Herriaren bultzadaz, gailurrera
2002an egin zen I. Zegama-Aizkorri maratoia. Mende laurdena betetzen du aurten. Gerora txertatu zuten Junior Traila, eta ondoren Kilometro Bertikala. Zegamaren izena eta izana gorenera eraman dute lanean aritu diren boluntarioek.
Mende erdia beteko du Zegama-Aizkorri mendi maratoiak aurten. 25 urteotan, lasterketa horrek hartu duen sona handia den arren, hasierako izaerari eutsi dio: herritik sortua izan zen herritarren antolakuntzari esker, eta herriari lotutako filosofia horri heltzen dio egun ere. Zegama munduko mapan kokatzea lortu dute maratoiaren bidez, eta boluntariotzak herritarren arteko saretzea ekarri du.
Alberto Aierbe (Zegama, 1957) izan zen Aizkorrin mendi lasterketa bat egiteko aurreneko ideia bota zuena. 1990eko hamarkadako azken urteetan, Zegamako biztanlerian beherakada gertatzen ari zen, etxebizitzarik ez zegoen eta inguruko herrietara mugitzen hasiak ziren orduko gazteak. Juan Inazio Galdos alkate zela, Zegamako industrialdea eta etxebizitza bloke dezente eraiki ziren. Horrek ordura arteko inertzia aldatzea eragin zuen, eta inboluzio bat eman zen. «Herria puntu horretan zegoen», azaldu du Aierbek. Galdosi Aizkorriko Lagunen Eguna egitea bururatu zitzaion, eta Amezti Mendi Elkartera jo zuen. Bilera horretan bota zuen ideia aurreneko aldiz Aierbek. Bileratik irtetean, Julian Beloki elkartekidea gerturatu zitzaion ideia interesgarria zela esateko, eta horrek «pizgarri bat» eman zion Aierberi: «Akordatzen naiz hurrengo egunean etxean Espainiako Mapa Topografikoa hartu, Aizkorri hartu eta trazatu bat egin nuela».
2001a iritsi zen, eta uztaileko lehen igandean Aizkorriko Lagunen Eguna egin zen. Berriro inguratu zitzaion Beloki Aierberi: «’Hemen badago zuk esaten duzuna egin beharko litzatekeela esaten duen bat…’ eta Antxon Bandres zen, Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izana». Maratoi bat egin beharko litzatekeela esan zion Bandresek Aierberi, eta Aierbek erantzun zion bazuela trazatu bat jada egina. «Ez zen maratoiko distantzia, eta ez zen Aizkorritik pasatzen, Santi Espiritutik eta kanaletik gora Aketegiko puntara joaten zen», azaldu du Aierbek, Zegamako eliza paretik kanala seinalatuta.
2001eko uztaila zen, eta irailean Goyo Larrañaga Euskal Mendi Federazioko mendi lasterketetako zuzendariarekin bilera egin zuten: «Mendira joan ginen eta maratoi distantzian ibilbidea egokitu genuen. Hori izan zen hasiera».
San Fermin egunean, lehena
«Prozesu bat» izan zen bultzatzaile nagusiaren hitzetan. Ibilbidea osatuta, udalarekin hitz egin zuten, antolakuntza taldea osatu zuten, eta boluntario taldeak bilatzen hasi ziren. Hasieratik interesa agertu zuten herritarrek: «%99a baiezkoa izan zen, herri osoa prest laguntzeko». 2002ko San Fermin egunean, uztailaren 7an egin zen I. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, uztaileko lehen igandean egiten den Aizkorriko Lagunen Egunarekin bat.
Eta ez du etenik izan maratoiaren ibilbideak harrezkeroztik. Izan ere, bigarren urtean jada, 2003an, Espainiako Kopako zirkuituan sartu zuten proba, estatu osoko korrikalarien parte hartzearekin; eta hirugarrenean, 2004an, Munduko Kopako Buff Sky Runners World Serieetan sartu zuten: «Munduko Kopa horretako zuzendari Alberto Balcellsek deitu zidan esanez korrika egin zuela Zegaman bigarren urte hartan, eta Munduko Kopan sartzea nahi zuela, guk egiten genuena egin behar genuela, gainontzekoa haiek egingo zutela».
2004. urteko ediziorako, hala, uztailetik maiatzera pasatu zuten proba, zirkuituko lehena izango zelako. Udaberrian egin dute harrezkero, urte bakarrean izan ezik, Aierbek azaldu bezala: «2007an izan zen udaberrian egin ez genuen edizio bakarra, zirkuituko azken proba bezala, irailean egin baikenuen; puntuazio bikoitza zuen eta zirkuituari eskatu genion. Baina azkena izanda, sailkapen orokorra oso markatuta egoten da azken karrerarako eta Santi Espiritun askok utzi egiten zuten. Orduan esan genuen lehena eta azkena, gu udaberrira».
