gidaritzapean, «txakurra ez ezik, jabea ere hezten» dute Kangune zentroan. «Komunikazioa, konfiantza eta eguneroko ohiturak lantzea da helburua».
Natur ingurune lasai batean kokatuta, Kangunek txakurrentzat hotel zerbitzua eskaintzen du, jabeek euren animaliak konfiantzaz utz ditzaten. Instalazio zabalek eta taldearen arreta pertsonalizatuak azal dezakete bezeroen balorazio altua eta ahoz aho lortutako ospea.
Heziketa, zaintza eta animaliekiko errespetua uztartuta, Kangune gaur egun txakurrei eskainitako espazio «integrala» da, Arresek dioenez. Filosofia hori udalerri ezberdinetako Txakur Eredugarri Programa ekimenetan ere islatu da.
Hotela eta hezkuntza
Aste osoan zehar eskaintzen dituzte heziketa saioak, taldeka zein bakarka. Klaseak txakur bakoitzaren beharren arabera moldatzen dituzte: «Pertsona bakoitzak arazo, helburu edo txakur mota desberdina dauka», dio Arresek. Aitana Geretak ere han lan egiten, eta hezitzaile profesionala da.
Arriarango hotelean 16 txakurrentzako lekua daukate. Arreseren filosofiaren arabera, ez ditu logela berean bi txakur elkartzen. Salbuespen bezala, etxe bereko bi animalia «ezagun» badira, orduan bai, logela berean eduki ditzakeela dio. Txakur bakoitzak 9 metro koadroko gela duela azaldu du Kanguneko jabeak. Gainera, hiru partzelatan banatutako 7.000 metro koadroko eremua dauka inguruan, eta bertara txakurrak egunean hiru aldiz ateratzen dituzte.
Kanguneren lan egiteko modua, astez aste ariketak proposatzean datza. Hezitzaileek saioetan azalpenak eman, eta jabeek etxean lantzen dituzte ariketak hurrengo saiora arte. Hezitzaileak azpimarratu du: «Niri ez zait gustatzen txakurra hemen utzi, nik hezi eta gero jabeari opari moduan itzultzea». Horrek, gainera, «baliorik» ez daukala berretsi du: «Guk jabeari txakurrarekin harremana estutzen erakusten diogu».
Txakur eredugarrien programa
Herri askotako udalekin egin dituzte txakur hezte ekimenak, hala nola Beasainen, Lazkaon, Zaldibian, Legazpin, Iruran eta Tolosan; eta beste udal batzuekin ere harremanetan daude. Helburua herriguneetan txakurren sozializazio egokia sustatzea da, gero eta handiagoa den txakur kopuruari erantzun egokia emateko.
Azken urteetan txakurren kopurua eta presentzia asko handitu dela eta, horrek zenbait kasutan «kontrol falta handiagoa» ekarri duela azaldu du Arresek.
Bestalde, sozializazio kontzeptuaren esanahia ere «askotan gaizki ulertu» dela dio, batez ere sare sozialen eraginez. «Askok uste dute txakurrek beste txakur bat ikusten duten bakoitzean jolastu egin behar dutela, baina hori ez da errealista, bereziki herriguneetan». Horregatik, sozializazioari «benetako zentzua» ematen saiatzen dira, txakurrak modu kontrolatuan hezita, bai animalien ongizaterako, bai elkarbizitza egokia bermatzeko.
Adoptatu ala erosi
Txakurren heziketa eta hazkuntza urte askoan «kontrola galduta» egon dela dio Arresek: «Gero eta enpresa gehiagok egin dute negozioa txakurkumeekin, txakur emeak etengabe ugaltzera behartuz. Hori moztu beharra zegoen». Bere iritziz, txakurrak dituztenengandik ateratzen den dirua babeslekuetako animalietara bideratu beharko litzateke. Hala ere, ohartarazi du babeslekuetan dauden txakur guztiak ez direla edozein pertsonarentzako «egokiak», eta horrek «ardura eta prestakuntza» eskatzen dituela. «Administrazioek heziketa selektiboa eta adopzio arduratsua bermatu beharko lituzkete». ■
Xabi Arrese Vitoria, txakur hezitzailea: «Kangunek disfrutatzen dudan lana eginez bizimodu bat eman dit»
Txakurrak txikitatik gustatu izan zaizkio Xabier Arreseri (Beasain, 1978). Beti eduki nahi izaten zuen txakur bat, baina inoiz ez zen momentua heltzen, etxea beste norbaitekin partekatzen zuelako. Optika ikasi zuen, eta arlo horretan lan egin zuen. Orduan, Kantabrian bizi izan zen urte batzuetan bakarrik, eta txakur bat edukitzeko bere momentua zela ikusi zuen. Bulldog ingeles bat beti eduki nahi izan zuen, eta haren bila joan zen.
Nondik datorkizu txakurrenganako zaletasuna?
Txakurrekiko orain dudan zaletasuna anaiarengatik da. Txakur bat nahi nuela jakin zuenean, oinarrizko heziketako kurtso bat oparitu zidalako. Horretan hasi nintzenean gustatu egin zitzaidan. Ikasi nuenean txakur bat duzunean berarekin nola jokatu behar duzun, mundu oso polita iruditu zitzaidan. Orduan, txakurren heziketaren inguruko kurtsoak egiten hasi nintzen. Txakur heziketako profesionaltasuneko maila guztiak zaletasunagatik egin nituen. Ez neukan Kangune sortzea pentsatuta ere.
Kangune zer da zuretzako?
Duela zortzi urte ireki genuen Kangune, eta bizimodu bat eman dit. Ni hemen bertan bizi naiz, momentu oro lotuta zauden lan bat delako. Gainera, jende guztiak oporrak eta jai egunak dituenean hemengo lana handitu egiten da. Aitanaren laguntza ere badaukat, klaseekin laguntzeko.
Txakurren heziketari buruz, zenbat ikastaro egin dituzu?
ANACP (gaztelaniazko Asociacion Nacional de Adiestradores Caninos Profesionalesen akronimoa) estatu mailan erreferentziazko elkarteetako bat da. Horrek ikastaroak eskaintzen ditu, baina Eusko Jaurlaritzak homologatu behar ditu. Txakur hezitzaile izateko hainbat maila daude. Lehenengoa oinarrizko hezitzailearena da; bigarrena jokaera aldaketa teknikoarena, portaera konplexuagoak dituzten txakurrekin lan egiteko; eta hirugarrena babes zibilerako txakurren instruktorearena, defentsa eta kontrol lanetara bideratuta. Azkenik, espezializazio ezberdinak daude; erreskate lanak, substantzien detekzioa, eta bestelako arlo espezifikoak lantzen dira.
Gizarteak ba al du zer hobetu txakurrei dagokionez?
Bai, badauka. Adibidez, bizi guztian ezagutu dugu ospakizunetan petardoak eta suziriak botatzea. Alde batetik, ulertzen dut ohitura bat dela, baina jendeari enpatia pixka bat eskatu nahiko nioke. Txakurren kopurua izugarri biderkatu da, eta gu izan gara, neurri batean, txakurrak gizartean erabat integratu ditugunak. Horregatik, uste dut garrantzitsua dela kontuan hartzea nola eragiten dien zenbait egoerak. ■