2018. urtean Salomonek Golden Trail World Series zirkuitua sortu zuen, eta Zegama-Aizkorri hara batu zen. Zirkuitu horretako lehen proba izaten da Zegamakoa.
Boluntario eta antolatzaileak Ricardo Mejia mexikarrarekin 2006an –urte hartako irabazlea izan zen–, eta atzean Aizkorri.
Zegamarren harrotasuna
Hasieratik goranzko eboluzioa izan du Zegama-Aizkorrik. Arrazoia argi dauka Aierbek: «Guk, euskaldunok, mendia barruan daukagu, harreman handia daukagu mendiarekin, galtzen doan arren. Kulturalki mendia eta kirola barruan daramatzagu». Lotura hori jada bigarren urtean Santi Espiritun eta Aizkorriko gainean nabari zela dio Aierbek. Horrek egiten du erakargarri eta arrakastatsu proba, haren ustez.
Goranzko joera horrek ez du muina aldatu, hasierako izateko eraren filosofia mantentzen baitu, eta egiteko beste modu bat dagoela erakutsi: «Guk ez dugu eboluzio bat egin profesionalizaziora. Ez dugu enpresa bat sortu. Guk arima hori mantendu nahi dugu: herri txikia, mendia… Eta horri eusten ari gara». Izan dituzte proposamenak, galdegin diete zergatik ez duten kopurua handitzen… Baina hori ere argi dute: «Zegamako herri txiki batean 500ekin sortzen zaigunarekin, imajinatu gehiagorekin. Logistika aldetik ere kontuan hartu behar da. 500, eta kitto, hemendik ez gara pasatuko». Aurten salbuespen txiki bat egin dute urteurrena dela eta: 25 dortsaleko gehigarri bat jarri dute, eta 10 urte baino gehiago apuntatzen daramaten eta tokatu ez zaienen artean zozketa egin dute.
Mendi lasterketen mundua ezagutu edo ez, gustatu edo ez, zegamarrak batzen ditu ekimenak. 1.500 biztanleko herria txiki geratzen da maratoiaren asteburuan, baina zegamarrentzat «harro sentitzeko zerbait» da, Aierberen esanetan: «Gazte ginenean, gure Euskal Herrian politika tarteko konfrontazioak zeuden; bada, honek batu egiten gaitu herritarrok». Ekimenak herritarrei batasun sentimendu bat eman die, bere iritziz, eta Zegama «munduan kokatu» du: «Mediatikoki duen oihartzuna ukaezina da».
Maratoiarekin hasi zen dena, eta gerora beste bi lasterketak osatu dute ekimena. 2012an antolatu zuten lehen aldiz Zegama-Aizkorri Junior Traila, eta 2015ean Kilometro Bertikala. Denak ardatz beraren bueltan mugitzen dira antolakuntza aldetik, ezinezkoa litzateke ardatz horiek gabe: herria eta herritarrak.
Problematika berriak
Maialen Arizkorreta (Zegama, 1989) 18 urte bete zituenean hasi zen boluntario. Azaldu duenez, 2002an aurreikusten ez ziren arazo batzuk sortu ziren urtetik urte, eta profil ezberdinak behar izan dituzte horiei erantzuteko: «Espero ez ziren problematikak sortu ziren, jendea kanpotik zetorren eta ingelesez zekien jendea behar zen». Antolakuntza taldean, berriz, 2015ean hasi zen. Azken 10 urteotan «izugarrizko saltoa» ikusi du, batez ere pandemia ondorenetik: «Covid-aren geroko urte horietatik izugarria izaten ari da. Euskal Herrian bizi guztian egin da kirola, gustatu zaigu, mendikoak hasi zirenetik ere ikusle maila oso altua dauka. Baina boom hori pandemiaren ondoren beste esparru batzuetara zabaldu da».
Hazkunde horren ondorioz, lehen hizkuntzena izan zitezkeen bezala, egun beste arazo batzuk sortzen zaizkie; horrenbeste urteren ondoren lasterketa «nolabait kontrolpean» izanda, logistikari lotutakoak aipatu ditu Arizkorretak: «Saturatu egiten zaigu herria. Sortzen ari zaizkigu geroz eta gehiago lasterketaren inguruko problematikak: jendea kotxez etorri, ezin aparkatu, ezin herrira sartu… lasterketa dominatuta daukagun eran, beste problematika batzuk dauzkagu lasterketaren bueltan sortzen direnak».
Gazteen konpromisoa
Arizkorretaren ustez, Zegama-Aizkorriko asteburuak «gauza txar asko ekartzen ditu eguneroko bizimodua egin nahi dutenentzat», baina baditu goraipatzekoak diren hainbat aspektu ere. Green Trail Concept Project proiektua aipatu du ekarpenetako bat azaltzeko. Kirol ekitaldien gobernantza hobetzeko egiten du lan proiektuak: «Lehengo urtean hasi ginen Kilian Jornet Foundationek bultzatzen duen proiektu hori lortzeko lanean, eta ez da bakarrik ekologikoari begirako gauza bat, sozialki eta ekonomikoari begirako gauzak ere hartzen dira kontuan. Galderatako bat da: ‘boluntarioetan, arrazari begiratzen zaio?’». Harriduraz, erantzuna argi dauka: «Guri nongoa den edo zer pentsaera duen bost axola, egun horietan laguntzeko prest badago denak batzen gara».
Heldu eta gazte, denak batzen dira helburu komun baten bueltan. Junior lasterketan boluntario guztiak Zegamako Gaztelekuko 16 eta 18 urte bitarteko gazteak dira. Egun, boluntariotza geroz eta zailagoa denean, ezaugarri horri balioa eman dio antolatzaileak; alegia, gazteek konpromisoa erakusteari: «Musu-truk egite hori ez da horren gustagarria… eta gazte horiek ikustea haien ardurak hartzen, haien lanak zerbaiterako balio duela ikusteak, eredu eta balore horiek 15-16-17 urte arteko gazteek beren gain hartzea, herriari eman diezaiokegun gauzarik interesgarrienetakoa da niretzat».
Aukerak zabaltzen
Maratoiak Zegama bera mapan kokatu du mundu osoan mendi lasterketekiko interesa duen ororen artean. Zegamaz harago, eskualdeari ere ekarpen handia egin dio. Goierriko Goitur turismo agentziako zuzendari Niko Osinaldek (Ormaiztegi, 1969) gogoan du nola hasi zen Zegama-Aizkorriren eta Goiturren arteko harremana: «Alberto Aierbe parke naturaleko basozaina zela etorri zen ideia zuela esanez. Berehala ikusi genuen natura eta kirola uztartzeko elementu bat izan zitekeela». 2002an Zumalakarregi eta Zerain ziren Goierriko turismoaren jomuga, parke naturalekin eta ibilbide batzuekin batera: «Zegama-Aizkorri laguntza izan da guretzat; guk laguntza eman diogu antolakuntzari, baina garbi dago Goierri saltzeko garrantzitsua izan dela. Goierri eskualdearentzat nazioartekotze prozesuan elementu garrantzitsuenetako bat izan da».
Sorrerako arimari helduta, asteburu borobila espero dute beste behin Zegaman hurrengo asteburuan. ■
Zegamaren bidez, Goierri mundura
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren inguruan natura turismoari lotutako hainbat elementu saldu ditu Goiturrek urte hauetan: Aralar Parke Naturala, Bide Berdea, Zegaman dagoen Euskal Herriko Trail Gunea edota orientazio jokoak. Niko Osinalderen hitzetan, «nitxo konkretu bat» erakartzen du maratoiko asteburuak, baina horrek ahalbidetzen du Goierri «non dagoen» eta «zer gauza gehiago dauden» zabaltzea. «Konturatzen gara egun horietan etortzen diren batzuek erabakitzen dutela haien oporraldietan Goierrira etortzea». Bisitari nitxo hori, gainera, «fidelizatzeko dagoen onenetakoa» da Osinalderen arabera. «Korrikalariez gain, haiekin datozenak eskertza modura gero bueltatu egiten dira».
Goierriko herriak, paisaiak edo museoak saltzeaz gain, «goierritartasun hori, izaera hori» saltzeko modu bat ere bada Zegama: «Nola egiten dugun auzolana. Harritu egiten dira horren atzean marka handi bat ez egotearekin, antolakuntza boluntarioak direla, atzean enpresarik ez dagoela». Horregatik, «lana beste modu batera egitea posible dela eta izateko modu bat dagoela erakusteko» aukera ematen die. «Kataluniako eskualde batzuetatik, Extremaduratik eta Andaluziatik etorri dira gurekin biltzera, Kanariar Irletatik ere bai, nola antolatzen den eta promozioa nola egiten den ezagutzera. Horretan aitzindari izan gara», azaldu du Goiturreko zuzendariak.
Jose Antonio de Pablo ‘Depa’ speakerra gidari dela, Zegama-Aizkorri barrutik ezagutu eta Goierri ezagutzera emateko bideoak egin dituzte azken urteetan agentziarekin elkarlanean, DepaRunner YouTube kanalean ikusgai jartzen direnak. Aurten hiru eguneko grabazioa egin dute, gastronomiaren inguruan: «Ordiziako Azoka, sukaldariak, ekoizleak… eskualdea beste era batera erakusteko aprobetxatzen dugu». ■



